Maitane ALDANONDO

Sorzain argiltapenak: saiakera erakargarri egitea xede

Gogoeta eta euskara oinarri, hausnarketa sustatzea eta gizarte eragile bilakatzea helburu ditu Sorzain argitaletxeak. Kultura librearen alde eginez, ekonomikoki buruaskia izan nahi du; hartara, lehen liburuak kaleratzeko «crowdfunding» kanpaina abian dute.

Sorzain pertsonaia mitologiko zitala da –jaioberriak hiltzen dituena – baina izen bereko argitaletxe berriak oso bestelako asmoa du, liburuak sortu eta bertako ideiak gordetzea. Gizarte eraldaketarako eragile izango zen proiektu baten bila zebilen hirukote baten ideia izan zen, liburuekin era batera edo bestera lotura estua duena. Hutsune bat sumatu zuten euskara eta gogoetari dagokionez eta saiakera ulerterrazak eginez beharbada jendearengana heltzea izango zutela pentsatu zuten. Asmoa gauzatzeko, elkarte gisa eratu behar izan zuten Getxon. Ordutik, jendea atxikitzen joan zaie, taldetxoa osatuz. Hala ere, proiektuaren muina Jon Kortazarrek, Santi Lapatza-Gortazarrek eta Mitxelko Urangak osatzen dute.

Txalaparta, Pamiela edo Susa argitaletxeek euskarazko saiakerak kaleratu ohi dituzte, baina liburu marduletara hurbiltzea zaila dela uste dute, «militantziagatik» zenbait egilerenak irakurtzen badira ere. Euren hautua bestelakoa da, Urangak zehaztu duenez, aktualitateko gaiei buruzko argitalpen «txikitxoak, ulerterrazak eta merkeak, erakargarriago izan daitezkeelakoan». Aurreikusten dute irakurleria mugatua izango dela, eta horrez gain, bestelako oztopoak jarri dizkiote euren buruari. Ekonomikoki buruaskiak izan nahi dute, zerotik abiatuta. Horregatik, finantziazioa lortzeko crowfunding kanpaina bat martxan jarri zuten abenduaren 5ean. Lehen bi liburuak argitaratzeko behar zituzten gutxieneko 4.000 euroak lortu dituzte jada, eta ostiralera arte dute hobetsitako 5.500 euroetara heltzeko epea.

Inprimategiko gastuetarako nahikoa badute eta lehen bi liburuak maketatzen ari dira: “Erabakitzeko eskubidea, burujabetza, botere-eragilea” eta “Pott Banda. Ekilibrista Bihotza (1977-1980)”. Zerekin hasi pentsatzen ari zirela bi gai atera ziren. «Kataluniako prozesuarekin, Eskoziarekin... pil-pilean dagoen gaia da erabakitzeko eskubidea. Baditugu ezagunak unibertsitateko irakasleak direnak eta haiekin egin genezakeela pentsatu genuen», gogoratu du Urangak. Hala, Eduardo Apodaka, Igor Calzada, Joseba Gabilondo eta Zelai Nikolasen idatziekin bilduma prestatu du bere ideiari jarraituz. Lapatza-Gortazarri, aldiz, Pott Bandari buruzkoa otu zitzaion. Aspaldiko nahia zuen, taldea bere garaian ezaguna izan zelako, kideak egun ere banaka diren moduan, baina haren ingurukoak ez, ordea. Horiek guztiak bildu, eguneratu eta plazaratu nahi dituzte, belaunaldi berriek ezagut ditzaten.

Kultura libre eta debalde

Kultura librearen aldeko apustua da Sorzain. Liburuaren sektoreak bizi duen egoera ikusita, bestelako ekoizpen eredu bat sustatu nahi dute. «Idazle batek normalean %10 eskuratzen du liburuko; bitartekariak, aldiz, %50. Ez da bidezkoa, beraz, baloreak aldatu nahi ditugu, %50 emanez idazleei». Hala, banatzaileak ekuaziotik kanpo utzi dituzte, ardura hori beraien gain hartu, eta euskararen aldeko liburutegi bakan batzuetara eurek eramango dituzte. “Creative commons” baimenpean plazaratuko dituzte lanak eta webgunean salgai nahiz irakurgai egongo dira; musu-truk eskainiko dituzte ere beste materialekin batera. «Badakigu ez dugula asko aterako, baina ateratzen dugun gutxi hori bestelako liburu batzuk egiteko erabiliko dugu. Ez dugu irabazirik nahi, militantzia kontu bat izango da, zoro kontu bat».

Zertan zehaztuko diren ez dakite, baina hainbat ildo ezarri dituzte proiektua parte hartzailea izan dadin. Horretarako, bi bide aurreikusi dituzte: laguntzailea eta bazkidea. Unean uneko ekarpena beharrean, kuota ordaintzea erabakitzen dutenek iritzia emateko aukera izango dute, besteak beste, publikatuko diren liburuez. Hala ere, hori nola egin arautzeke dute. «Oraingoz gauzak ondo doaz, jendea interesatua dago. Crowfunding kanpainan parte hartu du, galdera asko ditugu.... Ikusten ari gara interesa badagoela eta pozik gaude». Hausnarketa sustatzea xede duten bost bilduma bereizi dituzte, urtean bakoitzeko bana argitaratu nahi dute: Itzultopia, euskaratutako literatur unibertsalaren bilduma; Axular, euskara eta euskal kulturarena; Hausnartzen, gizartean eztabaidagai diren gaien inguruan; Lubaki, azken bietan sartzen ez diren saiakerak; eta Irudikari, euskara idatziko eleberri, ipuin, poesia, aforismo eta bestelakoena.

Jarraian beste bildumei ekingo diete. Itzulpenetan klasikoak berreskuratuko dituzte, copyrightik ez dutenak eta euskaratu gabe daudenak; «Londonen bat dugu buruan». Hurrengoak zeintzuk izango diren eztabaidatzen ari dira, baina, gainera, proiektua ezaguna egin den heinean eskuizkribuak jaso dituzte. «Heldu zaigu Lao Tse-ren ‘Tao Te King’ bat, kasu. Ez genuen horrelako egoeran egotea espero, baina zorionez hala gaude. Ondo kudeatu behar dugu, zerk merezi duen eta zerk ez erabaki». Gerora, noski, bestelako ekimenak etorriko dira: hitzaldiak, gaien inguruko solasaldiak, liburu aurkezpenak...