Nagore BELASTEGI

Danborra jotzeko eskubidea berreskuratu zuten emakumeak

Gaur egun ohikoa da emakumeen presentzia danborradetan, baina ez da beti hala izan. «Belle epoque» garaian danborra jotzeko aukera bazuten ere, frankismoak ordura arte lortutakoa zapuztu zuen eta 80ko hamarkadan berriro ekin behar izan zioten bideari.

Emakume eta gizonez, neska eta mutilez betetzen dira Donostiako kaleak San Sebastian egunean. Hiritar guztiek dituzte festaz gozatzeko aukera berdinak. Baina ez da beti hala izan. Emakumeen papera kantinera izatera mugatzen zen garaia ez dago hain urrun, are gutxiago haur danborradaren kasuan. Hain zuzen ere, aurtengo Hiritar Merezimenduaren dominetako bat Jakintza ikastolan ibilitako emakume talde bati eman diote. Haiek, neskatxak zirela, gogotsu borrokatu ziren ikaskide zituzten mutilekin batera danborra jotzen atera ahal izateko. Eta lortu zuten. 1985eko festarako baimena lortu zuten, neskak zirela ezkutatu egin behar izan bazuten ere. Beatriz Moral, Margarel Bullen, Xabier Kerexeta, Savina Lafita, Silvia Loza eta Luz Maceira Ochoak idatzitako “Emeki-emeki berdintasunezko danborradarantz” liburuak dioen bezala, garaiko Donostiako Kultura eta Turismo Ekintzetxeak (CAT-KTE) 1984an egindako bileran hauxe onartu zuen: «batzarrak onartu du aurten proba saio bat egitea ikastetxeek egindako proposamenarekin, eta neskek danborradan parte hartzeko aukera izatea, betiere ezkutuan eramanda beren sexuaren bereizgarri diren xehetasun batzuk (ile adatsa eta belarritakoak)».

Liburuko testigantzen artean, andereño batek dio KTEk danborrada inauteri gisa ikus zezaten eskatzen ziela. «Soldaduz joatea onartzen genuen, denak berdin, azken batean disfraz bat zelako; baina zergatik ezkutatu behar zuten neskak zirela? Urte batean, ibilbidean zihoazela, danborradaren batzordeko bat neskei gorroa altxatzen eta ilea askatzen hasi zen arte. Eta halaxe lortu genuen neskak neska gisa, ezkutatu beharrik gabe, ateratzea behingoz! Baimen ofizialik ematen ez zigutenez, hartu egin genuen!»

Baina, egia esan, emakumeen presentzia aspaldikoa zen danborradan. XX. mende hasieran emakumeek danborra jotzen zuten helduen desfilean, Wellingtonen gudarosteko soldaduen jantzien moldaketa bat eramanez. Kostata lortu zuten hura 1936ko gerrarekin eten zen eta, frankismoaren ostean emakumearen papera kantinera eta kornetin-jole paperera mugatu zen.

Urketarien sorrera

1980. urtean Kresala kultur elkarteak danborrada mistoa osatzea lortu zuen. Elkartea bera mistoa zen, eta gizon zein emakumeek parte hartzen zuten antolatutako ekimen guztietan, batean izan ezik: danborrada. Beraz, pauso hori naturala izan zen.

Urketarien pertsonaia aukeratu zuten, alde batetik gizonezkoen papera hartu behar ez izateko eta emakumeei beraiei garrantzia emateko. Gainera, uniforme hau begi onez ikusia izan zen, orokorrean, «historikoki» konponbide aproposa zelako. Izan ere, danborradaren jatorriari buruzko bertsio herrikoiaren arabera, sukaldariak bezala, urketariak soldaduei imintzioka aritzen ziren urontziak joz. Etxeetan ura eramateko erabiltzen zuten ontziaz, suilaz, baliatzen ziren.

Urtarrilaren 20ko goizeko zazpietan atera ziren desfilean lehendabizikoz. Txistu eta harriren bat bota bazieten ere, animatzen zituztenen txaloak nagusitu ziren. Urketarien figura hain ondo txertatu da Donostiako danborradan, ezen egun ohikoa dela. Hala ere, ez dago danborrada misto guztietan eta horrek badu azalpena. «Zer dela eta behar du emakumearen partaidetzak inolako justifikazio historikorik?», galdera luzatzen dute liburuan. Soldaduak eta sukaldariak pertsonaia historikoak baino, mitifikatuak dira eta euren jatorria inauterietako konpartsa batean datza. Konpainia horiek uste dute aurretik zeuden roletan gizonak zein emakumeak atera daitezkeela, eta horregatik emakume batzuek gustuko dute sukaldariz zein soldaduz janztea; ez dute “emakumez” janzteko beharrik sentitzen.

Urketariz janztea nahiago dutenek, ordea, emakume donostiarren sinboloa dela argudiatzen dute. Era berean, arlo zibilaren eta militarraren arteko bitasun horretan, gizartearen ordezkari izanik, alde zibila indartzen laguntzen duela uste dute. Kresalako kide den Mari Jose Calvo 1980a geroztik ateratzen da urketariz. Liburuan hauxe agertzen da, haren ahotan: «Ez dugu militarrik ez uniformerik nahi gure jaian. Parranda nahi dugu, algara, iseka, egunerokoan halaxe bizitzen eta biziarazten baitzuten kaskarinek, josemaritarrek, koxkeroek, ura biltzean, inbaditzaile ziren edo ez ziren soldaduei segika, upelekin eta barrilekin... Gure festaren handiena da herria ordezkatzen dugula».

Gaur egun oraindik ere emakume danborraririk ez dute onartzen konpainia batzuetan, baina gehienetan bestelakoa da egoera, eta konpainiak hain anitzak dira ezen nahiago duten bezala jantzita joateko askatasuna duten: urketariz, sukaldariz edo soldaduz.