Oihane LARRETXEA
DONOSTIA
GURASOS-EK DEITUTAKO MANIFESTAZIOA

Zubietak piztutako galderak eta kezkak, Donostian entzungai

Milaka lagunek bat egin zuten Donostian erraustegiari buruzko eztabaida irekia eskatzeko, liskarretik at. Azpiegitura eraikitzen hasteko asteak baino ez dira falta, eta jendeak zalantzak agerian utzi zituen prozesua garatu den moduagatik; «iluntasuna» eta «interesak» aipatu zizkioten GARAri. Osasuna eta ekonomia izan ziren beste kezka nagusiak.

“Elkarrekin, gatazkarik gabe” zioen pankarta nagusiarekin batera beste lau, koloretsuak, atera ziren kalera. Mezuek GuraSOS plataformaren aldarrikapen nagusiak laburbiltzen zituzten: Europak hondakinak erretzeaz agintzen duena betetzea (2020. urterako errausketarekin amaitzea da asmoa), Gipuzkoako 2007ko hondakinen plan nagusia berrikustea (PIGRUG delakoa, gaztelerazko siglengatik), informazio guztia erraztea eta gardentasunez egitea gainera eta gizarte kohesioaren alde lan egitea. Elkarrizketaren aldeko borondatea kalera atera zuten, beraz, milaka pertsonak Donostian, elkarrizketa irekia, publikoa, plurala eskatzeko eta, batez ere, eraikitzailea.

Plataformak deitutako manifestazioa eguerdia pasatxo abiatu zen Artzain Onaren katedraletik eta adin eta jatorri ezberdineko jendea bildu zuen: Andoain, Aramaio, Usurbil, Donostia, Hernani, Tolosa, Azpeitia…

GARA jendearen artean nahastu zen Zubietako plantaren inguruan dituzten usteak, hausnarketak eta iritziak batzeko, baita ere prozesuari berari iritzi diotena jasotzeko. Elkarrizketatutako lagunek ez zuten elkar ezagutzen, baina pertzepzioak nahiko antzekoak ziren: ezintasuna, amorrua, desinformazioa… baina baita indarra eta ekintzaren bidean aurrera egiteko gogoa ere. «Etsipena? Inondik inora», zioen Lasarte-Oriako bizilagun batek. Kezka nagusia du osasuna, erraustegiak eragin ditzakeen ondorioak direla-eta, baina erabakien inguruan izandako «iluntasunak» ere ez du lasai utzi gizona. «Mahai gainean ez dituzte datu guztiak jarri. Gaur bertan jakin dugu erraustegia bere horretan geldituz gero, 585 milioi euroko kalte-ordainari aurre egin beharko zaiola. Eta hau ez du Aldundiak kontatu», kexatzen zen. «Edozein kasutan –erantsi zuen alboko gizonak–, egin edo ez egin, ekonomikoki eskuak lotuta ditugu».

Aramaiotik etorritako bizilagun batek 585 milioi euroak direla-eta, itxaropenez hitz egin zuen. Garai batean GHK-ko langilea izandakoa (halakoak dira kasualitateak), «prozedura nulu deklaratzen bada, alegia, frogatzea lortzen bada prozedura ez dela ondo egin, ez litzateke ordaindu beharko». Eta horretarako arrazoiak egon badaudela erantsi zuen.

Seme-alabekin gerturatu zen hiriburura, Usurbilekoak dituen lagun batzuekin bat egiteko. Hauek ere gurasoak. Tristuraz eta kezkaz, «gainean» ikusten dutelako erraustegia. «Hainbeste urte borrokan, eta gezurra dirudi… baina dagoeneko hemen dago», zioen emakumeak. «Ez dugu gelditzea lortu, baina gureari eutsiko diogu. Gure hurrengo urratsa zera izango da, martxan jarri ez dadila lortzea».

Hortxe etorriko dira arazoak, Altzotik bertaratutako neska gazte baten iritziz: «Egin egingo da, ziur naiz, baino ikusiko duzu, funtzionatzen hasten denean etorriko dira komeriak. Horretan ez dut zalantzarik». Aldundiari ezer esateko aukeraz galdetuta, belarriak zorrozteko eskatu zion. «Entzun dezala, herriak, zati batek behintzat, ez du azpiegitura hori nahi. Eta hori onartu egin behar dute. Herria eraikitzeko daude agintean, ez beren interesen alde baino ez ekiteko».

Informatzeko ardura

Informatzeko ardura eta kezka ere aipatu zuten bertaratutakoek. Batzuek erakunde publikoek egindako ahalegin eskasa salatu zuten; besteek hedabideen ardura aipatu zuten. Hernaniko bizilagun bat bereziki kezkatuta agertu zen telebista publikoarekin, informazioa modu partzialean ematen ei duelako. Hor sartzen da, bere ustez, herritar bakoitzak datuak bilatzeko izan beharko lukeen ardura, ia betebeharra.

Lasarte-Oriako bizilagun batek, adibidez, gazteen falta sumatzen zuen deialdian, 17-25 urte bitarteko neska-mutilen parte-hartzea. «Non daude?», galdegiten zuen. Nola lortu hauek engaiatu eta inplikatzea. Beraren ustez ezinbestekoa da. Zentzu horretan, 22 urteko Altzoko neska gazteak zera uste zuen, gizarteak bere kabuz bilatu behar duela informazioa, baina «indiferentzia» puntu bat dagoela ere uste zuen.

Informazioa erraz iristeko informazioa helarazi egin behar da, ezinbestean. Leihoak ireki, gardentasunez egin, argiak piztu, askok eta askok salatu zuten iluntasunarekin akabatzeko. Eta ondoren galdeketak antolatu. «Bai edo bai, ez dago beste modurik. Datu guztiak jar ditzatela gure esku, eta galdetu dezatela ondoren. Erreferenduma egin beharko litzateke, atez atekoarekin Usurbilen egin zen bezala». Beste herrietan sistema honen inguruan egin ez izana akatsa izan zela uste zuen herritar batek, «gaur egun agintean daudenek horixe baliatu dezaketelako modu berean jokatzeko».

Batzar Nagusien zilegitasuna

Erritmo onean heldu zen manifestazio burua Bulebarrera. Bertatik Joxe Mari Izeta GuraSOS elkarteko presidenteak eta Estitxu Fernandez kazetariak zera onartu zuten, antza «deseroso» direla proiektua egin nahi dutenentzat, baina berretsi zuten ez dela lubakiena herritarrek nahi duten bidea, akordioarena baizik. «Lau urtetik behin ematen den botoa baino gehiago gara», adierazi zuten, Markel Olano ahaldun nagusiari bilera batean elkartzeko dei eginez. Uztailetik zain daude.

Batzar Nagusiei aitortu zitzaien hondakinak kudeatzeko eredua eztabaidatu eta erabakitzeko zilegitasuna, baina betiere «herritarren eskubideak» errespetatzen badira, «ez edozein modutan». Erronka handia dela errekonozituz, lanean jarraitzeko dei egin zuten, beste herri batzuetan lortu dela gogoratuz: Nafarroa, Asturias, Valentzia… badira ispiluak.