Jon LEUNDA
Elkarrizketa
MIKEL SAIZAR
FUTBOL ATEZAINA

«Numantzian oso giro ona topatu dut, euskal taldeen oso tankerako kluba da»

Mikel Saizar Sorian dago jadanik, joan den astean fitxatu baitzuen Numantziak, Zipreko AEK Larnakako egonaldia amaitu ostean. Orain bi atezainekin lehiatu beharko du Los Pajaritos zelaian, eta horietako bat Aitor Fernandez da, Mikel bezalaxe, gipuzkoarra hau ere. 

Mikel Saizar gustura dago. Joan den astean Numantzia taldearekin kontratua sinatu zuen, denboraldia amaitu artekoa. Azken hiru hilabeteak gogorrak izan dira beretzat, tarte horretan talderik gabe egon baita. Hala ere, Real Unioni oso eskertuta agertzen da, irundarrekin aritu baita egunero entre- natzen, eta taldeko beste bat bezala hartu omen dute, gainera. Gipuzkoarrak eskarmentu handia dauka. Athleticen, Realean, Tolosan, Pontevedran, Leonesan, Guadalajaran, Kordoban eta AEK Larnakan aritu da Soriara joan aurretik.

 

Gustura Soria aldean?

Bai. Oraindik oso denbora gutxi daramat, baina oso gustura nago. Azkenean etxetik gertuko talde batean nago, urte askoan oso aparte ibili ostean, eta hori ere ona da. Gainera, talde bat daukat, eta ona, gainera. Beraz, ez nago kexatzeko moduan.

 

Ze aurkitu duzu han?

Oso giro ona. Familia giroko talde bat, ‘aldagela’ handi eta jator batekin. Gauzak ongi egiten dituela ematen du. Hasieratik sentsazio hori uzten dizu, eta nabari da ere Lehen Mailan aritu berria dela. Nik daramadan denbora apur honetan sentsazio oso onak izan ditut. Gero, ez da euskal talde bat, baina bai tankerakoa.  Euskal Herritik oso gertu dago, eta jokalari mordo bat, entrenatzaileak barne, euskal herritarrak dira, eta horrek ere, zalantzarik gabe, laguntzen du. 

 

Nola sortu zen harremana?

Oso azkar. Real Unionekin entrenatzen aritu naiz talderik gabe egon naizen denbora honetan, eta hori eskertu beharra daukat; izan ere, taldeko beste baten pare tratatu naute, eta hori ez da ahazten. Joan den asteartean beraiekin entrenatzen ari nintzela deitu zidaten Soriatik, eta hurrengo egunean Numantziarekin entrenatzen ari nintzen. Oso azkar joan zen dena.

 

Nolako kirol instalazioak topatu dituzu?

Bikainak. Jokatzeko lekua, Los Pajaritos, estadio bikaina da, bai zelaia, baita gainerakoa ere. Gero, gu ondoan dagoen Pajaritos estadio zaharrean entrenatzen gara, eta hori ere bikain dago, zentzu guztietan. Kirol hiria ere badauka; beraz, alde horretatik primerakoa da, lehen esan bezala, nabari da Lehen Mailan egon berria dela.

 

Orain beste bi atezainekin lehiatu behar?

Hori da, biak dira gainera oso onak. Alde batetik, Munir dago, baina bera urtarrilean Afrikako Kopa jokatzera doa, eta bestetik, Aitor, baina berak orain dela gutxi txartel gorria ikusi zuen, eta orain zigortuta dago. Lehia polita izango dugu hiruren artean, eta hori taldearentzat ere oso ona izango da. Saiatuko naiz postu hori lortzen partidak jokatu ahal izateko, eta bestela, lanean jarraitu, taldeari eta jokatzen ari direnei laguntzeko.

 

¿Hilabete zailak izan dira aurrekoak?

Bai, ez dira errazak izan. Azken batean jokatu nahi eta talderik gabe nengoen baina, lehen esan bezala, Real Unioni eskerrak eman beharrean nago, izugarri lagundu didalako. Hala ere, asteburuetako partida horiek falta ziren.

 

Zer gertatu zen Zipren azken unean kontratua eteteko?

Europako Ligako kanporaketa- aurrekoak jokatu genituen, eta azkenekoa ez genuen gainditu. Zipreko Ligan jokatzeko taldeetan 15 atzerritar bakarrik egon daitezke, eta gurean 17 ginen, eta horietako bi atezainak. Gure entrenatzaileak, Imanol Idiakezek, bestea hautatu zuen, eta hori esan zidan, eta eskertzekoa da, bera nirekin oso ongi portatu baita. Orduan, eta jakinda talderen batean zerbait gertatuta fitxatzea bazegoela, kontratua moztea erabaki genuen. Zipreko jardunarekin ere oso gustura geratu naiz.