Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surf

Axi Muniain eta Kepa Acero: istripu osteko jaiotze data berria

Ez dira surf egiten azkenaldian istripu larria izan duten surflari bakarrak, baina bai ezagunenak. Muniain Gurutzetako ospitalera joanzen Acero bisitatzera eta beraien esperientziak elkar trukatu zituzten. Azken diagnosia, osatu bezain laster berriz ekiteko moduan dira.

Euskal Herriko surf komunitatean hitzetik hortzera ibili dira azken asteetako bi gertaera. Batetik, Axi Muniainek Portugalen izandako muturreko egoera, eta bestetik, Kepa Acerok Mundakan izandako istripua. Bi surflariek bat egiten dute berriz jaio direla esatean.

Jarraian datozenak Axi Muniainen testigantzak dira. Lehenik, Portugaletik itzuli zenean, oraindik medikuaren diagnosia jaso aitzin, kontatutakoak, eta jarraian, Gurutzetako ospitalean Kepa Acero bisitatzen izan zenean izandako elkarrizketaren zati bat agertzen da.

Bizarzuriren txapela galdu

Abenduaren 20an olatuak handiak ziren eta munduko txapelketa egin zuten Nazaren. Ikuskizuna itzelezkoa izan zen, erorketak, ezinezko jaitsierak, erreskateak eta muturreko egoerak izan ziren; beraz, olatu handietako txapelketa batek eskain ditzakeen osagai guztiak batu ziren lehiaketa bakar batean.

Garrett Mc Namara Portugalgo urautsia ezagutarazi zuen surflari ezagunak Axi Muniain zarauztarrari salbamendu lanetan aritzeko gonbita egin zion, halako txapelketetan izaten diren sorosle adituez gain lekua ongi ezagutzen duen jendea nahi baitzuen erreskate taldean.

Jamie Mitchell australiarrak irabazi zuen Nazaren, eta parte hartzen ari zela, gainerako lehiakideek bezala, besteak beste, Muniainen laguntza behar izan zuen ur masa erraldoiengandik ihes egin ahal izateko. Bi egun beranduago, rolak aldatu ziren: Muniainek laguntza behar izan zuen eta Mitchellek lur hartzen lagundu zion.

Axi Muniain eta Francisco Porcella Bizarzuriren txapela buruan jarrita abiatu ziren uretako motoan urautsira. Taulak aldean zituztela txandaka surf egiteko asmoa zuten, alegia batek olatua hartzen zuen eta besteak arrisku gunetik ateratzen lagundu behar zion.

Lehen olatua Porcellak hartu zuen eta ongi amaitu zuen, baina bigarren olatua hartzeko baimena eskatu zuen eta bigarren saiakeran erori egin zen. Olatu handietan aditua den surflaria jaiotzez italiarra da, Hawaiin bizi den arren. Eremu arriskutsuan amaitu zuen eta Muniainek lagundu egin behar izan zion handik ateratzen.

Jarraian, zarauztarraren txanda izan zen. Bi egun lehenago egin zen munduko txapelketan baino olatu handiagoak zeuden eta Muniainek olatu handienetako bat hartu ahal izateko urrunago eramateko eskatu zion lagunari. Eguneko serie handienetako bat gerturatu zenean leku egokian zegoenez bere indar guztiekin arraun egiten hasi zen. «Go Axi! Go! It's the fucking wave», oihukatzen zion Carlos Burle surflari brasildarrak.

Horrela kontatzen zuen zarauztarrak jarraian gertatutakoa: «Saiatu ninduan, baina ez ninduan iritsi, orduan buelta eman eta atzean handiagoa zetorren». Porcella motoarekin gerturatu zen laguntzera, baina olatua gertuegi zen eta alde egin behar izan zuen. Ihesbiderik gabe, gainean lehertzera zihoan olatu erraldoi baten parean geratu zen zarauztarra.

«Itsaslabarretatik gertu, ohikoa baino hegoalderago ninduan, tokirik okerrenean, eta atzeko olatuak bete-betean harrapatu ninduan», kontatu zuen Muniainek, eta umorea galdu gabe, zera gehitu zuen: «Ordura arte Bizarzuriren txapela nian buruan, hortik aurrera bukatu zituan bromak».

Infernua ur azpian

Infernua lur azpian kokatu ohi da, baina surflarien kontakizunetan ur azpian ere irudika daiteke. «Ikusi nuenean zer zetorren esan nian, uf! akabo! A zer marroia!», pentsatu zuen Muniainek eta hondoratu orduko kristoren astindua eman omen zion olatuak: «Inpaktuak bizkarrezur guztia goitik behera mugitu zidaan, krik-krak sentitzen nian eta tinpanoak lehertu beharrean nitian».

Olatuaren indarrak sakon bultzatu zuen beherantz. Horrela gogoratzen zuen zarauztarrak une hura: «25 gramo CO2 dituen botiletako batetik tira egin nian, baina presioarekin txalekoa ez zuan puzten eta beste botilatik tira nian, sekulako intentsitatearekin beheraka joaten jarraitzen bainuen, uste nian gorputz atalen bat dislokatu behar niala».

Halako batean txalekoa puztu zen, 50 gramo CO2 zituen, baina oraindik hondorantz zihoan. Orduan pentsatu zuen hura zela amaiera eta bere buruari esaten omen zion: «Kalma mantendu beharra zegok eta ea horrela ateratzen naizen».

Lortu zuen ateratzea, baina «kanpoan ezin nian ezer ikusi. Sentsazioa duk, gela batean argi gehiegi balego bezala, eta alboko gelatik jendea hizketan eta motor hotsak entzuten nitian». Ez zekien non zegoen, beraz bere plana «olatuaren talka sentitu orduko ahoa ixtea» zen. Horrela erori zitzaion beste olatu bat buru gainera. Porcella hurbildu zitzaion, «baina ez ninduan gai kamillara igotzeko eta berriz ere ospa egin behar izan zian olatua etorri aitzin».

«Axi, are you okey?» galdegiten zion Porcellak, baina honek ez zuen erantzuteko indarrik. «Porcellak kamillara igo nindian», oroitzen du Muniainek, «baina beste olatu batek antzeman gintian, eta hor, ametsetan nindoaan, gora begira, zerura, hegan bezala, baina kolpeak sentitzen nitian... eta berriz ere ur azpian bueltaka...».

Igeri egiteko indarrik gabe «izar baten moduan» geratu zen ur azalean. Ondorengoa ez zuen oroitzen, baina kontatu ziotenaren arabera, «beste olatu bat jan nian eta gero Mitchell etorri zuan, berak atera nindian».,

Istorioa ez da hor amaitzen. Zutik egoteko gai ez zela, sorosleen aholkuei muzin eginaz, haitzetara joan zen laguna eta uretako motoa erreskatatzera eta Lucas Chumboren laguntzarekin lortu zuen. Biharamunean gorputza xehatua zuela berriz itsasoratu zen. Gaur, oraindik, lesioetatik sendatzen ari da, baina bizirik da, hondartzara iritsi zenean «berriz jaio» baitzen.

Muniain eta Acero Gurutzetan

Urtarrilaren 2an, Mundakan surf egiten ari zela buruarekin hondoa jo eta konortea galdu zuen Kepa Acerok. Zorionez inguruan zituen lagunak eta uretatik atera ostean Gurutzetako ospitalera eraman zuten.

«Lepoa hautsi nuela esan zidaten, zerbikal bat tokialdatu eta dortsala apurtu nuela. Mirariz bizkar-muina ez zen kaltetua izan eta horri esker ez naiz elbarri geratu», zioen jasotako laguntza eskertu eta gertatutakoaren berri emateko Acerok argitaratu zuen oharrak.

1982 urtarrilaren 2an jaio zen Axi Munian «lehen aldiz». «Halako zerbait gertatzen zaigunok bi bider jaiotzen gaituk» esaten zion ospitaleko ohean zen bere lagun algortarrari. Surflari Ernegatuak eskaini zion zutabeko hitzak parafraseatuz honela mintzo zen zarauztarra: «Gabon hauek bereziak izan dituk, izan ere kimu bat baino gehiago loratu dituk Euskal Herriko surflarien artean».

Acero, 1980ko otsailaren 12an jaio zen, baina aurrerantzean Muniainekin batera ospatu ahal izango du «birjaiotze data». Txantxetan, Munianek zera esaten zion: «aurrerantzean, nik nire urtebetetzea hiri pasatzen diat ospatzeko, eta ni, abenduaren 22arekin geratzen nauk».

Sakoneko gaiak ere hitz egin zituzten, ordea. «Horrelako esperientzia bat izan ostean bizitzarekiko perspektiba aldatu egiten dela komentatzen genian», dio Muniainek, «egunerokoan garrantzi gehiegi ematen diegun txikikeriak desegin eta benetan merezi duten gauzekin geratzen haiz, intentsitate handiagoarekin bizitzen dituk».

Aurrera begira animoz nola zegoen galdetu zion Acerok Muniaini. «Futboleko botak prest dizkiat zelaira ateratzeko» esan zion zarauztarrak, eta algortarrak zera erantzun zion, «nik ere bai, baina oraindik takoak zorroztu behar dizkiat zelaira atera aurretik». Dudarik ez da, beraz, bi surflariak jokaldiarekin jarraitzeko asmotan direla.

Honi buruzko guztia: Surf