Garazi GOIA
Idazlea

Kuriositatea

Nire urtebetetze egunean, Londresen bizi den lagun ingeles batek Kirmen Uriberen “Bilbao-New York-Bilbao” nobelaren ingelesezko itzulpena oparitu zidan. Liburu-dendara joan zenean, Euskal Herriari buruzko zerbait topatu nahi izan zuen. Londres mendebaldeko liburu-denda hartan, espainiar literaturako sailean zeuden liburuen artean, historiari, politikari eta sukaldaritzari buruzko liburuak aurkitu zituen. Frankismoari buruz, Donostiako jatetxeei buruz eta terrorismoari buruz. Eta izen euskalduna zirudien idazle baten liburua ikusi zuen hurrena.

Interesa izan zuen. Denbora hartu zuen, larunbat goizean liburu-dendara joan eta liburu hura bilatzeko. Ni ezagutzen nauelako. Badakielako garrantzitsua dela niretzat. Eta beste milaka pertsonarentzat.

Kuriositatea. Sentsibilitatea. Ardura. Erantzukizuna. Horiek guztiak sentitzera ezin da bat behartu. Horrela, egun batetik bestera. Edo urteko egun konkretu batean. Durangoko Azokan adibidez. Nola sortuko zaizkio bati galdera berriak. Ezerezetik.

Bat konformatzen erraza bada. Edo, dagoeneko etsi badu (inoiz esfortzurik egin ez bazuen ere). Edo, ez badu arriskurik ikusten. Eta, are gehiago, ez badu arriskua sentitzen. Egun batean hizkuntza desager daitekeela axola ez bazaio. Nola sentituko du kulturarekiko sentsibilitatea. Nola ulertuko du horrek duen garrantzia.

Gainera, urtean egun bakar batean azaltzen den kultura, literatura edo musika zaletasunak ez dauka balio handirik. Azalekoa da. Denbora bat behar da kuriositatea eta sentsibilitatearen esanahia ulertzeko. Balio batzuk, hezkuntza edo familia giro batzuetan hezitakoek lehenago sentituko dute. Denak ez dira hasiera berberetik hasten. Eta denbora ematea zilegi da. Denbora ematea beharrezkoa da. Baina euskal hiztuna dena azokara ez badator, horrek arduratu egiten nau. Hori da benetako arazoa.

Bitartean, jarrai dezagun, hemen aipatu ditudan kezkak, arriskuak eta sentimenduak azaltzen. Frustragarria izan daiteke. Denbora asko daramagulako saiatzen. Baina ezer egiten ez badugu eta saiatzen jarraitzen ez badugu, badakigu arrakasta izateko aukerak murritzagoak izango direla.

Niri jarri didaten galderari buelta ematen diot, beraz: euskal hiztuna dena zergatik ez dator azokara?