Nerea GOTI

BERMEON, GAZTEEI EMANTZIPATZEKO ZER BEHAR DUTEN GALDETU DIETE

Bermeoko 212 gazte inguruk erantzun du Udalak etxebizitzari buruz zabaldutako inkesta. Datuok emantzipazio programa diseinatzeko balioko dute, beren kabuz bizitzen hasi nahi dutenei laguntzeko eta hutsik dauden etxeak merkaturatzera bultzatzeko.

Askotan hitz egiten da gazteen beharrez, gutxiagotan galdetzen zaie zuzenean zer behar edo nahi duten, eta are urriagoa izaten da behar horiei Administrazioak ematen dien erantzuna. Bermeon, ekimen berri bat abiarazi dute kontrako norabidean, gazteek dituzten beharrak zehaztu eta erantzun egoki bat emateko asmoz, zuzenean beraiei galdetu die Udalak.

Udal gobernuak gazteen emantzipaziorako programa bat garatu nahi du, eta lehenengo urratsa aipaturiko etxebizitzaren inguruko inkesta da, 16 eta 34 urte bitarteko bermeotarrei zuzenduta dago eta 216 gazte inguruk erantzun du galdetegia. Jakin nahi dute herritar talde horretakoek zer-nolako baliabide ekonomikoak dituzten, bakarrik edo bikotearekin bizitzen joan nahi duten, alokatu edo erosi nahi duten...

Euskal Herri osoan bezala, arazoa ezaguna da, etxe huts asko dago, eta era berean, etxebizitza lortzeko zailtasunak dituzten kolektiboak, nagusiki gazteak. Udalaren datuen arabera, Bermeon gaur egun 2.000 etxe hutsik daude eta horietatik 700, Alde Zaharrean. Bitartean, gazte askok etxe propio bat izatearekin amets egiten du. Amets hori betetzen laguntzeko aukerak aztertzen hasi da Udala, baina zer motatako etxea behar/nahi dute? Etxe oso bat edo beste lagun batzuekin konpartitutakoa? Zer ordaindu ahal dute? Horiek dira inkestan botatako galdera batzuk. Idurre Bideguren buru duen udal gobernuaren helburua bikoitza da: «independizatu nahi duten gazteei laguntzea» eta herrian hutsik dauden etxebizitza horiek «merkatura ateratzen laguntzea».

Inkesta anonimoa da. Adina zehazteaz gain, aukera izanez gero familiaren etxetik irten nahiko luketen galdetzen zaie, banaka edo bikotearekin bizitzeko asmoa duten, alokairua nahi duten edota urteko soldata gordina zenbatekoa den.

Galdetegia Bermeoko Udalaren web orrian izan dute eskuragai, baita Twitter eta Facebook-en ere.

«Euren iritziak, beharrak, nahiak eta egoerak» ezagutzea «ezinbestekoa» da programa garatzeko, adierazi du Irune Ormaetxea Hirigintzako zinegotziak. GARAri azaldu zionez, «hasteko, emantzipatu nahi duten gazteentzat alokairua bide bat izan ote daitekeen jakin nahi dugu. Izan ere, informazio hori beharrezkoa da alokairu programa bat garatzeko».

Aldi berean, Alde Zaharra eraberritzeko lanean «buru-belarri» dabilen gobernu taldeak gazteak gune horretan etxea alokairuan hartzeko prest dauden jakin nahi du eta «zer baldintza eskatzen duten eremu horretan bizitzeko». Ormaetxeak gaineratu digu zer-nolako «ahalmen ekonomikoa» duten jakitea ere oso garrantzitsua dela, «alokairu justu bat» bilatze aldera.

Publikoak eta pribatuak

«Beste alde batetik, alokatzeko modu desberdinak daudela ikusirik –banaka, binaka, jende gehiagorekin batera...–, zer-nolako etxeak bideratu ahal diren jakin gura genuke», aipatu du zinegotziak. Alde batetik, Udalak eta Bermeoko Udalaren Beruala Alde Zaharra birgaitzeko elkarte publikoak dituzten etxeak programa horretara bideratu ahal dira, eta beste alde batetik, «jabe pribatuak ere animatu nahi ditugu euren etxeak programan sartzera».

Etxe konpartituaren aukeraren inguruan, Ormaetxeak komentatu zuenez, «ezin dugu ahaztu alokairu prezioak gaur egun ez direla eskuragarriak gazte askorentzat, eta ezinezkoa balitz alokairua merkatzea aukera hori ere kontuan hartzea nahiko genuke, askoz errazagoa delako batzuen artean alokairuaren kostua konpartitzea».

Santi Murua Berualako zuzendariak zehaztu duenez, gazteen nahi eta beharrak baieztatu nahi dituzte programa indarrean jartzea justifikatuta dagoen ala ez jakiteko, «eta horrela izanda, eta uste dut horrela izango dela, programaren helburuak ondo zehaztu eta zer eskaini hobeto lantzen» lagunduko du bildutako informazioak.

Muruak gogoratu du aspalditik aztertzen dabiltzala gazteen beharrei zelan erantzun udaleko beste sail batzuekin batera. Orain ondasun higiezinen gaineko zergan gainkarga bat onartu berri du Udalak, %50ekoa etxe hutsen kasuan, eta horri «helburu sozial bat ematea derrigorrezkoa» dela uste dute udal agintariek.

Martxan jarri nahi den programa ez da atzo goizeko proiektu bat. Berualako arduradunak eta Hirigintzako zinegotziak nabarmendu dute aspalditik dabiltzala neurriak aztertzen ekimen egoki bat garatzeari begira. Inkesten emaitzak aztertuta, hurrengo asteetan landu behar dituzte programaren nondik norakoak, urtarrilean martxan jartzeko asmoarekin.

Beste herri batzuetako esperientziak aztertu dituzte horiek garatu dituzten teknikariekin. «Kasu batzuetan laguntza zuzenak ematen dira alokairua ordaintzeko, eta horien kopurua desberdina izan daiteke, etxea alokatzeko elkartzen diren gazteen kopuruaren arabera», azaldu zuen Ormaetxeak, eta gaineratu zuen beste batzuetan badaudela aseguruak ordaintzeko laguntzak, derrigorrezkoa den efizientzia energetikoaren ziurtagiria lortzeari begirakoak edota dirutan eman beharrean herriko dendetan kontsumitzeko baleak ematen dituztenak. Esan zuenez, kasu gehienetan ez da helburua lortu. Edozein modutan ere argi dute Bermeok bere programa propioa garatu behar duela.