Mertxe AIZPURUA
DONOSTIA

Gezurra eta alarmismoa leporatu diote EHNEk eta ENBAk Aranzadiri

ENBA eta Gipuzkoako EHNE sindikatuek gogor erantzun zieten Aranzadiko Zientzia Elkarteko ordezkariek Aralarren pistak eraikitzeak dakarren kalteaz joan den ostiralean Batzar Nagusietako batzordean emandako azalpenei. Oinarri zientifikorik eza, datu okerrak, gezurrak eta alarmismoa piztu nahia leporatu zieten.

Hamabost abeltzainez inguratuta, ENBA eta EHNE nekazari sindikatuetako ordezkariak haserre eta minduta azaldu ziren atzo, Aranzadi Zientzia Elkarteko ordezkariek Aralar parke naturalean egin nahi diren pista berrien eraginari buruz ostiralean Batzar Nagusietan eginiko agerraldian esan zituztenak «uste subjektiboak» direla salatuz.

Aranzadiko kideek agerraldi horretan adierazi zuten artzain txaboletaraino proiektatzen diren pistek naturaren eta gizakiaren arteko oreka suntsituko luketela, Parke Naturalean eta Kontserbazio Gune Berezian atzeraezinezko kalteak eraginez.

Aranzadik eman zuen informazioa era honetara laburbildu zuten atzo nekazari sindikatuek Donostian egin zuten prentsaurrekoan: «Datu okerrak, gezurrak eta oinarri zientifikorik gabeko iritziak, uste subjektiboak eta argumenturik gabeko balorazioak», eta «onartezina den alarmismoa piztu» izana leporatu zioten Aranzadiri, «aurreikusi gabe edo onartu gabe dauden bideak eta trazatuak onartuta baleude bezala» aipatzeagatik.

«Aranzadi bezalako prestigiodun elkarte batek zein motibazio izan dezakeen erabat orkestratutako eszenografia honetan parte hartzeko» ez dutela ulertzen nabarmendu ostean, natura eta zientzia elkarteari gogorarazi zioten Aralar mendia «Mankomunitatea osatzen duten hamabost udalena dela» .

Nekazarien ordezkarion aburuz, Aranzadiren agerraldiak «etsipena» adierazi zuen, «Aralarko abeltzaintza estentsiboak etorkizunik ez balu bezala aritu baitzen». «Abeltzainok –gaineratu zuten– Aralarren egiten dugun abeltzaintza estentsiboak etorkizuna duela sinesten dugu eta etorkizun duina eskatzen dugu». Aldiz, Aranzadik ez duela etorkizunik ikusten argi geratu da, sindikatuen ustez: «2002an Eusko Legebiltzarrean aurreikuspen berdina egin zuten eta, zorionez, ez zuten asmatu».

«Arazoa ez da gaurkoa»

Gai honen inguruan Aranzadik hausnarketa sakona egitearen proposamenari buruz galdetuta, auzi honekin bueltaka urte asko daramatela adierazi zuten sindikatuek. Arazoa ez dela gaurkoa gogoratu ondoren, beraientzat ez dela «bidezkoa, ez eta justua ere», hamabost urte ondoren, «alternatibarik jarri gabe, horrelako planteamenduekin etortzea». Era berean, Mankomunitatea osatzen duten udalek herritarren ordezkariak direla azpimarratu zuten.