GARA
DONOSTIA

Zabalago eta bereziago, Ahoz Aho jaialdiaren 10. urteurrena

Intujai Teatroa taldeak, Tolosako eta Ordiziako Udalen laguntzarekin, Euskal Herrian dagoen ahozko narrazioaren jaialdi bakanetakoa antolatzen du Ahoz Aho lelopean. Aurten hamargarren urteurrenak izaera berezia emango dio hitzorduari. Martxoaren 2tik 25era egingo da.

Martxoaren 2tik 25era, Tolosa, Ordizia, Donostia, Irun eta Albizturren egingo ditu bere ekitaldiak Ahoz Aho jaialdiak. Intujai Teatroaren bultzadaz, eta Tolosako eta Ordiziako udalekin elkarlanean, Euskal Herrian egiten den ahozko narrazioaren jaialdi bakanetakoa da hori. Aurten, gainera, hamargarren edizioaren atarian da eta ospakizun bereziak izango direla aurreratu dute antolatzaileek, ohikoa baino zabalagoa izango den egitarau batekin.

Ahoz Aho jaialdia euskal kontagintzan erreferentzia bihurtu da azken urteetan eta nazioarteko zein tokiko kontalari profesionalak elkartzeaz gain, ipuinak kontatzearen zaletasuna dutenek ere beren espazio propioa izan dute, profesionaltasuna eta zaletasuna jardun beraren bi zutabeak baitira antolatzaileen ustetan.

Aurtengo hitzordurako, lehen aldiz parte hartuko duten kontalariekin batera, urte horietan guztietan partaide izandako batzuk ere gonbidatu dituzte. Guztira 26 artista izango dira Euskal Herrian, horietako zortzi kanpotik etorritakoak eta 18 bertakoak. Orotara 30 ikuskizun programatu dira Tolosa eta Ordizia artean. Horrez gain, ahozkotasunaren bi gala handi, kontaketa ikastaro bi, hitzaldiak eta kontaketa lehiaketa bat ere txertatu dituzte aurtengo egitarauan.

Euskal Narratzaileen Topaketa

Jaialdiaren urteurrena ospatzeko aparteko ekitaldiak iragarri dituzte, horien artean garrantzitsuena martxoaren 25ean egingo den Euskal Narratzaileen Topaketa izango da. Goizean kontagintza izango dute hizpide May Gorostiaga, Koldo Amestoy, Juan Kruz Igerabide, Joxemari Carrere eta Leire Diaz de Gereñu hizlariek, kontagintzaren eta ahozkotasunaren arlo desberdinak jorratuko dituztelarik. Topaketa horretan ahalik eta kontalari zein zale gehien elkartu nahi dituzte euskal kontalaritzaren nolabaiteko diagnosia egiteko asmoarekin.

Arratsalde partean Urrezko Kalabaza sariak banatuko dituzte lehenengo aldiz, hamar urte horietan jaialdiarekin zerikusirik izan duten pertsonak omenduz.

Antolatzaileek esandakoaren arabera, hamarkada horretan ahozkotasunaren arlo desberdinak jorratzen dituzten 170 artistak parte hartu dute bertan, 30 herrialde desberdinetatik etorritakoak. Aurtengo jaialdian hori guztia ekarri nahi dute gogora Intujai Teatroa taldeko antolatzaileek, eta egindako bideaz eskertu laguntzaile izan dituzten guztiak, Tolosa eta Ordiziako udalak, zein lagun zerrenda luze bat.

Jaialdiarekin batera, aurten bosgarren aldiz, Ipuin Narrazio Lehiaketa egingo da Ordizian. Nahi duen orok izena eman dezake eta finalista izaten direnek Ahozkotasunaren Galan parte hartzeko aukera izango dute. Halako lehiaketarik ez da gehiago egiten Euskal Herrian eta gero eta jende gehiagok parte hartzen du, kontalari saiatuak zein hasiberriak. Antolatzaileen ustetan, aro berri batean sartuko da Ahoz Aho jaialdia, euskal kontagintzari bultzada garrantzitsua emanez. Nuria Carbonellek eta Joseba Aranburuk, Tolosako eta Ordiziako Kultur zinegotziek, euren herrientzat halako jaialdien garrantzia eta kultur eskaintzaren interesgarritasuna aipatu dituzte, eta Maria Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiko Kultur zuzendariak ere horrelako ekitaldien beharra azpimarratu du.