GARA
BILBO

«Freskoa eta edateko erraza», hemen da jada Bizkaiko sagardo berria

Dastatu dutenen arabera, «freskoa eta edateko erraza» da Bizkaiko sagardo berria, baita «oso usaintsua, fruta usain freskoak dituena» eta ahoan «gorputz ederrekoa» ere. Asteazkenean aurkeztu zuten Zornotzako Uxarte sagardotegian, eta Andoni Aizpuru EiTBko kazetari ospetsua izan zen sagardo denboraldiari hasiera eman ziona.

Aurtengo ekoizpen bolumena 125.000 litrokoa izan da, iaz baino apur bat txikiagoa, sagar gutxiago heldu baita kupeletara. Fruitu alternantzia sagarrondoen ezaugarrietako bat da, eta horren arabera urte batzuk sagar urteak izaten dira, hau da, fruitu kopuru handia ematen dute, eta hurrengo urtean uzta txikiagoa izaten da; baina horrek ez du eraginik izaten kalitatean, «oso osasuntsu eta kalitate ezin hobean» heldu baita aurten ere kupeletara. Oso sagardo «usaintsua» omen da, eta ahoan «zapore intentsu uzten duena», Juan Zuriarrain enologoaren esanetan. %6 eta 6,5ren arteko alkohol graduazioa dauka, iazkoa baino puntu bat gutxiago.