Haritz LARRAÑAGA
BAIONA
Elkarrizketa
MAIDER HEGUY
AEK-KO LEHENDAKARIA IPAR EUSKAL HERRIAN

«Korrika, euskara ikasteko kontzientzia pizgarri bat da»

Hogeita bi urte darama euskara irakasle lanetan, zein elkarteari lotutako eginbeharrei aurre egiten, beraz «AEK-ko beterano bat» da. Korrikarako prestakuntza lanetan murgilduta dauden honetan, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako euskara ikasle eta irakasleen inguruko datuak eman ditu.

AEK-k Baionan duen eraikinean elkartu gara. Oraindik aste batzuk falta diren arren, jada «korrika usaina» nabari da eta bulegoan egunak pasatu ahala mugimendua handituz doa. Lasai solas egiteko eraikinaren azpialdean duten Kalostrape ostatura jaitsi gara.

Heguyk, ez du dudarik, bere esperientziaren arabera, «Korrika euskara ikasteko pizgarri bat da», izan ere, «jende askok giroa maite du eta parte hartzen du, baina frustratua sentitzen da euskaraz ez dakielako eta batzuek ikastea erabakitzen dute». Korrikak duen pisua bestelako ekimenetan ere nabaria da eta euskaltzaleak adibide bat jartzen du: «Korrika pasatzen den urteetan jende gehiago izaten da Herri Urratsen».

Baina Korrikak bakarrik ez, bertsolaritzak edo maskarada bezalako ekitaldiak ere jendea euskara ikastera animatzeko bitarteko egokiak dira. Ezpeizen (Zuberoa) esaterako, maskaradan parte hartu behar zuen irakasle batek «euskaraz jakin gabe euskaraz egitea kontraesan bat» dela esan zien bere lagunei, eta hauek euskaraz ikasteko hautua egin zuten. Bi urtez ikasten aritu ostean, aurtengo maskaradan estreinatuko dira.

Zuberoan gainera, zuberera ere ikas daiteke. «Edonon hitz egin ahal izateko euskara batua irakasten dugu», dio euskara irakasleak, «baina ikasleek inguruan topatuko duten errealitatea ere ikusi behar da», eta horren arabera, «tokiko euskalkiak kontuan hartzen dira».

Gurasoak euskara ikasten

Profil desberdinei egokitutako ikastaroak antolatzen dira. Eguneko ikastaroetan, esaterako, «gehienak erretiratuak eta adineko jendea» direla dio Heguyk, eta zera erantsi du, «multzo handiena 20 eta 30 urte artekoek osatzen dute eta horiek gaueko kurtsoetan elkartzen dira».

Euskara ikastera joaten direnen artean, asko gurasoak dira eta haientzat espresuki moldatutako ikastaroak egiten dituzte. «Lehen urratsa egiten dute haurrei ulertu ahal izateko», azaldu digu Heguyk, eta jarraian, «bigarren urratsa egiten dute, hitz egin ahal izateko».

Ikasle kopurua gora

Gaur egun, 1.102 ikasle daude Ipar Euskal Herrian, hamasei euskaltegi edo gau eskoletan banatuak. AEK-ko lehendakariaren esanetan, «azken urteetan ikasle kopurua antzekoa zen, baina aurten gorakada izan da».

Baionan bakarrik, 200 ikasle baino gehiago biltzen dira, baina aldiz, Zuberoa osoan 58 ikasle daude. Eskaintza honi erantzuteko 132 irakasle ari dira AEKn lanean eta horietatik 50 boluntarioak dira.

Ikasleen jatorria zein den ere aztertu dute. Lapurdi, Nafarroa Behere edo Zuberoan jaio eta hezitakoak %44 dira. Estatu frantsesetik Euskal Herrira bizitzera etorritakoak berriz, %40 dira, baina «haietako askok badute nolabaiteko loturaren bat Euskal Herriarekin, abizenetan edo arbasoengandik», zehaztu du AEK-ko kideak.

Euskara lan munduan

Ohiko ikastaroez gain, badira aparteko «hamar xede talde», alegia, herriko etxeek edo enpresek beren langileentzat antolatzen dituzten ikastaldi pribatuak. Datu zehatzak ez izan arren, Heguyk «euskara ikasten 200 langile inguru» izango direla kalkulatzen du.

Langabeentzako eskaintza berezia ere bada. Iaz egin zuten lehen saiakera, «lanpostu bat aurkitzeko euskara ikasten hasi ziren bederatzi kideko talde bat osatu zen eta haietatik zazpi izan ziren kurtsoa amaitu ostean, euskarari esker, lan bat aurkitu zutenak». Gaur egun, 22 langabe dira mota honetako ikastaroetan daudenak.

Lan munduan euskara eskatzen hasi zirenetik ordea, Koordinadorako lehendakariaren ustez «irakasleak aurkitzea gero eta zailagoa bilakatu da».

Euskaraz hitz egiteko guneak

Euskarak Ipar Euskal Herrian duen osasuna hizpide hartuta, «erabileraren arazoa» azpimarratu du Heguyk. Batetik, «euskaraz non hitz egin daitekeen identifikatu» behar dela nabarmentzen du, zeren «barnealdeko herrietan hitz egiten da, baina kostaldeko hiriguneetan jendeak ez daki non eta norekin hitz egin dezakeen».

Bestalde, haurrei dagokienez, «euskara, eskolarekin bakarrik lotzen dute», eta horri aurre egiteko, «aisialdian euskaraz egiteko guneak zabaltzea» proposatzen du Heguyk, horrela, «euskara ikastolatik kanpo erabiltzeko hizkuntza ere badela ikus dezaten».

Zentzu horretan, AEK-k euskaraz hitz egiteko «mintza gauak» prestatzen ditu, baina Heguyren esanetan, «lagun taldeek beren kabuz antolatzen dituzten antzeko ekimenak herri askotan aurki daitezke».

Soziolinguistika Klusterrak 2011n argitaratu zuen azken txostenaren arabera, 1997. eta 2006. urteen artean euskararen erabilerak behera egin zuen Ipar Euskal Herrian. Hurrengo bost urteetan euskararen presentzia mantendu egin zen, eta azken urteetako joerari buruzko daturik ez bada ere, AEK-ko lehendakariak ez du zalantzarik: «lanean jarraitu behar da».