Andoni ARABAOLAZA
KULTURA

Mendi Film Festivalen bederatzigarrena ate-joka dago

Mendiari buruzko Bilboko zinemaldiak hamar egun izango ditu; hasi datorren ostiralean hasiko da, eta bukatu hilaren 18an. Sail ofizialerako 43 film hautatu dira. Beste ekitaldi batzuen artean, Chris Boningtonek omenaldia jasoko du. Bonuak agortuta daude jada.

Lau egun besterik ez dira falta Mendi Film Festivalek, hots, Euskal Herriko mendiko zinemaldi bakarrak, ateak zabal ditzan. Azken urteotan bezala, Bilbo izango du egoitza ofiziala. Eta hamar egunez, –amaiera ekitaldia hilaren 18an izango da– Bizkaiko hiriburuko hainbat txokok makina bat ekitaldi jasoko dituzte beren baitan.

Neguaren atari honetan, mendiari buruzko euskal zinemaldiak nolabaiteko amaiera emango dio International Alliance For Mountain Film zirkuituari. Talde horrek 20 mendi-jaialdi jasotzen ditu, eta horietako bat Mendi Film dugu.

Esan dugun legez, zinemaldiak ostirala izango du lehen eguna. Hain zuzen ere, “The Great Alone” filmak irekiko du ofizialki Mendi Film, Euskalduna jauregian.

Hortik aurrera, bederatzigarren ekitaldian ikusgai izango diren filmek protagonismo berezia izango dute. Guztira, antolatzaileek 25 herrialdetatik bidalitako 150 zinta jaso dituzte; iaz baino 20 gehiago. Galbahea pasatu ondoren, 43 film hautatu dituzte Sail Ofizialerako.

Jaialdiak, beraz, goranzko joerari eutsi dio, baina antolatzaileek esan dutenez, ez dute batere erraza izan Sail Ofizialerako zintak hautatzea: «Lan zaila izan da oso, aurkeztutakoen kopurua igotzeaz gain, gehiengoaren kalitate maila ona baita. 43 ekoizpen horiek aintzat hartuta, 14 herrialde daude ordezkatuta; besteak beste, Espainiako Estatua (11), Amerikako Estatu Batuak (9), Erresuma Batua (7) ...».

43 film horiek, beraz, Urrezko Eguzkilorea, hots, euskal mendi zinemaldian dagoen sari nagusia irabazteko lehian izango dira. Aipatu dugu Mendi Film Festival IAMF taldeko partaideetakoa dela eta hark antolatzen duen zirkuituko azken zinemaldia dela. Horrela bada, bere jaialdi “kideetan” (Trento, Torello, Autrans, Banff, Kendal...) sarituak izan diren hainbat eta hainbat film ikusteko aukera izango da Bilbon.

Horietako batzuk dira hauek: “Freedom under load”, “La montagne magique, “Langtang”, “Boys in the Bugs”, “Metronomic”, “A Skiers Journey” ...

Horiek guztiak eta beste asko, beraz, Urrezko Eguzkilore sari nagusia eramaten lehiatuko dira. Eta irabazlearen zein gainerako sarituen (mendiko film onena, gidoi onena, argazki onena...) izenak eman behar dituen epaimahaia bost lagunez osatutakoa izango da. Lan horretan jardungo direnak honako hauek dira: Jon Garaño zinemagile donostiarra, Helios Gracia hegaldi libreko Coupe Icare bilkurako zinemaldiko zuzendari frantziarra, Pawel Wisoczanski zinemagile poloniarra, Silvo Karo Esloveniako Gorniskega mendi zinemaldiko zuzendaria eta alpinista ezaguna eta Billy Choi Hego Koreako mendi zinemaldiko programazio arduraduna.

Sail Ofizialetatik kanpo ere, hainbat ekoizpenek lekua izango dute. Hor dira Mendi Short film laburren lehiaketa amateurraren hirugarren ekitaldiko lan irabazlea eta “A girl in the river: The Price of Forgivenes”, “Incognita Patagonia” eta “Akabuko martxea” filmak.

Zerrenda luze horretako hainbat ekoizpen ikusteko asmoa dutenei bizi ibili beharko dutela ohartarazi behar diegu. Antolatzaileek, adibidez, bonuak agortu egin direla jakinarazi digute: «Gure jaialdiak, ikusle kopuruari dagokionez, marka berria ezarri zuen iazko edizioan: 8.700 ikusle. Bederatzigarren ekitaldi honetarako, duela hiru aste bonu sorta bat eskaini zen, bi asteburuetakoak, aste barruko saioak eta azken eguneko Non Stop saioak aintzat hartzen zituztenak. Eta dagoeneko guztiak agortu dira. Alabaina, saio bakoitzeko sarrera indibidualak oraindik eskuragai daude».

Chris Bonington

Orain arte aipatu dugun guztiak, hots, Bilboko Mendi Film Festivaleko lehiaketak izango du benetako protagonismoa. Baina, aurreko edizioetan bezala, antolatzaileek hamaika ekimen prestatu dituzte. Horiek guztiek jaialdia “babestuko” dute.

Eta egitarau luze eta zabal horretan, euskal mendiko zinemaldiak Chris Bonington alpinista britainiar historikoa omenduko du. Hain zuzen ere, Boningtonek Walk On Project Fundazioaren (WOP) saria jasoko du; alegia, mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen duena. Eta, bidenabar, protagonista berezi horren ibilbideari eta horren bidez sustatu dituen balioei aitortza egingo zaie. Ekitaldi berezi hori hilaren 17an izango da, jaialdiaren amaiera ekitaldi nagusiaren bezperan. Ekitaldi horretan “My Life and Times” ikus-entzunezkoa emango da; beste era batera esanda, Boningtonen ibilbidearen errepasoa egiten duen lana. Horretaz gain, alpinista historikoak bertaratutakoei hitzaldia eskainiko die.

Baina jardueren egutegia ez horretara mugatzen. Adibidez, Metro Bilbao, Zabalgune eta Rekalde aretoa erakusketa gune bihurtuko dira. Metroaren hainbat geltokitan Donostiako Club Vasco de Camping Elkartearen CvcePhoto nazioarteko lehiaketako irudi onenak zintzilikatuta egongo dira. Zabalgune eraikinean, berriz, hainbat erakusketa eskainiko dira, eta Rekalde aretoan Jose Maria Alvarez argazkilari eta eskultore bilbotarraren “Izotzezko Olatuak” argazki erakusketa izango da.

Julio Villar alpinista eta bidaiari donostiarrak “Viaje a pie, mar de nubes” liburua (ikus hurrengo orrian eskaintzen dugun artikulua) aurkeztuko du.

“Panel Talk” mahai-inguruan, CvcePhoto lehiaketaren bigarren ekitaldiko lehen hiru sarituen hitzaldia izango da: Paul Bride, Krystle Wright eta Yhabril. Horiekin batera Jon Herranz zinemagile eta argazkilaria izango da; getxoztarra aurtengo jaialdiko kartel ofizialeko argazkiaren egilea da.

“Mendi Talk”-en, berriz, Alex Txikon eta Ali Sadpara iazko neguan Nanga Parbaten eginiko igoeraz solastatuko dira. Eta Baltistan Fundazioaren eskutik, Bina Shah idazle pakistandarrak “Emakumea, Literatura eta Goi Mendia” hitzaldia eskainiko du.

Eta hori guztia biribildu ahal izateko, Bilboko Mendi Film Festivalek beste proptagonista batzuk bilduko ditu: alpinistak, eskalatzaileak, piraguistak, esploratzaileak, zinemagileak, ekoizleak... Horietako batzuk dira Jean Troillet, David Lama, Geraldine Fasnacht, Mikel Sarasola, Jennifer Jordan, Jonathan Griffith, Tal Skloot, Jordi Canyigueral eta Fredi Paia.

Horixe da, beraz, mendiari buruzko euskal zinemaldiaren 9. ekitaldiak prestatu duen egitarau aberats eta zabala. Hamar egun motz gera litezke antolatzaileek eskainiko duten film eta jarduera horiek guztiak dastatzeko. Informazio osagarria honako helbidean: www.mendifilmfestival.com