Maider IANTZI
51. DURANGOKO AZOKA

Ez da oasia, baizik eta ilusioa

Zimiko bat sumatzen da sabelean jendetza euskal kulturaz gozatzen ikusita. Duela 51 urte sortu zenean Azoka zer izanen zen irudikatu, eta gaur zer den frogatuta. Jakina da badela etortzen ez den mundu bat, interesik ez duena. Halere, ederra da zimikoa, batez ere jende hori ere erakartzeko aukera zabalik dugulako.

Ilusio bat da Durango; bost eguneko oporrak hartu, eta nahi dugun bizimodua egiten dugunean bezala, badakigu urteko gainontzeko egunetan ez garela horrela egonen, baina laburra izan arren, bada, bizitzen ari gara. Gure bizimoduaren parte da hori ere. Ilusio bat da Durango; oraintxe euskal musikaz elikatzen ari diren adin guztietako pertsonak, liburuetako orrietan galtzen ari direnak, sinadura bat eskuratzeko ordubeteko ilaran zain egoteko pazientzia dutenak, horiek guztiak urte osoan bidelagun izateko erronka jartzen diolako euskal kulturari parez pare. Urtean behingo lagun harremana, laburra, urte osoan zaintzea litzateke gakoa.

Ilusio bat da Durango, oraingoz interesik ez duen mundua ere, Euskal Herrian bizi arren euskal kulturak erakartzen ez duena, ekartzeko aukerak zabalik dituelako. Angelita eta Garbiñe ondarroarrek, Azokaren ibilbide osoaren testigu izan direnek, urtero fin-fin bertan, badute itxaropena eta irrika: «Haiek nahi baino lehenago, guk nahi baino nekezago, lortuko dugu euskal mundura hurbiltzea», diote ondarroarrez, itsasoko kresalak ematen dien grazia eta indarraz.

Bizi-bizi ernatu da igandea, bisitariek aupatzen dute Azoka alde guztietatik. Eta jendeari zita honetara inoiz etorri ez direnak erakartzeko zer egin galdezka gabiltzala, hemen berriak diren dezenterekin egin dugu topo.

Transmitituz

Berrietako bat da Felipe iruindarra. «Aspalditik etorri nahi nuen eta azkenean lortu dut», dio, hainbertze eskaintzaren artean oraindik «galdu samar». Ahotseneko karpa txuriaren atarian ikusi dugu familiarekin batera, iritsi berri. Guda Dantzakoak “Labarraren ertzean” diskoa aurkezten ari dira. Publiko handia dute, adin guztietakoa eta animatua gainera.

Euskal Herrian bizi diren bi munduei buruz solasean (bat euskararena eta bertzea honi bizkarra emanda bizi dena) aski hurbileko kasua aipatu du Iruñeko bisitariak; bere bi arrebena. «Ez dira sekula izan Azokan, euskaratik erabat aparte bizi dira. Ez dakite euskaraz».

Ez dituzu konbentzitzen?, galdetu diogu euskaraz mintzo den Feliperi, eta ezkor azaldu da: «Gutxi egin dezakegu». Itxaropen handirik agertu ez arren, ondoan dituen bi txikiei euskararen mundua transmititzen dabil.

Lagunek animatuta etorri da Garbiñe. Arantza, Itsaso, Josebiñe eta Anerekin ikusi dugu Landakon barna, jende olatuen artean surfeatzen. Gustura dabil Hendaia eta Zugarramurdiko gaztetxo kuadrilla. Poltsak erosketaz beteta dituzte eta «O! Vendetta!» egin dute oihu beren doinuak aditu orduko, emozioz. Garbiñe nola konbentzitu duten jakin nahi izan dugu: «Taldeak eta kontzertuak zeudela esanez. Eta liburuak», azpimarratu du, gogoko dituela argi utziz.

Ilusioa bete zaio. Azokak ez dio hutsik egin. «Famatu gehiago espero nituen», horixe “baina” bakarra. Vendettakoak ikusi ditu soilik. Baina Gatibu eta Hesian ere hemen dabiltzala erran diote eta erne ibiliko da. Egun- pasa etorri dira. «Laster bazkaldu eta beste buelta bat emango dugu. Gero ‘topoa’ hartuko dugu Hendaiara», esplikatu digute (Bidasoa aldean «topo» deitzen baitzaio trenari). Ez dute bidaia makala: bi ordu eta erdi.

Eguraldia portatzen ari da eta, haizea zakar samar ibili arren, giro ederra dago kanpoan egoteko. Plateruenatik lagun ugari ikusten da pintxoak plateretan hartuta zelaira bidean, trago bat hartuz lasai-lasai jartzeko. Eskertzen da esertzea Azokaren zurrunbiloan. Bokadiloari kosk egitearekin batera liburu bat poltsatik ateratzen ikusi dugu bat baino gehiago, azala eta lehen orrialdeak mimoz ukitzen. Berdin diskoekin, laster beren belarrietan doinua hartuko duten hitzak irakurtzen.

Baina nola egin euskal kulturaren zale ez direnek behintzat ausiki bat egiteko? Beharbada gustatuko zaie... Felipek bezala, Ondarroako Angelitak eta Garbiñek ere ez dute erraza ikusten: «Propaganda nahikoa egiten da. Jakin badakite zer den. Etortzen ez badira ez da ezagutzen ez dutelako, interesik ez dutelako baizik». Bi emakume hauek erranen liekete giro ona sortzen dela, denboran ikusi gabeko jendearekin topo egiten dela eta sentimendu bat eragiten duela. Euskararen egoeraz ari dira.

«Gozotegi bat izan genuen eta belarria jartzen nuen beti –kontatu du Garbiñek–. Umeak euskaraz entzuteak pozten ninduen. Eta etorkinak entzuteak zer esanik ez. Goxokiren bat ere oparitzen nien!». Bere izeba bat, duela 60 urte, hilabetean behin-edo Bilbora joan eta euskaraz egiten ez zuten dendetatik atera egiten zela oroitu du. «Musturretan emateko egiten zuen. ‘Euskaraz ez badakizu, ikasi’, esateko».

Garbiñe eta Angelitaren ustez, beharrak ekarriko ditu lehenik euskarara honetatik aparte bizi direnak. «Ikasi eta gero, agian maitatzen hasiko dira».

Artisten tiradizoa

Beharra baino era goxoagoa da transmisioa, norbait kulturara atxikitzeko. Arratsaldean, Ahotseneko zuzenekoetan, transmisioaren irudia ikusi dugu. Begiz Begi gazteen ondotik ibilbide luzeko Bidaiaren emanaldia etorri da, biak Ipar Euskal Herrikoak. Kontzertu goxoa Mixel Ducau eta Caroline Phillips-en taldearena eta entzuleak lurrean eserita daude lehendabiziko lerroetan. Gaztetxo kuadrillak daude eta disfrutatzen ikusten zaie “Tiriki Trauki” abesti zaharra flamenko erara aditzen. Ondoan, aita bat, hiru seme-alaba txikiak magalean dituela.

Euskal Herritik kanpoko bisitarien arteko bat da Sara zaragozarra. Iaz etorri zen lehen aldiz, gustatu eta hemen da berriz, irriz azaldu digunez, «egutegi bila». Zerk erakarri duen? «Standez aparte, zuzenekoak egoteak, eta giroa herrian barna zabalduta egoteak ere bai». Berarekin diren Mikel, Josu eta Susanak (Mikel Zaragozan bizi da eta bertze biak Ordiziatik datoz) erantsi dute idazle eta musikariekin egon ahal izateak ere baduela tiradizoa. «‘Goazen!’ telesaileko aktoreekin ume eta gaztetxo pila bat ikusi ditugu».

Xabi Solanoren “Trikitixa liburua” eskainita erosi du familia zumaiar batek. «Egia esan, Gabonetako opari guztiak ditugu poltsetan!». Euskaraz zabaldutako urte osoko nobedade guztiak bertan daudela erranez animatuko lukete jendea.