GARA
BINAKAKOA

Iñaki Artola Txapelketara itzuliko da igandean Eibarren

Final-laurdenetako ligaxka amaitzeko bi jardunaldi bakarrik falta zirela-eta jada oso zaila zirudien arren, Iñaki Artola Binakako Txapelketara itzuliko da datorren igandean Eibarko Astelena pilotalekuan. Albisurekin osatzen zuen bikotea berrartuko du, Irribarria eta Rezustaren aurka jokatzeko.

Alegiarrak abenduaren 12an hartu zuen min ezker sorbaldan, hirugarren jardunaldian, eta ordutik jokatu gabe egon da. Bi hilabete pasatxo hauetan Victor Esteban izan da bere ordezkoa: errioxarrak bederatzi neurketa jokatu ditu Artolaren ordezko moduan, lau irabazi eta bost galduta. Asegarcek ez dio inoiz titular baldintza eman, eta seigarren jardunaldian bi bikote desberdinekin ere jokatu zuen, batean Artola ordezkatuz eta bestean Aimar Olaizolaren lekua hartuz.

Artola Eibarren izango da gaur, 16.00etan hasiko den material aukeraketan. 11.30ean, berriz, Olaizola II.a-Untoria eta Ezkurdia-Merino II.a dira Labriten bilduko direnak. Tolosako bi neurketetarako aukeraketak bihar egingo dituzte Beotibarren, 10.30ean hasita.

Urrutikoetxea buruan

Pilotari Onenaren Sarian ez da aldaketarik egon lehen postuari dagokionez, eta Mikel Urrutikoetxeak jarraitzen du buru-buruan 294 punturekin. Gertu du Iker Irribarria, sei puntura, eta Bengoetxea dago hirugarren.