GARA
donostia

Tostaren bidaiatik hizkuntza kudeaketarako gida sortu da

Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Egunean, atzo, Tosta proiektuaren harira burututako hizkuntzen erabilerarako gida eta Jorge Fernandez Mayoralek egindako dokumentala aurkeztu ziren. Gida nazioarteko proiektuetan ari diren kultur eragileei zuzenduta dago.

Donostia 2016ren, Euskaltzaleen Topagunearen eta Europa atlantikoko beste sei hizkuntza gutxitutako eragileen arteko lankidetza proiektua da Tosta, Europako Kultur Hiriburutzaren enbaxada ibiltaria ere izan dena.

Iazko udaberrian abiatu zen eta galiziera, irlandera, eskoziar gaelikoa, kornubiera, galesa, frisiera eta euskara hizkuntzak elkartu ditu.

Tostaren bidaian jasotako esperientziak hizkuntza kudeaketarako gida batean bildu dira. “Gida ez-perfektua” nazioarteko proiektuetan lanean ari diren kultur eragileei zuzenduta dago. Hizkuntza gutxituekiko errespetuzko kudeaketa sustatu nahi duten kultur eragileei zuzendutako praktika proposamena da.

Irizpideak

Euskaltzaleen Topagunearen eskutik, hizkuntzak erabiltzeko, uztartzeko eta itzultzeko irizpideak ezarri ditu, «eta bidean ikasteko eta erronkak identifikatzeko tresna ere izan da», aitortu dute egileek.

Horrez gain, Jorge Fernandez Mayoralek Donostia 2016ren enbaxadak Europako zazpi hizkuntza gutxituren komunitateetan izan duen ibilbidea jaso du dokumentalean. «Gure ozeanoak bustitzen dituen hizkuntza-komunitate gutxituen errealitateak islatzen ditu. Proiektuak bidaia-lagun izan direnen lekukotzen eskutik, eta arte diziplina anitzen bitartez, txikien arteko elkarlanaren handitasuna islatzen du. Tostak bidaian aurkitutako hizkuntza guztien doinuak jaso ditu», adierazi dute.

Dokumentala euskarazko azpitituluekin emango da eta ordubeteko iraupena dauka.

Tosta proiektuan parte hartu duten zazpi komunitateetan ere aurkeztuko dira datozen egunetan argitalpena eta Fernandez Mayoralen dokumentala, tokian tokiko hizkuntzan.