Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

«Paga infantas»

Imajinatu, une batez, gaur goizean berri txundigarri batekin egin duzula topo egunkari guztietako azaletan. Iñaki Urdangarinek, Zumarragako eskubaloi jokalari ohiak, komunikatua igorri zien bart estatuko eta Europako komunikabide nagusiei.

Bertan bere ekinbidearen zergatia azaltzen du, behin epaia jaso ostean, bere ekintzak euren ezkutuko zergatiarekin nahas ez zitezen.

Komunikatuan dio gaztetatik monarkiaren etsai sutsua izan dela. Ez zuen bere lekurik aurkitu alderdietan. Batzuk gaiarekiko apatikoegiak ziren, beste batzuk Moncloara heltzeko aukeraren truke saldu ziren, komunistekin ez zuen ezer jakin nahi eta erradikalenen estrategiak asko jota errege batekin amaitzea lortuko zuen, baina ez monarkiaren instituzioarekin.

Iñakik mundu guztiaren aurrean frogatu nahi zuen monarkia botere influentzia bidezko lapurreta baino ez dela. Statu quo-aren alarma botoia, segundo batean eta legalki estatuko botere guztia pertsona bakarrarengan kontzentratu ahal izateko amarrua. Alarma botoiarena jendeari azaltzea zailagoa zen; beraz, monarkiaren sustraietan dagoen ustelkeria frogatzen zentratuko zuen bere jarduna. Horretarako, monarkian infiltratu behar zuen; dena erortzen da errazago barrutik. Baina horrek familia batean infiltratzea eskatzen zion, eta horretarako modu bakarra dago.

Estrategia hautatu zuen: gorputza asko landu, kirolari estatusa lortu eta kokolo jatorrarena egin. Edozein printzesa edo printze motarentzako koktel kriptonitikoa.

Behin infiltratuta bere aitaginarrebak egiten zuen gauza bera egiten hasi zen, baina bere kabuz, Zarzuelari informazio askorik eman barik (kokolotasunari amaierara arte eutsi behar zion dena ondo irteteko).

Komunikatuaren azken paragrafoan, eta zinema zuzendarien interesa piztuz, Urdangarinek zintzotasun osoz esango du hasieran estrategia politiko baten parte baino ez bazen ere, azkenean infantaz itsuki maitemindu dela. Cristinaren bizitzarekiko jakin-min jarrerak konkistatu duela.

Orain imajinatzeari utzi, baina ez ahaztu imajinatutakoa.