Arantxa MANTEROLA

URREAK EZ DU KANBO ALDEKO HERRITARRAK ITSU BILAKATZEKO ADINAKO DISTIRARIK

Hilabeteetan isilean izan da Kanbo inguruko lurretan urre bilaketak egiteko Sudmine-ren baimenaren afera. Bat-batean, eta apenas ohartarazpenik gabe, Administrazioak jendaurrean jarri du alegazioak egin ahal izateko. Egitasmoak berriro asaldatu ditu herritarrak.

Errobi bailaran urre kontuak ez dira gaurkoak. Erromatarrek jada metal gutiziatua ustiatu zuteneko garaira jo gabe, gertuago izan da nobedaderik. Zehazki, Estatu frantseseko legerian izandako moldaketek eta egungo baliabide teknikoek ustiapena berriro errentagarri bihurtzeko parada ematen dutela baliatuta, duela pare bat urte Sudmine enpresak Ekonomia Ministerioari baimen esklusiboa eskatu zion, Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Sara, Senpere, Uztaritze eta Zuraide inguruko lurretan (126 km2) zundaketak eta bilaketak egiteko.

Hori jakin zelarik, herritar taldeak ez ezik, laborantzako eta ingurumenaren aldeko eragileak ere erne jarri ziren aipatu egitasmoak izan ditzakeen eragin negatiboez jabetuta. Hamaika udalerrietako herriko etxeek eta Nekazaritza Ministerioak berak kontrako jarrera hartu zuten eta hala jakinarazi zioten prefetari espedientean jasotzeko eskatuz. Izan ere, meategien ustiatzeak, eremu horretan dauden erreka eta nekazaritza lurrekin ez ezik, kalitatezko ekoizpenen eta sormarken (Ezpeletako biperra, Ossau-Irati gasna...) jarduerarekin talka handia eta ondorio itzelak izango lituzkeela ohartu ziren.

Hainbat informazio-bilera eta protesta burutu zituzten, azkenetakoa iazko ekainean eta geroztik ez zen berririk izan... duela egun gutxi arte.

Kasualitatez

Interneten meategi gaiei buruzko informazioak irakurtzen zebilela, ingurumenaren alde diharduen Hendaiako ACE elkarteko kide batek ezustean deskubritu zuen Sudmineren baimenaren espedientea jendaurrean jarria zela, urtarrilaren 30etik otsailaren 17ra artean alegazioak jasotzeko. Berak ohartarazi zituen Stop Mines EH-ko militanteak, eta geroztik berriro hautsak harrotu dira afera honen inguruan, batik bat, alegazioak egiteko tramitea ia ezkutuan egin delako.

Lehendik ere mesfidati baldin baziren, jarduteko modu horrek errezeloak areagotu egin ditu. Alta, Sudmine enpresako zuzendari Michael Lalouak ziurtatu duenez, beldur horiek ez dute funtsik. «Gure jarduerak ingurumenean izango duen inpaktua aldi batekoa izango da eta ustiapen gune guztiak aurreko egoeran utziko ditugu gero. Guk ez dugu jatorrizko urre zain edo hobia helburu, haien ondoriozko urre hondarrak baizik, eta horietan ez da artsenikorik» adierazi du.

CADE ingurumenaren defentsarako elkartea, ordea, ez da iritzi berekoa: «Urrea dagoen lekuan artsenikoa dago». Aude departamenduko Salsigne herriko urre meategiarekin (2004an itxi zen) gertatutakoa jarri du horren adibide, hango Obier ibarreko kutsadura meategi zaharreko hondarretik datorrela egiaztatu baita.

Ez dira fidatzen

Proiektuaren aurkakoek badituzte beste hainbat arrazoi fidagaitz izateko: inpaktu-azterketa Sudmineko kargudun baten enpresak egin izana; orain lortuko lukeen miaketa baimena gerora ustiatze baimena bilakatuko dela eta jarduera eremua zabaltzeko aukera izango duela (meategi esparruan «jarraipen eskubidea» deiturikoa) eta, batez ere, jomuga arkaitzean egongo litzatekeen urre hobia esplotatzea dela, eta horrek baliabide tekniko astunagoak eta kutsakorragoak behar dituela.

Horiek horrela, alegazioak egitera eta larunbatean, 14.30ean, Ezpeletako plazan mobilizatzera deitu dute, besteak beste, Stop Mines EH, Bizi, CADE, ELB, EHLG, Ezpeletako biperraren ekoizleak, Ossau-Irati gasna ekoizleak, Xapata Itsasuko gereziaren ekoizleak, Idoki eta BLEk.