GARA
ITSASONDO

Jasok hamargarren manifestazioa egingo du Ordiziako azokan

Itsasondoko Jaso enpresak 50 greba egun bete zituen atzo, eta gaur, Ordiziako azoka dela eta, enpresa batzordeak hamargarren manifestazioa egingo du bertan 2015. urte amaieratik hitzarmenik gabe daudela salatzeko.

«Egoera ekonomikoen gainetik, eskubide sozialak lortu nahi ditugu eta enpresan dagoen diskriminazioa amaitzea. Tailerreko langileen nominaren homogeneizazioan eta gaixotasun bajetan dago negoziazioa blokeatuta», salatu zuten. Langileen helburua da «presarik gabe baina pixkanaka, tailerreko langileen egoera bulegoetakoenarekin berdintzen joatea». Horren harira, uste dute langileek diru gehiago irabazi behar dutela eta eskubide sozialak ere denentzako berdinak izan behar direla.

Akordioa lortu nahian

Langileek esandakoaren arabera, beraiek pausoak eman dituzte egoera desblokeatzeko, baina zuzendaritzak ez du mugimendurik egin.

Bi hilabetez greba egin ondoren, langileek komenigarritzat ikusi zuten enpresarekin batzar bat egitea, eta halaxe egin zuten. Hauen hitzetan, «oso ondo» joan zen eta argi utzi zuten indartsu daudela eta ez direla lanera sartuko «zuzendaritzak punturen batean jarrera aldatu ezean». Alde horretatik, nabarmendu zuten helburua ez dela «garaipen batekin ateratzea, baizik eta bi aldeak akordioarekin pozik irtetea».

Enpresa batzordeak aitortu zuen egugo hitzarmenarekin eta euren etorkizunarekin kezkatuta daudela, eta zuzendaritzari eskatu zioten langileei entzuteko. Horretarako elkarlana berreskuratu behar dela esan zuten, eta langileak pauso hori emateko prest daude.

Bestalde, greba babesten ez duten langileak kritikatu zituzten: «Ez dago eskubiderik, langile batzuen borrokaz eta sufrimenduaz lortzen diren hobekuntzak aprobetxatzea da».