Amaia U. LASAGABASTER
Emakumezkoen Lehen Maila

Lau hilabete ilusioak hoztuz eta helburuak urrunduz

Euskal taldeek Ligaren lehen itzuli eskasa betedute. Athleticek urrutitik jarraitzen du onenenborroka, Realaren ibilbidea irregulartasunak markatudu eta Oiartzunek ez du partida bakar bat irabazi.

Ilusioz beteta ekin zioten Athleticek, Realak eta Oiartzunek denboraldi berriari, aurrekoan ospatutako lorpenen bermearekin, baina euren itxaropenak izoztu dira amaitu berri den lehen itzulian, helburuak urrundu izan zaizkien heinean. Solstiziotik hiru aste besterik pasatu ez badira ere, negua amaigabea suertatzen ari zaio euskal futbolari, lau hilabete zero azpiko tenperaturekin eman ondoren.

Matematika hutsei eutsita, dena da posible oraindik. Baina zenbakiak beraiek dira baikortasuna baztertzen duten lehenbizikoak. Markako bigarren itzulia bete beharko lukete hirurek euren helburuak lortzeko, Athleticek egun, adibidez, iazko lehen itzulian baino 16 puntu gutxiago dituela kontuan hartuta; 15 dira, Realaren kasuan eta zazpi, Oiartzuni dagokionez. Bera da egoera larriena bizi duena baina, paradoxikoki, baita bere jomuga gertuen daukana ere: bost puntuko desabantaila besterik ez du 13. eta 14. sailkatuekin.

Epe luzera begira, halere, erronkak bertigoa sor dezake, aurreko hamabost jardunaldietan 5 puntu eskuratu ondoren, 19 bat lortu beharko lituzkeelako Oiartzunek hurrengo hamabostetan. Denak berdinduta ere ez litzateke nahikoa izango; eta orain arte hori izan da gipuzkoarren emaitzarik onena. Anne Mugarzak onartzen duen bezala, «hori da lortu behar duguna, lehen baino lehen. Eta ez hemendik bi edo hiru jardunalditara; datorren igandean bertan baino, bai ala bai». Eta ez da bakarrik zenbaki kontu bat, baizik eta, batez ere, «kontu psikologikoa», Oiartzuneko kapitainaren ustez, hori baita «gainditu behar dugun oztopo handiena». Bere iritziz, lehen itzulia «txarra» izan den arren, «espero genuena baino askoz txarragoa», lortutako puntuek ez dute islatzen taldearen jokoa. «Partida txarrak egin ditugu, baina ez guztiak, eta ezta ere garaipen bakar bat ez lortzeko beste. Puntu askok azken minutuetan ihes egin digute eta horren arduradun nagusiak geu bagara ere, faktore asko sartzen dira hor, zortea bera, besteak beste. Eta behin dinamika horretan sartuta, sentsazioak hobetuta ere, gero eta zailagoa egiten da irtetea. Gaizki atera daitekeen dena gaizki ateratzen dela ematen du», adierazi du. Horregatik nabarmendu du lehen garaipenaren garrantzia: «Sekulako pisua kenduko genuke gainetik eta ziur nago aurrerantzean nabarituko litzatekeela».

Garaipen bat baino, hiruzpalau emaitza onen kateaketa nahi dute Zubietan, Realaren lehen itzulia ezaugarritu duen irregulartasuna amaitzeko. Kasu honetan ere, ez da emaitzen kontu hutsa, Aintzane Encinasek onartu duenez. Zuri-urdinen jokoa oso gutxitan heldu da aurreko denboraldiko mailara eta are gutxiago hor mantendu. «Ez indibidualki, ez kolektiboki, ez gaude iaz bezala. Eta emaitzek ere ez digute lagundu. Batzuetan, nahiz eta oso ondo ez jokatu, emaitza onak lortzen dituzu eta horrek jokoa hobetzeko konfiantza ematen dizu. Guk ez dugu lortu ez bata, ez bestea».

Horregatik, beharbada, bigarren itzulian gauza biak lortzea du helburu Realeko kapitainak. «Emaitza hobeak izatea espero dut, noski», iazko bosgarren postua errepikatzea ia ezinezkoa bada ere –45 puntutik 39 lortu beharko lituzkete donostiarrek–, Koparako sailkapena eskuragarria baita oraindik. «Baina baita emaitza horietara heltzeko bidea ibiltzea ere. Hobe jokatzea, lehiatzea, baloia mugitzea, erabakiak hartzea, punteria gehiago izatea... Nire iritziz, gure esku dagoela da onena».

Gauza bera uste du Iraia Iturregik Athletici dagokionez, hasierako helburua «ezinezkotzat» eman daitekeela onartu arren, «lehen postuetatik urrunegi gaudelako dagoeneko». Posible da, ordea, «orain arte egindakoa hobetzea. Jokoa eta emaitzak». Eta posible ikusten du: «Aldagelak sekulako konfiantza ematen didalako. Hilabete gogorrak bizi izan ditugu, zure borrokatik, gure kasuan Ligaren borroka, kanpo geratzea, are gehiago hainbeste jardunaldi falta direnean, oso gogorra baita psikologikoki. Baina aldagelan ez da nabaritu. Argi dago emaitza txarrekin konfiantza galtzen duzula, baina taldea ondo ikusten dut, giro ona dago, hobetzeko konfiantza...». Horretan oinarrituta, Athleticeko kapitainak «bigarren itzulia askoz hobea izatea» espero du, bai jokoan eta bai emaitzetan: «Batez ere Athletic bezalako talde bat ezin delako konformatu. Eta lehen postura heltzea ezinezkoa bada, bigarrena amaitzen saiatu behar gara; eta bestela, hirugarrena. Baina amore eman, inoiz ere ez». Are gehiago lehiakortasuna mantentzeak beste sariren bat erakar dezakeela kontuan hartuta. «Liga amaierara sasoi onean helduz gero, buruz eta jokoz, dinamika garaile batean, aukera gehiago izango dugu Kopan. Eta hori ere oso erronka polita da guretzat. Ezin dugu orain horretan pentsatu, ez luke logikarik edukiko, baina bai, gutxienez, kontuan hartu».

Lider geldiezina

Historian lehen aldiz berezko babeslea duen «Liga Iberdrola» honi dagokionez, hiru kapitainak ados daude lehiaren mailak izan duen gorakada azpimarratzeko orduan. «Bartzelona eta Atletico talde guztiz profesionalak dira gaur egun eta hori asko nabaritzen da», azpimarratu du Iraiak. Eta «talde guztiek kalitatezko jokalariak dituzte», gehitu du Mugarzak. «Izen handirik ez duten taldeek ere maila ona daukate, aurkari txikirik ez dagoela dioen topikoa guztiz egia da», ohartarazi du Oiartzungo kapitainak.

Gehienen gainetik, halere, hiru talde nabarmendu dira lehen itzuli honetan. Levante, Bartzelona eta, batez ere, Atletico. Joan den ekainean bere historian lehen txapelketa irabazi ondoren, Kopako finalean Bartzelona gainditu ondoren, talde zuri-gorria bigarrena eskuratzeko bidean dago. Oraingoz, partidarik galdu ez duen talde bakarra da eta 14. jardunaldian Bartzelona gaindituta, sailkapenaren lehen postuan kokatu da, Kataluniako taldearekiko puntu bakarreko abantailarekin bada ere.

Txanponaren beste aldea, Tacuense eta, zoritxarrez, Oiartzunentzat da. Lehen itzulia jaitsiera postuetan amaitu duten bi taldeek, ezin izan dute garaipen bakar bat ospatu denboraldiko lehen hamabost jardunaldi hauetan.