Ariane KAMIO
DONOSTIA

Sorkuntza, kudeaketa eta zaharberritzea oinarri izango ditu Zine Eskola berriak

Tabakalerako Zine Eskolak hiru modulutan bereizitako ikasketak eskainiko ditu; zine zuzendaritza eta sorkuntzari bideratua lehenengoa, zinema ekitaldien kudeaketa eta plangintzari lotua bigarrena eta filmen zaharberritzeari eskainia hirugarrena. Ez da ohiko zine eskola bat izango eta ez die konpetentziarik eragingo orain indarrean dauden Andoaingo eta Larrotxeneko zentroei. Lanak abuzturako amaitzea aurreikusten du Gipuzkoako Aldundiak.

Tabakalerako beheko solairuan dagoen 539 metro koadroko espazioan hasiko dira datorren asteetan Zine Eskola berriko eraberritze eta egokitze lanak. Mugikorrak izango diren hiru gela izatea aurreikusten da, orotara 55 ikaslerentzako lekuarekin. Lanetarako 285.750,50 euroko aurrekontua bideratu du Gipuzkoako Aldundiak eta abuzturako amaituta izatea da haien asmoa.

Zine Eskola berriak –Tabakalerak 25 urterako utzi dio espazioa Aldundiari proiektua gauzatzeko– hiru modulutako eskaintza egingo die ikasleei. Zine zuzendaritzari eta sorkuntzari bideratua izango da lehenengoa; zine ekitaldien kudeaketa eta plangintzetan trebatzeko balioko du bigarrenak; eta, azkenik, film zaharrak berritu, katalogatu eta artxibatzeko ikasketak eskainiko ditu hirugarren aukerak.

Gipuzkoan badira beste bi eskaintza zinemari lotuak. Intxaurrondoko Larrotxenekoa da bata, Andoaingo Zine eta Bideo eskola da bigarrena. Gipuzkoako Kultur diputatu Denis Itxasoren arabera, Tabakalerako Zine Eskola ez dator bi zentro horietan eskaintzen dena estaltzera edo konpetentziak sortzera. Aitzitik, bere iritziz Tabakaleran eskainiko dena heziketa osagarri bat izango da. Nolanahi ere, Aldundiak ez du ohiko zine eskola bat eraiki nahi. Zinemaren alorrean bide berriak sortuko dituzten profesionalak ondu nahi dituzte bertan eta ez da izango ikasketa teknikoa helburu duen eskaintza.

Nortasunarekin bat

Itxasoren aburuz, Zine Eskola Tabakaleran kokatzeak badu bere garrantzia eta bere nortasunarekin bat egiteko sortuko da. «Bertan dauden instituzioek –Euskadiko Filmategia edo Zinemaldia, esaterako– Tabakalerarekin bat egin dute eta proiektu bateratuak egiteko gaitasuna erakutsi dute».

Proiektu berriaren asmoa, Zine Eskola Tabakalerako bizimoduan txertatzea izango da. Eskola edo gunea bera 539 metro koadroko espazioan egongo bada ere, ikasleak tabako fabrika zaharreko espazio desberdinetan txertatzea da helburuetako bat. «Ubiken edo zine aretoan eskolak bere zabalpenerako espazio naturala aurki dezake», aipatu zuen atzo egindako aurkezpenean.

Aldundiak lehiaketa publiko bat deituko du eskolako zuzendaritza osatzeko. «Martxoan edo apirilean proiektua zehaztuago izango dugu eta orduan izango da xehetasunak emateko ordua», adierazi zuen.

«Formakuntza arautu gabea» izango dela zehaztu zuen diputatuak, hots, ez dela ohiko lanbide heziketa bat izango. Kazetarien galderei erantzunez, Itxasok ez zuen bertan ikasteko matrikulazioaren prezioari buruzko daturik eman nahi izan. «Ez da hau datu horiek aurreratzeko momentua», argudiatu zuen.

Zine Eskolaren planteamenduak gehiago du berrikuntzatik ohiko hezkuntza eskaintza generikotik baino. «Profesionalagoa izatea nahi dugu, industriari lotuagoa». Aldundiak bultzatutako egitasmo berriak Gipuzkoan, bereziki Donostian, Zinemaldiaren bueltan dagoen jakintza eta afizioa baliatu nahi ditu etorkizunerako profesional berriak osatzeko. Eraberritze lanak udaberrian abiatu eta abuztuan bukatzea aurreikusten dute. 2018an hasiko litzateke eskola berria martxan.