GARA
GETARIA

Getariako Txakolinak errekorra jarri du ekoizpenean zein salmentan

Getariak txakolin uzta berriaren festa ospatu zuen atzo, San Anton egunez. Bazen zer ospatu, ekoizpenean zein salmentan errekorra jarri baitu jatorri-deiturak bere 27 urteko bidean: ia 4,3 milioi kilo mahats eta 3,8 milioi botila ekoitzi ditu eta %18 hazi da merkaturatzea.

Egun eguzkitsu baina hotza atera arren, bero kontuak gailendu ziren atzo Getarian, San Anton jaietan Gipuzkoako txakolin uzta berria dastatzeko aukera izan baitzen, «melokotoi eta sagar berde zaporekoa». Edalontzi bat erosi eta nahi adina aldiz hustu eta bete zitekeen. Jatorri-deiturako ordezkariek azaldu zutenez, kanpaina ona izan da. Uda lehorrak ez zuen ekoizpena kaltetu, eta udazken hasierak euri pixka bat ekarri zuen, baina egun askotan egon zen ateri. Horrenbestez, mahatsa ongi ondu zen.

Deituran bildutako 427 hektareetan 150 mahastizain ibili dira lanean eta orotara 4.255.000 kilo fruitu ekoitzi dituzte. Horiekin 33 bodegak 3.800.000 botila atera dituzte, horietako lehenak joan den hilabetean.

Ekoizpena %15 hazi da aurreko kanpainatik. Nabarmendu zutenez, 27 uztetako errekorra jarri du 1989an Lakuako Gobernuak aitortu eta Kontseilu Erregulatzaileak, Foru Aldundiaren Fraisoroko laborategian egindako kontrolen bidez, emandako bermeak bereizten duen Getariako Txakolinak.

Salmentak ere hobetu ziren iaz, «beharbada turismoaren gorakadaren ondorioz», jatorri-deiturako kideek adierazi zutenez. Batez beste, %18 igo ziren salmentak. Merkatu nagusia Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia dira (%80), Estatuan Madril eta Bartzelona gailendu ziren (%10) eta esportazioa (%10) %36 igo zen aitzineko kanpainatik; AEBak (%66), Estatu frantsesa (%12), Erresuma Batua (%8) eta Japonia (%5) nabarmendu ziren.

Ekoizpenaren gehien-gehiena txakolin zuriak hartzen du (%94) eta gainerakoa, gorriak (beltza oso-oso gutxi egiten da).

Mahasti Jauna

Badira urte batzuk txakolin uztaren ospakizuna aprobetxatuz Mahasti Jauna eskultura banatzen hasi zirela, Alberdi eskultore azkoitiarraren obra. Txakolinaren munduarekin nolabaiteko lotura duten pertsona eta elkarteak omendu ohi dituzte eskultura hori emanda. Aurten, Luis Irizar Sukaldaritza Eskola eta Aitor Frantzesena surflaria saritu dituzte.

Sukaldaritza eskolak 25 urte beteko ditu aurten Donostian sukaldariak prestatzen. Frantzesena kirolari zarauztarra, aldiz, munduko txapeldun izan da surf egokituan, itsuen kategorian. Biei eskerrak eman zizkieten atzo txakolina zein euskal gastronomia eta kultura zabaltzeagatik.

Getariako Txakolinaren Jatorri Deitutaren Kontseilu Arautzaileak eta Getariako Udalak elkarlanean antolatutako festan denetarik egon zen, goizeko Gazte Alaiak txistularien dianatik hasi eta arratsaldeko herri kirol erakustaldiraino. Tartean izan ziren feria, txakolin uzta berriaren aurkezpena eta dastaketa, bertsolariak eta trikitixa doinuak.