Jon ORMAZABAL
PILOTA

Apraiz: «Ez dut garai berrira moldatzen asmatu»

Hamaika urteren ondoren, larunbatean jokatuko du atzelari gernikarrak azken partida profesional gisa.

Azken bi edo hiru urteetan, erabat aldatu da bi enpresa handietako pilotari koadroa. Erabat gaztetu dituzte Aspek eta Asegarcek euren plantillak eta ez da «erdi mailako» edo garai bateko «enpresa pilotarientzat» lekurik geratu. Alexis Apraiz gernikarra da zerrenda luze horretako azken «biktima» eta hamaika urteren buruan, larunbatean jokatuko du, Labriten, bere ibilbide profesionaleko azken partida.

Agurrak ez du, inolaz ere, ezustean harrapatu atzelari bizkaitarra. Kontratua amaitzear zuen eta, zalantzaren bat bazuen, Beñat Urretabizkaiak debuta egingo zuen albisteak denak uxatu omen zizkion: «Espero nuen zerbait da, gazte berri asko daude, eta orain enpresak hala nahi dituzte», azaldu zuen Radio Euskadin. Hala ere, «ezin naiz kexatu, hamaika urte eman ditut eta denetik bizi izan dut, oso behean hasi nintzen, handi guztiekin jokatu ahal izan dut, bueno Titinekin aritu ez izanaren arantzatxoa geratu zait, eta ez dut egindako ezeren damurik».

Agurrean, hausnarketa interesgarria ere utzi du Apraizek. «Debutatu nuenetik gaur arte aldaketa izugarria izan da. Hasi nintzenean ia ezinezkoa zen goikoekin aritzea, ez bakarrik mailagatik, zegoen materialagatik ere. Oso indartsua behar zenuen izan, gorputza oso landua izan eta oso fin egon. Gaur egun gazteek goian debutatzen dute, materiala asko aldatu delako, batzuei mesede egingo zien eta beste batzuei kalte egin digu, ez gara garai berrietara moldatu. Izar horiek, Aimar, Pablo, Irujo... horiek denera moldatzen dira, baina langileak ginenok ez dugu moldatzen jakin. Beginori pasatu zitzaion, Pascuali.. eta orain niri», adierazi zuen, 2006an debuta eginda, Asegarcek orain arte zuen atzelaririk zaharrenak.

Txispa galduta

Onartzen du azken bi edo hiru urteetan bere mailak behera egin duela, «ez naiz eroso sentitu». «Pablorekin jokatu nuen Binakakoa eta gero besoan nuen txispa edo bizitasun hori jaisten joan zen; gero, azken urteetan aldaketa asko egon da materialarekin. 2012tik aurrera edo, bote gehitxoagoko pilotak jarri dituzte eta horrek ez dit batere lagundu. Saiatu naiz entrenatzen baina ez dut moldatzen asmatu eta azpikoek alde guztietatik gainditzen zaituztela ikusten duzunean motibatzea ere zailagoa izaten da».

Bere kasuak ezaugarri propioak dituen arren, Olazabal, Rico IV, Mendizabal, Argote edo Diazen izenak aipatzen ditu, denek ere antzerako esperientziak izan dituztelako. «Orain oso gazte debutatzen dute, dagoen metarialak horixe ahalbidetzen du eta, jubeniletatik profesionaletara azkar pasatzea. Lehen ez zen horrela, 22-23 urterekin debutatu genuen, baina gaur egun ez dago pazientziarik. Afizionatuetan inor apur bat nabarmentzen bada, bi enpresak borrokatzen dira fitxatzeko, azkar debutatu arazten dituzte. Indartsu hasten dira, oso ondo, baina hor goikoek asko jokatzen dute pilotan, jendeak uste baino askoz gehiago eta haiei irabaztea asko kostatzen zaie. Dinamika txar bat hartu, bost edo sei partida galdu eta horri buelta ematea oso zaila da gero».

Larunbatekoa bere azken partida profesionala izango den arren, Gernikan ari omen dira «dena hasi zen lekuan» amaiera polit bat prestatzen.

 

Lehen itzulia Tolosan amaituko da

Pilota enpresek erabaki dute dagoeneko azken jardunaldi erabakigarriko partidak non jokatuko diren: Bergara, Iruñea, Logroño eta Tolosa izango dira 14. jardunaldiko partidetako egoitzak.

Irribarria-Rezusta / Urrutikoetxea-Imaz lehia, bi bikoteak jokoan ezer ez dutela hel daitezkeelarik, Bergarako Udal pilotalekuan jokatuko da ostiral gauean. Larunbateko lehia, Asegarceko bi bikoteren artekoa izango da, Olaizola II-Untoria eta Artola-Albisu, eta ohikoa denez, Iruñeko Labriten. Igandean, Aspek Logroñora eramango du Ezkurdia-Merino II.aren eta Altuna III.a-Barriolaren artekoa eta ligaxkari Tolosan emango diote amaiera, astelehenean, jokoan asko egongo den lehia batekin; Bengoetxea VI-Larunbe / Elezkano II-Zabaleta.

Bien bitartean, atzo egin ziren asteburu honetako partidetarako material aukeraketak eta Iruñean, Joseba Ezkurdia ez zen erabat konforme geratu, Olaizola-Untoriak hautatutako «motelekin» J.O.