Arantxa MANTEROLA
BAIONA

«(H)aizu!» leloak deia eta aldarrikapena lotuko ditu Herri Urratsen

Duela 33 urtez geroztik Senpereko aintziran antolatzen den Herri Urrats aurten nola ezaugarritu duten azaldu zuten Seaskako ordezkariek atzo, Baionan. Leloa “(H)aizu!” izango da eta adiera hainbat lotu dizkiote. Batetik, aspalditik lizeoko ikasleek baxoaren etsamina euskaraz egin ahal izateko daramaten borrokarekin bat egitea, aldarria «haizu», zilegi delako. Ildo beretik, herritarrak euskaraz bizitzeko eta zerbitzu publikoan edota lan munduan euskaraz aritzeko «beharrezko ofizialtasuna» eskatzea haizu delako, «Aizu!» ozen bat bideratu nahi diete hautetsiei, «Parisen zain egon gabe» Euskal Elkargo berriak emango dituen aukerak baliatzeko euskararen alde. Era berean, herritarrei euskara eta Seaska sostengatu dezaten deia egiteko ere aproposa deritzote leloa.

Logoa

Bruno Agerre artista biarriztarrak sortu du kartelean eta gainerako euskarrietan jasoko den logoa. «Kolore anitzeko esku bat, haizu ez denaren sinbolo eta era berean aniztasunaren eta elkartasunaren ikonoa», antolatzaileek azaldu dutenez, maiatzaren 14ko irabaziak aurten ere Baionako lizeo berrira bideratuko direla gogoratuta.