Naroa GAINTZA
Musikaria

Zubi lana

Gurasoen eskutik hurbildu nintzen lehenengoz Durangoko Azokara, autoko paper usaina gogoratzen dut batik bat, papera eta hotza, hotz handia…

Andereño Itziar ere gogoratzen dut, azokari buruz hitz egiten zigun beti, han erosten zituen ozen irakurtzen zizkigun liburu berriak. Nik ere, Itziarrek bezala, azoka goitik behera arakatzen dut, eta bertan benetako altxorrak topatzen ditut nire ikasleekin partekatzeko.

Ahalegin berdintsua egiten dugu eskola guztietan; nola hurbildu gure ikasleak euskara eta euskal kulturara, nola maitarazi euskara, nola iritsi erabileraren behar izate horretatik nahi izate horretara… Eta ez dago formula magikorik norberak sentitzen duen hori transmititzea baino.

Gure gelan, euskal kantu bat aukeratzen dugu bi astean behin, beti, euren interesa piztuko duena. Modu ludikoan lantzen ditugu lexikoa eta gramatika eta ondoren solasalditxo bat antolatzen dugu horren harira. Kanta osoa ikasi eta pasilloetan barrena abesten entzuten dituzunean sentitzen duzun zirrarak ez du parekorik.

Berdin egiten dugu liburuekin; astero kapitulu bat irakurtzen dugu eta ondoren tertuliatxo bat prestatzen dugu borobilean eserita, denek parte hartuz.

Baina eskolako liburuak denboran galdu dira. Gustatuko litzaidake urtero ateratzen diren liburuen kapitulu batzuk on line izatea, ikasleekin landu ahal izateko, kantuak ditudan bezalaxe. Ikasleen adina kontuan hartuta, proiektu interesgarri bat prestatu ahalko litzateke web orrialdean. Lehenik, Durangoko Azokaren berri ematen duen material interaktiboa sortu: non dago, noiz sortu zen eta zergatik, publikazio berriak, zer egin daiteke bertan… Eta ondoren, urte horretan ateratako liburuen pasarteak eskegi, plazer hutsez irakurtzeko, edota ulermena lantzeko. Ikasleek proiektuan parte hartuko balute, “Azoka lagun” txarteltxoa lortuko lukete eta horrela, Durangon, deskontu edo oparitxo bat jaso.

Gurasoak inplikatu nahi? Eskegi dezagun material elebiduna, ikasleekin batera landu dezaten.

Etxekoek eskaini ezin dieten zubi lan hori egin beharko luke eskolak. Horrela, etorkizuneko kulturazaleak erakarriko genituzke. Eta nork esaten digu hauek ez lituzketela euren gurasoak eskutik ekarriko?

Harri batez bi kolpe.