GARA
Bilbo

Sorturen Birfundazio Kongresua larunbatean, Bilboko Euskaldunan

Iazko uztailaren 2an Gasteizen abiatu zen Sorturen birfundazioak larunbatean izango du mugarri nagusia, Bilboko Euskalduna jauregian egingo duten kongresuarekin. Ponentziaren inguruko eta zuzendaritza taldea osatzeko bozketen emaitza jakin ahal izango da batzarrean, eta mundu osoko 40 alderdi eta elkarte bertaratuko dira.

Bilboko Euskalduna jauregian da hitzordua, hurrengo larunbateko 10.30etik aurrera. Orduantxe hasiko da Sortu berria egikarituko duen Kongresua. Atzetik sei hilabeteko prozesua gelditu da: ponentzien definizioa, eztabaida, bozketa, zuzendaritzaren berritzea...

Milaka lagunek parte hartu dute ahalegin honetan eta oraindik izena emateko eta azkeneko bozketetan parte hartzeko aukera du bere burua ezker abertzalekotzat hartzen duen orok, larunbat gauerdira arte zabalik egongo baita azkeneko fase hau.

Emaitzak, bai lehenengo txanpan onartu zen Zohardia ponentziaren zuzenketa partzialei dagozkienak eta bai zuzendaritza taldea osatu behar duten hamabost lagunen ingurukoak, larunbatean emango dituzte jakitera.

Sortuk atzo nabarmendu zuenez, barruko esparruan eztabaida prozesuari bukaera emateaz gain, kanpora begirako beste helburu bat du kongresu honek: «Euskal jendarteari Sorturen konpromisoaren eta hurrengo urteetarako zehaztutako erronka politikoaren berri ematea». Hori dela eta, bi ebazpen onartuko ditu bertara hurbiltzen den kidegoak.

Horrekin batera, Sorturen Nazio Kontseilu berria nortzuek osatzen duten ezagutaraziko da: hamalau kide lehen fasean hautatu zituzten (Arnaldo Otegi buru duen taldekoak), baina beste hamabostak oraintxe bertan ari dira zehazten bozketaren bitartez eta zerrenda irekien prozeduraz (horietako hamar nazio irizpideen arabera eta gainerako bostak herrialdeka).

Azken datuak eskuan, 7.000 lagunetik gora ari da parte hartzeko birfundazio prozesu honetan. Horietako edonork du Euskalduna jauregiko kongresuan akreditatzeko aukera, prozesu honetan guztian erabili den atari digitalean bertan izena emanez. Egitarauari dagokionez, 09.30ean irekiko dira ateak, 10.30ean hasiko da biltzarra, eta 12.00etatik aurrera ekitaldi publikoari bidea emango zaio, streaming bidez ikusi ahal izango dena, hain zuzen. 13.30 aldera amaitzea aurreikusita dago.

Gonbidatuak

Mundu osotik 40 alderdi baino gehiagok bidaliko dute ordezkaritza Euskaldunara. Europatik, esaterako, Irlandako Sinn Fein, Alemaniako Die Linke, Portugaleko Bloco de Esquerda eta PCP, Greziako KOE, Danimarkako Enhedslisten eta Norvegiako RODT gonbidatu ditu Sortuk, baita Europar Legebiltzarreko NGL taldea ere. Herrialde Katalanetatik, jakina, ordezkaritza ugari dator: ERC, CUP, Poble Lliure, Endavant eta POR/Barcelona en Comu. Estatu frantsesetik, NPA eta Ensemble. Eta beste zenbait ordezkari Galiziatik, Bretainiatik, Korsikatik, Gaztelatik, Andaluziatik, Aragoitik...

Ez dira hainbeste Atlantikoz beste aldetik etorriko direnak, bai ordea garrantzi handikoak: Kolonbiako Congreso de los Pueblos eta Marcha Patriotica, Uruguaiko MLN/Tupamaros, Salvadorreko FMLN, Txileko Izquierda Ciudadana, Argentinako Movimiento Libres del Sur...

Nazioarteko kide horien etorrera baliatuz, hiru hitzaldi antolatu dituzte ostiralerako. Iruñean (Katakrak, 18.30), Die Linke-ko Andreas Günther eta Bloco de Esquerdako Nelson Peralta Europako ezkerrari buruz solastatuko dira, Iratzar Fundazioak antolaturiko jardunean.

Bizkaian, Barakaldoko CISen 19.00etatik aurrera, konponbide prozesuen erronkei buruz hiru ahots interesgarri entzuteko aukera izango da: Sinn Feineko Alex Maskey, Kolonbiako Congreso de los Pueblos-eko Diana Herrera eta oraindik zehaztu ezin den Salvadorreko FMLNeko ordezkari bat.

Ordubete lehenago, 18.00etan Gasteizko Aldaba zentroan, «Erresistentzia eta eraikuntza prozesuei begirada bat» emango diete, Palestinako eta Kurdistango kasuetan fokua jarriz. Palestinako FDLPko ordezkari batek eta Kurdistango EHDPko Eyyup Doruk hartuko dute hitza mahai-inguru honetan.