Jon LEUNDA
Aizkora

Jon Rekondo Kopako finalerdietan izango da

Leitzar aizkolariak mendean hartu zuen Mieltxo Mindegia, ia bi minutu aterata.

Jon Rekondok irabazi zuen atzo Leitzan Urrezko Aizkorako Kopako final-laurdenetako kanporaketa. Hala, aizkolari leitzarrak abenduaren 18an jokatuko du finalerako txartela Zarautzen.

Leitzarrak Mieltxo Mindegia izan zuen aurrean, eta ia bi minutuko aldea egon zen bi aizkolarien lanaren artean. Hamabina kana-erdiko ebaki behar izan zituzten. Rekondo zen garaipena lortzeko faboritoa, eta ez zuen hutsik egin. Hasieratik jarri zen aurretik, eta ikaragarrizko aldea lortu ez baldin bazuen ere, apurka-apurka zuloa egiten joan zen, eta amaierarako garaipen erosoa lortu zuela ere esan daiteke.

Mieltxo Mindegia saiatu zen berari eusten, baina ahalegina alferrikakoa izan zen, nahiz eta aurkariari behin ere ez zion lasaiatzen utzi. Lan guztiak burutzeko, 28 minutu eta 35 segundo behar izan zituen Jon Rekondok, eta 30 minutu eta 28 segundo, berriz, Mieltxo Mindegiak.

Harri-jasotzea

Urrezko harri-jasotzaileen dema ere izan zen Leitzan bertan; hor ere final-laurdenetako norgehiagoka izan zuten eta ez zen ezusterik izan, Joseba Ostolatzak aurreikuspenak bete eta finalerdietan izateko txartela eskuratu baitzuen.

Kirolari bakoitzak 150 kiloko errektangularra, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin lan egiteko bi minutuko txanda bana izan zuten.

Ostolatzak errektangularrarekin erabaki zuen norgehiagoka. Zestoarrak guztira 10 jasoaldi eman zizkion eta Peñagarikanok, berriz, lau. Horren ondoren etorri zen kubikoa, eta horretan biek berdindu egin zuten, bakoitzak 13 aldiz berdindu baitzuen harria bizkarraren gainean.

Bola bakarrik falta zen jardunaldia amaitzeko, baina saioak erabaki samar zirudien. Hor ere berdinduta amaitu zuten, aurreko harriarekin bezalaxe, bakoitzak 20 jasoaldi eman baitzizkion bolari. Denera, 43 jasoaldi lortu zituen Joseba Ostolatzak, eta 37, berriz, Xabier Peñagarikanok.