Maider IANTZI
LAB-EN ETA GAINDEGIAREN SOLASALDIA

«Des-herriaren» prozesua gelditzeko, bere jendea zaindu behar du herriak

Gaindegiak kontzeptu berri bat jarri du mahai gainean: des-herria. «Herri izatetik ez izatera garamatzan prozesua bizi dugu», azaldu du datuak oinarri hartuta. «Atzera goaz, herri eta langile moduan», berretsi du LABek. Horri buelta emateko, erabakiak hartu behar dira. Badagoela aukera diote biek.

«Demagun urrezko zalgurdietan goazela, ibilgailua gidatu edo konpontzeko eskumenik gabe». Irudi horrekin deskribatu zuen Imanol Esnaola Gaindegiko zuzendariak Euskal Herriaren egoera. «Gurea herri gisa bidea egin ezin izan duen herria da. Bere buruari lehentasunak eta xedeak ezarri ezinik bateko eta besteko asmo zein egitasmoek (interes arrotz zein partikularrek) egituratu duten des-herria», adierazi zuen, leporaino betetako Andoaingo Martin Ugalde kultur parkeko aretoan.

LABek bere bederatzigarren Biltzar Nagusia eginen du heldu den maiatzaren 25 eta 26an, “LAB 4.0 Gure Garaia” leloarekin, eta ekitaldi horren testuinguruan antolatu zuen Gaindegiarekin solasaldia. Sindikatuak eta Ipar Hegoa Fundazioak batera martxan jarri duten zikloaren lehendabiziko zita izan zen.

Mahai-inguruak “Des-herria: hausturak eta etenak Euskal Herrian” zuen izenburu, Gaindegiak Ipar Hegoa Fundazioarentzat egindako azterlanak bezala (nahi duenak pdf formatuan jaitsi dezake Iparhegoa.eus-en). Abiapuntua ezkorra zen, beraz, baina gero eman zituzten egoera hobetzeko pista batzuk.

Hasteko, Rafa Diez oroitu zuen Esnaolak, makina bat kafe hartuz izandako solasaldietan transmititu baitzion egun espetxean dagoen sindikalistak herria bertze begi batzuekin irudikatzen ikasteko premia. Diezena da, hortaz, lerrootan aurkeztuko dugun ikerketaren erro bat.

Urrezko zalgurdiak gaitasunari egiten dio erreferentzia: munduan pertsonako barne produktu gordinik altuenetakoa duen komunitatea gara. Baina herria komunitatearekin lotzen da eta bere jendea zaintzen du. Eta LABeko zuzendaritzak idazkari nagusi izateko proposatuko duen Garbiñe Aranburuk eguneroko egoerak oinarri hartuta baieztatu zuenez, ez da halakorik gertatzen ari. «Bada aberastasuna, jende prestatua eta ezaugarri bereziko ekonomia. Baina bizi baldintza duinak bermatzen ez dituen herria da gurea».

BPG, I+G eta lana, behera

Adibide gisa hainbat grafiko erakutsi zituen Gaindegiko zuzendariak. Lehendabizikoan BPGn, Ikerketa eta Garapenean eta enpleguan gertatzen ari den desinbertsioa ageri da –enpleguaren sorreran, adibidez, azken laugarren postuan gaude, Grezia, Katalunia eta Estatu espainolaren aitzinetik–.

Bertze infografia batean era prekarioan bizi den jende multzoa, hau da, borondatearen kontra lanaldi partzialean ari dena, 2008tik hona izugarri hazi dela ikusten da, biztanleriaren %25,3ra iristeraino. Emakumeen kasuan %79,5era igotzen da zifra.

«Langilea, emakumea edo ikaslea Donostian edo Orbaizetan izatea ez da gauza bera», gaineratu zuen. Landa eta hiriaren artean nabarmena da desoreka. Gazteen presentzia defizitarioa du landak. Zerbitzuak ez dira irisgarriak eta ekonomia-trakzioa eragin dezaketen ehun produktiboak falta dira. Hala, ez dago aukera berdintasunik.

Ipar Euskal Herrian, hiru lurralde funtzional daude: kostaldea, bitarteko ingurua eta barnealdea. Gazteen iraute tasa kostaldean da soilik positiboa, baina bertara datozenak lan prekarioak hartzen dituzten frantsesak dira. Aurki kaleratuko duten txosten batek dioenez, Hegoaldean ere joandako gazteak ez dira itzultzen ari eta Penintsularen hegoaldetik datoz lan prekarioak egitera.

Egoera honetan, zer?

Testuinguru honetan, erabakiak hartzea da bidea, Gaindegiaren zein LABen iritziz. Aranburuk baieztatu zuen badela aukera, burujabetzaren egunari itxaron gabe. «Adibidez, posible da gutxieneko soldata bat sustatzeko akordio bat egitea».

Beren burutik hasita, «estrategia sozioekonomikoa zehazteko erronka» dutela erran zuen. Salatzera mugatu gabe, eragile aktibo izan nahi dute, jendea zaintzea gakotzat hartuta, eredu sozioekonomiko berriaren eta herriaren biziraupenaren arteko lotura gero eta ageriago ikusten baitute.