Andoni ARABAOLAZA
BOULDERRA

Ruben Diazek lesio batetik irten eta 8c bat sinatu berri du

Hilaren 2an, blokeko espezialista bilbotarrak Albarracinen dagoen «La teoria del todo»-ren bigarren igoera egin zuen. Alberto Rocasolano izan zen lehen igoeraren protagonista eta bloke horrentzat 8c+ proposatu zuen. Diazek, aldiz, uste du 8c dela.

Otsailaren 2an, Ruben Diazek Albarracinen dagoen “La teoria del todo” blokearen lehen errepikapena egin zuen. Era horretara, boulderreko espezialista bilbotarrak berriro ere muturreko zailtasunean muturra sartu zuen. Horrekin ez dugu esan nahi graduaren esfera hori ahaztuta zuenik. Kontua da min hartuta egon dela, eta ziztu bizian agertu dela berriro lehen lerroan.

Indar handiarekin azaldu zaigu, eta batzuentzat polemika sortzen. Lehen eiteari dagokionez, baiezta dezakegu hala izan dela. Iazko urriaren 2an eskalatzaile honek min hartu zuen; polea batean lesio oso garrantzitsua izan zuen. Osatu, entrenamenduei esker sasoi ederra hartu eta lau hilabete geroago “La teoria del todo” poltsikoratu du.

Bigarren eitearen inguruan, polemikarena, batzuentzat argia da; beste batzuentzat, aldiz, ez. Zergatik diogun hori? Bada, bloke hori egin zuen lehenak, Alberto Rocasolanok, 8c+ maila proposatu zuen; hots, Estatu espainoleko proposamen gogorrena eta, blokearen zailtasunak duen panorama ikusita, munduko zailenetarikoa. Baina Diazek ez du horrela ikusi, eta 8c sendo bat dela esanez aurkeztu du. Bilbotarraren iritzi soil bat da, eta horrela ulertu behar da. Argi dagoena da “La teoria del todo” gehiago errepikatzen bada, orduan argituko dela gaia.

Bitartean, Diazek bloke horretan izan duen lanaz eta eskarmentuaz hitz egingo dugu. Aurreratu dugu eskalatzaile hau min hartuta egon dela. Protagonista honek bat baino gehiago zur eta lur utzi du hain denbora gutxian izaera horretako bloke bat egin duelako. Beste era batean esanda, goi mailan di-da batean sartu da: «Harroputz baten irudia eman dezaket, baina uste dut maila handia berreskuratzearena berezkoa dudala. Hala ere, horregatik eta gogor entrenatzen den jendeari diodan errespetuarengatik ez dut esango esfortzua giltza izan denik. Bide batez esan behar dut ere oraindik errekuperazio fase batean jarraitzen dudala».

“La teoria del todo”, berez, Ivan Luengok zabaldu zuen, eta, espezialista zaildu batzuek probatu badute ere, blokearen lehen igoera Rocasolanok lortu zuen; iazko azaroan izan zen. Probatu zutenen artean Diaz bera zegoen. «Horretan ari nintzela, segituan ohartu nintzen lesioa zela eta beste une baterako utzi behar nuela. Bloke bitxia da oso, eta dituen heldulekuek izaera ezohikoa ematen diote. Besteak beste, eskaladan ohikoak ez diren mugimenduak egitera behartzen duelako. Oro har, esan dezaket eroria duen artesi fisiko bat dela. Helduleku handiak ditu, eta batez ere lehen mugimenduetan hatzen morfologiak garrantzia du. Mugimendu horiek egiten kosta egiten da eta oso deserosoak dira azalean min ematen dutelako. Sekzio solteak ‘oso errazak’ dira, eta horrek blokeak duen zailtasuna gutxiestera eramaten du. Nire ustez, bloke gomendagarria da; eskalatzen asko gozatzen da».

 

«Niretzat 8c da»

Arestian aipatu dugu Diazek “La teoria del todo” iaz probatu zuela, eta aurreratu behar dugu ere, sasoia berreskuratu bezain laster, bigarren igoera sinatzeko oso denbora gutxi behar izan duela: «Aurten berriro bloke horretara joan naiz, eta bigarren egunean patrikara eraman nuen. Jakina, aitortu behar dut iazko saioek asko lagundu didatela; jo eta su jardun nuen. Eta horri guztiari esker, bloke hori oso eskura nuen».

Albarracineko blokearen korapilo guztiak askatu eta lotu ondoren, bilbotarrak onartu du gogorra dela, baina ez du bat egin Rocasolanok proposatutako 8c+ graduarekin: «Gai hau delikatua da. Bloke batek horrelako proposamen bat jasotzen duenean, batzuetan ahaztu egiten zaigu konfiantza giro batean lagunen arteko iritzia doakoa dela. Koherentzia mantendu behar da, eta ohartu behar gara egin arte ez dakigula ze zaila izango den. Maila horretan ustez dauden eskalatzaile batzuek bloke hori probatu dute, eta, hura egitetik oso urrun badaude ere, harro azaltzen dira eta beraien gaitasun ezak agerian uzten dituzte. Nik diot erraza dena egiten dela. Hori guztia esan ondoren, nik 8c bezala hartu dut. Jakina, graduari dagokionez, ‘La teoria del todo’ hor goian dago; erreferente bat da. Penintsulako gogorrena ote den? Betok esan zuen 8c graduko blokeak egiteko zortzi bat egun behar izan dituela, eta Albarracineko azken honek 50 egun eskatu dizkiola. Eta bere ezaugarrietarako bloke aproposa da. Horrela ikusita, bere hausnarketak logikoa dirudi: besteak 8c badira, ‘La teoria del todo’ 8c+ da. Baina hau 8c bada: besteek zer gradu dute? Eta 8c graduaren zerrenda oso zabala bada? Hots, errazak, ertainak eta zailak jasotzen dituena. Eta blokearen mundu honetan ezer ulertu gabe jarraitzen badugu?».

Berez, “La teoria del todo” blokeak eskalatzaile horren hirugarren 8c beharko luke izan. Baina aurreratu behar dugu beste biak dekotatu egin dituztela. Alde batetik, 2013. urtean, Diazek “Kemena”-ren (Almenera) lehen igoera egin eta 8c proposatu zuen. Baina gero, blokea errepikatu zuen lehenak, Nacho Sanchezek, 8b+ bezala aurkeztu zuen. Beste aldetik, 2015. urtean, protagonista hau “Misti”-rekin (Fontainebleau) jabetu zen. 8c bezala zegoen orduan, baina gaur egun batzuek zeharkaldi bezala hartzen dute.

Horren guztiaren inguruan Diazi galdetu diogu. Beste era batera esanda, ea uste duen, aipatu ditugun beste bi blokeak dekotatu ondoren, “La teoria del todo” bere lehen 8c dela: «‘Kemena’ modu naturalean eta fundamentuz dekotatu zen. ‘Misti’-rena ezberdina da. Munduko espezialistarik indartsuenak, Nalle Hukkataivalek, baieztatu eta gero, askoz ere ahulagoak diren eskalatzaileek askoz ere errazagoa dela diote. Ez dakit zer gertatu den, baina agerikoa den zer edo zer gertatu da: heldulekuak handitu dira, metodo berria, belaunaren erabilera… ‘La teoria del todo’ Iberiar penintsulan egin den blokeko proposamenik (8c+) altuena izan da. Lehen errepikapena heldu da eta 8c bezala defenditu dut. Baina horrek ez du esan nahi dagoen blokerik gogorrena izateari utzi diola. Beraz, nire lehen 8c bezala hartzen dut, Penintsulan benetako 8c pare bat baino ez daudela jakinda. Dekotazioak iritzi pertsonalak baino ez dira; eta borondate onean esaten direnean oso onuragarriak, gainera».

Azkenik, lerrootako protagonistari blokearen muturreko zailtasunean dagoen eztabaidaren gaineko hausnarketa eskatu diogu. Esan diogu munduan zehar makina bat 8c baieztatuta daudela eta 8c+ bakar batzuk baino ez. Tartean, gogoratu behar dugu Hukkataivalek berak 9a graduko lehen proposamena egin duela. Diazek honakoa erantzun digu: «Ez dago eta inoiz ez da egongo kotazioa modu zehatzean ulertuko eta zehaztuko duenik. Zenbakiei dagokienez, blokeko zailtasunak ez dauka azalpen zientifikorik, nahiko subjektiboa da. Baina inoiz ez dugu pentsatu behar guztiz subjektiboa denik. Eta hori argituko dut. Edozein proposamen egiterakoan, subjektiboa denaren aitzakia ez da beti onargarria. Horregatik, zenbakiak modu absolutuan hartu ezin diren arren, ezinbestekoa da benetakoak eta errealak diren argudioetan oinarriturik egotea; bai esperientzian bai iritzi pertsonalean. Bestalde, 8c bat edo benetako 8c bat ezberdindu behar dira. Diozun bezala, makina bat 8c daude, baina benetakoak oso gutxi. Azken 15 urteotan maila asko igo da, baina zenbakiak ez hainbeste. Egun, indartsuena ez da zenbaki altuena egiten duena, baizik eta zenbaki hori modu azkarrean egiteko gaitasuna duena. Horregatik, azken bi urteotan blokean letrak era irrealean (kopuruaren aldetik) igo diren zergatia ez da maila igo delako (goi mailan azken 10 urteotan ia eskalatzaile berdinak daude), baizik eta interes komertzialak eta marketin gaiak tartean daudelako».