Maider IANTZI
DURANGO

«Ikuska», sortzeko grinaren testigantza hunkigarria

Irudieneko Zugaza zineman «Ikuska» dokumental sailaren lagin bat ikusi duten lagunak txundituta atera dira, 1979-84 urteetan filmatutako lanen kalitateak liluratuta. Hunkituta ere bai, barrenak astinduta, transmititzen duten indarra eta grina ikaragarriak direlako.

21 dokumental laburrek osatzen dute EHKE-k eta GARAk berrargitaratutako “Ikuska” saila, 1979 eta 1984 artean 15 zuzendariren artean filmatu, garaian filmen aitzineko tarteetan emititu (hala No-Do frankistaren zentzuari buelta emanez) eta orain arte Madrilgo Filmotekan gordea egon dena. Azokan bost labur erakutsi dituzte Irudienean eta ikusleak hagitz gustura atera dira, ukituta ere bai.

Aurrena solasaldi ttiki bat egin dute Xabier Iriondo Bertan Filmeak-en arduradunak (dokumental sail hau gauzatzeko motor gisa sortu zen enpresa), eta zuzendarietako bik, Jose Luis Egea eta Juanba Berasategik. Lehenak 10 urte baino ez zituen lanak ekoitzi zirenean eta izen bereko bere aitaren ondoan zebilela jada zerbait handia egiten ari zirela sumatzen zuen. Orain filmak berriro ikusi dituenean are gehiago hunkitu dutela azaldu du, «oso ondo islatzen dutelako garaian bizi zen grina eta indarra, zerbait sortzeko esperantzaren aurrekoa». Berrargitalpena baliabide gutxirekin borrokatu zen belaunaldiari egindako omenaldia da.

Egeak oroitu du Euskal Herrian ez zegoela zinema egiteko deus ere garai hartan: ez kamerarik, ez negatiborik, ez muntatzeko lekurik eta teknikaririk... «Lehendabiziko pausoa eman genuen». Berasategik, bere aldetik, gaur egun oraindik indarrean den eztabaida izan zutela gogoratu du: «Zer da euskal zinea, euskaldunek egina ala euskal herritarrek?». Beraien apustua argia izan zen: euskaraz egina izan behar zuen, eta kalitatez.

Ahalegin handia egin zuten kalitatea lortzeko eta gaur egun, euskal zinema “Loreak”-ekin Oscarretara ailegatu denean, hagitz eder ageri dira “Ikuska”-ko irudi eta soinuak.

«Erreferenduma», gaurkoa

Antxon Ezeizak zuzendutako “Erreferenduma” aproposa da gaurko Konstituzio Egunerako. Bertan agertzen da «espainiarrei Konstituzio hau onartzen zuten ala ez galdetzeko» egin zuten kontsultaren kanpaina. Irudietan, ikusleen arbuioa, irria, nostalgia... hainbat sentimendu sortzen dute Karlos Garaikoetxea gazteak, besoak zeremonia handiz mugituz «zuek, utopikook, ekarriko duzue Euskadiko askatasuna» oihukatzen duen Telesforo Monzonek eta Felipe Gonzalezek.

Imanol Uriberen “Euskal Kanta Berria” filmean Txomin Artola, Amaia Zubiria, Natxo de Felipe, Zarama eta Ruper Ordorika gazteek ematen dute testigantza. «Instrumentu onak erostea dugu helburu, eta ondo pasatzea», diote Zaramakoek. Eta Natxo de Felipek: «Profesionaltasun eza izugarria da, emazteek lan egiten dutelako dedikatzen ahal gara honetara».

“Euskara galdutako Nafarroa” lanean isildutako hizkuntzaren bila abiatzen da Juanba Berasategi autoan herrialde osoa zeharkatuz, Bortzirietatik Ebrora. Bidean, bertzeak bertze, herrian euskaraz solastatzen zen azken emakumearen alabarekin elkartzen da.

Eta Jose Luis Egearen “Ikastolak” euskara eta euskal kulturaren akuilu izugarri honen lekukotasuna da. Elvira Zipitria azaltzen da, ikasleak txotxekin lurrean lanean (Parisko eskola aurrerakoi bati segituz), gurasoen ahalegin ekonomikoa...

Guztira halako 21 altxor dira, opari ederra eta hunkigarria bai garaia bizi izan zutenentzat bai belaunaldi gazteentzat.

Antzinako andreen independentzia zentzua gorde nahi gerorako

“Ikuska”ren parte den Mirentxu Loyarteren “Euskal Emakumeak” lanak ez du gaurkotasun izpirik galdu. Hainbat euskal emakumek antzinako emakumea, euren garaikoa (1970-80 hamarkadetakoa) eta bilobentzat nahiko luketena dituzte mintzagai, sepiazko irudietan andreak zernahi lanetan agertzen diren bitartean: fabrikan, erizaintzan, umeak zein zaharrak zaintzen, oiloari lepoa moztu eta odolusten argazki indartsu batean, gero kazolan kozinatzen...

Beren arbasoez diote gutxienez gizonen pare ikusten dituztela, eta dirua beraiek maneiatzen zutela, eta euren garaiaz, ez dela emazteena, baizik eta gizonentzat egina. «Su aldetik atzeko sukalde zikin horretara joan gara. Apaizak emakumea sakristian jarri du. Bertan gordeko lanak egiten dira. Seroratu egin gara».

Etorkizunerako nahiko luketena, berriz, beren arbasoen euskara eta independentzia zentzua dira. «Ez nuke gordeko gaurko euskal emakumeak etxearekiko duen lotura. Gehiegizkoa da», dio batek. «Ezin dut imajinatu euskal andre bat gizona baino gutxiago dela esatea», bertzeak. Hau dena 2000. urtea baino 19 lehenago.M. I.