J.L.
Futbola

Biarritzek Lehen Mailako Rennes taldearen aurka jokatuko du Kopan

Lehen Mailako Rennes taldea izango du aurkari Biarritzek Frantziako Kopako hurrengo kanporaketan. Biarritz da lehiaketa horretan geratzen den euskal talde bakarra, gainerako guztiak kanpoan baitaude.

Ez Baionako Aviron, ez eta Angeluko Genets ere; Ipar Euskal Herriko bi talde nagusien gainetik Biarritz izango da, Akitaniako lehen mailan jokatzen duen taldea, Frantziako Kopan jarraitzen duen euskal talde bakarra. Lehen Mailako aurkari bat nahi zuten, eta agian Rennes ez da aukeren artean zuten gustukoena, baina hala ere maila nagusikoa da. Garbi dagoena da Aguilera estadioan jokatuko dela partida hau, urtarrileko lehen asteburuan. 6an, 7an edo 8an izan dago da; oraindik erabakitzeko dago.

Aurreko kanporaketan biarriztarrek euren maila bertsuko Les Sable taldea utzi zuten bazterrean, eta orain amesten jarraitu nahi dute. Horrelakoetan Estatu frantseseko eta Estatu espainiarreko lehiaketak alderatzeko nahia izaten da, nahiz eta bi egiturak oso ezberdinak izan. Biarritz Hego Euskal Herriko taldeen artean kokatu beharko balitz, berak orain jokatzen duen maila Hirugarren Mailaren parekoa izango litzateke. Frantziako Kopan kanporaketa guztiak partida batera izaten dira.

Aurreko kanporaketan ari zen beste euskal taldea Angeluko Genets zen, eta era mingarrienean joan zen kanpora. Bigarren Mailako Niort taldearen aurka jokatu zuen, eta 0-0an amaitu zen arauzko denbora, baita luzapena ere. Penaltietan bi taldeek aurreneko laurak sartu zituzten, baina angeluarrek bosgarrena huts egin zuten eta, aldiz, Niortekoek sartu, eta Genetsek agur esan zion Kopari.