Jon ORMAZABAL
Elkarrizketa
PATXI JAUREGI
EUSKADIKO PILOTA FEDERAZIOKO LEHENDAKARI OHIA

«Kargu politikoaz baliatuta, hauteskunde prozesua baldintzatu da»

Alegiatik pasatzen den Oria ibaikoak bezala, urak harro datoz Euskadiko Pilota Federazioaren inguruan. Jasotako porrotaren arantzak edo erresuminak baino, «justizia» nahiak bultzatu du Jauregi aurreko ostiralean amaitu zen hauteskunde prozesuaren aurka errekurtsoak aurkeztera, behar bada, azken muturreraino. Hori bai, bere burua berriz aurkeztea erabat baztertzen du.

Kargua utzita lasai ibili behar lukeela ematen duen arren, Patxi Jauregiren telefonoa sutan dabil azkenaldian; abokatua, prentsa, pilotazaleak... denek dute galdetzeko zerbait.

Astebete bada hauteskundeak egin eta galdu zenituztela. Zarata, ordea, ez da amaitu.

Bai, bueno, egia esan, han ginen asko eta asko oso irainduta sentitu ginen, oso lekuz kanpo, ikusita prozesu elektorala nola baldintzatu den Eusko Jaurlaritzako Kirol eta Gaztedia Departamenduaren agindu baten bidez eta zenbait jendek errekurtsoak jarri ditugu.

 

Prozesuari helegitea?

Bai, salatu nahi dugu nola erabili den aginte politikoa prozesu bat aldatzeko eta normaltasunetik kanpora jartzeko. Salaketa larri samarra da baina, gure ustez, hala gertatu da. Gure helegitea hiru puntutan oinarritzen da. Hasteko, ospatu bezperatan data aldatu zen. Gure ustez, eta eurak jarritako interbentoreak ere hala esan zuen, Federakuntzako egoitza ez zen leku egokia, oso txikia da. Ahaleginak egin genituen leku egokiago batean egiteko, denok eserita egon ahal izateko, baina ostiralerako ez genuen lekurik topatu, larunbat goizerako bai, Durangoko Hotel batean, eta horixe zen aldaketaren arrazoia, baina Jaurlaritzatik 13koa mantendu zuten.

Gero, hiru kutxa jartzearena benetan lotsagarria iruditzen zaigu; boto sekretuaren zentzua erabat bertan behera geratu zen. Gainera, ama batek hiru semeentzat otordua hiru mahai desberdinetan jartzea bezala iruditzen zait herrialde bakoitzak bananduta bozkatu beharra. Azkenik, batzarkideak batzarra bukatu baino lehenago kanporatzea; boto zenbaketan batzarkideak ez zeuden aurrean eta behar den lekuan hori legezkoa den jakin nahi genuke.

 

Bakarren batek esan du dagoeneko galtzaile txarrak zaretela.

Inondik inora. Garbi utzi nahi dut, ez dut inola ere nahi hauteskundeak errepikatzea. Hauteskunde prozesua legezkoa izan den erabakitzea nahi dugu. Emaitzak errespetatuko nituela hitzeman nuen eta hala egingo dut; asanbladak esandakoa errespetatuko dut baina, gure ustez, legez kontrako inposizio baten aurrean gaude eta kontzientziak agintzen diguna, niri behintzat, horren aurka salaketa jartzea da. Pertsona batek, bere kargu politikoaz baliatuta, prozesu elektorala baldintzatu du; nire salaketa hori da.

Zenbait pertsonak kargu politikoak ematen dieten agintaritzak edo botereak immunitatea ematen dietela pentsatzen dute.

 

Zein bide erabiliko duzue?

Bost errekurtso jarri genituen. Eusko Jaurlaritzak jarritako interbentoreak emandako erantzunen ostean, hurrengo pausoa Eusko Jaurlaritzako diziplina batzordera jotzea da, eta horren ostean ikusiko genuke, bide judiziala edo dena delakoa hartu behar dugun.

 

Etsitzeko batere asmorik ez daukazu, hortaz?

Guk dioguna da gauzak ez direla behar bezala egin, legez kanpo egin direla eta guk ezin dugu isilik geratu eta beste aldera begiratu. Gure izaerarekin ez dator bat hori.

 

Prozesu osoa izan da oso arraro eta korapilotsua...

Bai, hasieratik. Beste hautagaiaren aurkezpena, azken egunean eta azken unean egin zen. Gainera, Borja Oses LEPMeko arduradun eta epaile bakarrak lagunduta. Horrek hasieratik susmo txarra eman zidan eta gero denbora erakusten joan da, eta hobeto erakutsiko du, nondik datorren beste hautagaia, noren ordezkaritza egingo duen.

 

Norena?

Enpresa profesionalena, nik kanpainan salatu dudan bezala.

 

Zergatik zeuden enpresak zuk jarraitzearen kontra?

Oso erraza da hori esplikatzen. Enbil errazago maneiatuko duten pertsona bat izan daitekeelako eta Patxi Jauregik enbarazu handia egiten duelako. Eurentzat figura deserosoa suertatzen zen kluben interesa eta kluben lana defendatzen dituelako. Hemendik hilabete eta erdira bilera bat aurreikusten genuen enpresekin, hitzarmen bat mahai gainean jarrita, eta hor Patxi Jauregi egotea edo Gotzon Enbil egotea oso desberdina da. Interes desberdinak ditugu pilotaren ikuspegitik.

 

Ia lau urte hauetan, jendeak parean nahi ez zaituela sumatu duzu ?

Lehen egunetik. Aurreko hauteskunde kanpainan ere presio handiak egon ziren eta jende konkretu baten aldetik interes batzuk zeudela argi ikusten zen. Zoritxarrez, esperientzia honek aditzera eman dit jende horrek hor jarraitzen duela, interes konkretu batzuk dituela... eta pilotan interes pribatuez inguratuta gaude eta pilota ez dago gaur egun inor bere odola zurrupatuz bizitzeko moduan. Inguruan dabilen jende horri pilotaren etorkizunak ez dio batere axola bere helburuak lortuz gero, bere fruitu ekonomikoak lortzen dituen bitartean.

 

Auzia politizatu egin dela esan liteke?

Bai, dezente. Politizatu egin da kanpaina eta gainera botere politiko horrek presio handiak egin ditu, eta hori tristea da, pilotari oso mesede gutxi egiten dio jarrera horrek.

 

Aipatutako kargudun politikoek zein paper dute, bada, hor barruan?

Botere politikoa hauteskunde batzuk baldintzatzeko erabiltzea ez zait batere egokia iruditzen. Eta, are gehiago, nire belarrietara heldu da presioak egon direla zenbait klubekiko eta bozkatzeko ahalmena zuten batzuekiko. Badirudi Kirol Zuzendariak ez didala barkatzen 2015eko maiatzean Gasteizko Parlamentuan egin genuen agerraldian talde politiko guztien aurrean koloreak atera izana; Munduko Pilota Batzarrari eta zesta puntako enpresa profesionalei emandako zenbait diru laguntza salatu genituen orduko hartan.

 

Zer egon daiteke honen atzean?

Interes handiak daude, esaterako plan estrategikoa aurki martxan jarriko da, eta hor ere zenbait agintariri interesatuko zaie Euskadiko Federazioan beren esanetara egongo den pertsona bat egotea. Hori batetik, eta lehen esan dudan bezala, enpresek euren lasaitasun horretan jarrai dezaten, gauzak euren modura egiten eta elkarte eta klubak aintzakotzat hartu gabe.

 

Enpresez mintzo zarenean, esku pilotakoez ari zara soilik?

Zestakoak ere hor dira. Kontuan izan behar da Enbil oraindik ere pilotari profesionala dela, eta enpresa batekin kontratua duela udan, Egigurendarren Jai Aliverekin. Egigurendarren enpresa batean lan egiten duela ere kontuan hartzeko zerbait da.

 

Zu entzunda, nolabait “statu quo”-a mantentzen saiatzen ari dira eta zu, nolabait esatearren, hori arriskuan jartzen duen elementua izango zinateke?

Botere politikoak eta botere ekonomikoa normalean lotuta joaten dira eta zauden bandoaren arabera mesede edo kalte egiten dizute. Nik argi daukat nire izaera edo filosofia ez dudala diruagatik aldatuko; hori garbi utzi nahi dut. Badago egunerokoan borrokatzea zenbait oztoporen aurrean, proiektuak aurrera ateratzeko ahaleginak egitea, baina oso zaila da 40 urte boterean instalatuta dagoen boterearen aurka egitea. Azkenean boterea dirua da, gaur egungo gizartean dugun gaitzik handiena, nire ustez.

Horregatik, elkarrizketa hau aprobetxatu nahi nuke, azken egunetan jaso ditudan animo mezuak eskertzeko, batez ere pilota horrenbeste maite duten horiei eta zortzi urte hauetan, lehendabizi Gipuzkoako Federazioko lehendakari bezala, ondoan izan ditudan lagun guzti horiei.

 

Gainerakoan, agintaldia nolakoa izan da?

Nahikoa gogorra, gabezia asko izan ditugu ekonomikoki eta gero traba asko topatu ditugu bidean batetik eta bestetik. Laguntza gutxi izan dugu erakundeen aldetik; betidanik pilotarekin inplikatuta egon diren udal batzuk kenduta, gainontzean laguntza handirik ez. Egoera horretan egin ditugunak eginda nahiko meritu badugula uste dut, kontuan hartuta legegintzaldi hau sei edo zazpi hilabete motzagoa izan dela, nahiko gustura gaude egindakoarekin.

 

Balantzea egiteko orduan zer nabarmenduko zenuke?

Euskal Selekzioaren ofizialtasunari begira, CIJBen –joko zuzenen nazioarteko federazioan– sartu gara eta, lehendakari berriak nahi badu behintzat, historian lehen adiz, euskal selekzioa ofiziala izango da pilotan.

Gero, beste alde batetik, Euskal Herriko herriarteko txapelketak ezarri ditugu erremintan, pala, zesta, eta eskuz. Ner Groupekin hiru urtetarako 400.000 euroko akordioa ere lortu genuen eta plan estrategikoa martxan jartzea ere guk bultzatutakoa da, 2015eko maiatzean Gasteizko Parlamentuan egin genuen agerraldiaren ondoren. Gauza interesgarri asko egin ditugu, Iparraldeko taldeak GRAVNIn jokatu izana, ilusio handiarekin, ere ezin dugu ahaztu. Eta noski, Xistera proiektua ere oso garrantzitsua da. Lehen aldiz zesta elkarteen arteko elkartea sortu da, Euskal Herri osoa hartzen duena; lehen aldiz sortu da halakorik espainiar Estatuan.

 

Horietakoren bat arriskuan legoke lehendakari berriarekin?

Ez dut uste, GRAVNI-koa nola kudeatuko den ez dakit. Enbilek Espainiako Federazioarekin hartu-eman estua izan nahi du, zenbait txapelketatan parte hartuz, eta horrek kezka eragiten dit. Espainiako txapelketek orain artean hemengoei kalte besterik ez diete egin.

Ner Groupekoa ere ez dut uste zalantzan dagoenik, nire aldetik behintzat ez da inolako oztoporik edo esku sartzerik izango hori bertan behera gera dadin. Ni pilotaren alde nago eta akordio hori oinarrizko pilotaren aldeko ekimen bat dela jakinda, nik ez dut oztoporik jarriko eta pentsatzen dut Ner Groupetik ere ez dela izango.

 

Munduko Kirol Batzarrarekin ere hamaika liskar izan dituzue. Bere agurrean, Txema Aldamiz Etxeberriak zioen epaitegietara joateko bidean ere egon zinetela, baina azkenean atzera egin zenutela. Nola izan da kontua?

Nire helburua ez da sekula izan salaketetan eta iskanbiletan aritzea. Egin dudan gauza bakarra erasoa sentitu naizenean nire burua eta nire filosofia defendatzea izan da. Eta une batean, berak eskatu zidanean, bilera baten ondoren, pilotaren alde elkarrekin zerbait egitea, nik bide judiziala bertan behera utzi nuen, pilotari batere mesederik egiten ez ziolako.

Baina oraintxe berriz ere ikusi da, zuzendaritza aldaketa gertatu da ostegunean eta presidente berria, Fernando Azkarate, abonatu figurarekin sartu da eta hori oso larria da. Bere garaian, sortu zenean, Munduko Pilota Batzarra euskal selekzioa bultzatzeko lehentasunarekin sortu zen, eta, bere estatutuen arabera, lehendakariak Euskadiko Federazioak proposatutako pertsona bat behar du izan eta kasu honetan ez da hala izan. Estatutuak aldatu dituzte eta MPB, behar zuen erakundea izan beharrean, aspaldi esan nuen bezala, “txiringito” bat da zenbait pertsonaren eskuetan, eta denon diruaz finantziatua.

Helburu eta filosofietan ere ez du ematen ados jartzen zaretenik. Bere agurrean, balantzea egiterakoan Aldamiz-Etxebarria jauna nazioartean pilota sustatzeko lanaz aritu zen, hainbat herrialdetan egindako material eta formakuntza alorretan egindako ekarpenez; zu, berriz, euskal selekzioaren aldeko lanaz ari zara...

Garbi dago gabeziak nolabait tapatu egin behar direla, eta jantzi. Erakunde hau 2006an sortu zen helburu eta filosofia garbi batekin; Federazio Internazionalari aurre egiteko eta euskal selekzioa indartu eta erakusleihoan jartzeko. Hori ez beste guztiak egin dituzte, niretzat garrantzitsuena ez dute egin, ez ni nagoela, eta ez aurretik, Federazioan eurak zeudela. Eta azkenean denon dirua zertarako erabiltzen den inguruan norbaitek argibideak eman beharko lituzke, arduradun politikoak barne.

 

Aldamiz Etxebarriak bere ondorengoari, Fernando Azkarateri, giro lasaiagoa izan zezan opa zion aurreko asteartean emandako prentsaurrekoan. Entzundakoak entzunda, izango al du?

Hori ziurtatuta dauka, dena lotuta doa. Euskadiko Federazioan sartzen den lehendakaria, MPBren interesak, Kirol eta Gazteria zuzendariarenak eta enpresenak denak bat dira, eta garbi dago ni egonda baino bake handiagoa izango dutela. Beti ere euren interesak babesten dituztelako, ez pilotaren interesak defendatzen dituztelako. Esan dudan guztia hurrengo egunetan ikusiko da, Kirol Zuzendariak ematen dituen laguntzetan eta.