Ariane KAMIO
DONOSTIA

Asmoen bidegurutzeetan

Hitz egin, esan, iradoki, asmoz osatu, une zehatz bati zentzu desberdinak erantsi, bidegurutzeak sortu, asmatu. Hori guztia egiteko ahalmena erakutsi du Antton Olariagak komikigintzari eskaini dion hamarkada luzeetako ibilbidean. Haren sorkuntzarik garrantzitsuenak batu –zaharrenak zein berrienak– eta erakusketa bat osatu du orain Donostiako Komikiguneak ekitaldi batzuekin batera, martxoaren 1ean Koldo Izagirrerekin egingo duen solasaldia, kasu.

Antton Olariagak (Usurbil, 1946) komikigintzaz aritzen denean bere unibertsoa zabaltzen dio bera entzuteko aukera duen edonori. Donostiako Komikigunean zabalik dagoen “Marra eta hitza” erakusketan bere mundu artistikoaren ateak zabaltzen zaizkio hara gerturatzen denari. Olariagak asko du kontatzeko eta edonork, beste hainbeste beragandik ikasteko.

70eko hamarkadan Valentziako “Las provincias” egunkarian lanean hasi zenetik ez du geldiunerik izan marrazkilari usurbildarrak. Izaera propioa dute bere sorkuntza lanek eta beti, berak aldarrikatzen duen moduan, komikiaren hizkuntzan mintzatzeko asmoa erakusten du. Erakusketa bera ere ez ei da bere ibilbideari buruzko erakusketa –nahiz eta baden egindako bidearen lagin bat–, hizkuntza hori espresiobide erabiltzearen eredu baizik.

Egun “Berria” egunkariko zintan Zakilixut pertsonaiaren esku sortzailea da berea, baina horren aurretik esperientzia zabala du Olariagak. “Zeruko Argia”-n eta “Anaitasuna”-n lan egin zuen, eta gerora “Egin”-en eta “Egunkaria”-n. Beste eremu batzuetan ere lan egindakoa da, batez ere literaturan, Erein argitaletxeko “Ipurbeltz” aldizkarian zein hainbat idazleren liburuen azaletan, baita testuetan ere. Erakusketan badira adibide batzuk. Ezagunena, agian, Anjel Lertxundiren “Hamaseigarrenean aidanez” komiki modura egokitu zuenekoa. «Narrazioa moztu behar geninan eta hortik abiatu komikia. Plano desberdinak, nondik begiratu eszena bakoitza», aipatu du Olariagak hizkera laburrean.

Marrazkiak egiteko teknikaren aldaketak bere begien aurrean ikusi ditu. «Lehen marrazkia txuri-beltzean egiten geninan eta inprimategian jartzen zitiztenan koloreak. Sekulako lana egiten zitenan. Orain, arkatz digital batekin zuzenean egiteko aukera zagon. Nik nahiago dinat papera. Marrazkia bertan egin eta gero ordenagailuan eskaneatu, bertan koloreak jartzeko», aipatu du.

Erakusketaren helburua Olariagak komikigintzaren alorrean egin duen lana azaleratzea da. Alde batetik, Paparrean III. Komiki Egunak ekimenerako prestatu ziren panelak daude ikusgai. Olariagaren hautatutako komiki batzuen marrazki eta azalpenekin. Eta, bestetik, bere marrazki originalak ikus daitezke, zirriborroak, tirak, kolore zein zuri-beltzekoak.. Eta azkenik, eleberrietarako egindako beste hainbat lan, komikiaren hizkera darabiltela kontuan hartuta.

Nahiz eta alor desberdinetan aritua izan, marrrazkigileak argi dauka komikiek asmo jakin bat behar dutela izan. «Ezin dun marrazki bat edonola egin. Asmo bat izan behar din». Kartoi gainean egindako irudi bati begira jarri da. «Botilak biltzeko kartoi zati batekin egin ninan hau. Ez dun mila euroko balioa duen koaderno bat egin beharrik. Edozerk balio din», aipatu du. Irudian, gizonezko baten aurpegia. Begietan, ahoan, bisaiaren itxuran azpi-irakurketa gehiago egin daitezke. Nora begira ari da? Zer dago bere begien aurrean? Zerk eragiten du aurpegiko keinu hori? «Gaur egun aurpegien itxurak eta zantzuak erabat galduta zauden. Estandarizatutako keinuak zauden, eta horretan asko galdu dun». Komikiak publiko helduak kontsumitzeko ohitura eskasaz ere penatu da, beste herrialdeetan gertatzen ez den moduan. Bere unibertsoari bisita egin dio Olariagak, eta mundu bati eskainitako leihoa zabalik utzi du. Sorkuntzak eta atzean dituen asmoak argitan jarrita.