A.K.
DONOSTIA

Euskal kantagintza herrikoiko sei abesti berreskuratu dira txelo eta pianorako

Felix Lavilla piano-jotzaileak eta Josu Okiñena bere ikasle izandakoak urteetan egindako lanaren ondorio da euskal kantutegitik piano eta biolontxelorako egokitutako kantuen bilduma. Antza, bi instrumentu horientzat egindako partiturak oso urriak dira euskal folklorearen baitan; Eresbilek soilik sei konposizio ditu bere artxibategietan. «Ez da batere erraza halako egokitzapenak ondo egitea», esan zuen Josu Okiñenak.

Felix Lavilla konpositore eta pianistak euskal kantutegi herrikoiko hainbat abesti egokitu zituen pianorako eta abeslari ospetsu den Teresa Berganza emaztearentzat. Pianoarekin eta mezzo-sopranoarekin aritzeko moldaketak egin zituen orduan Lavillak. Iruñean jaio baina Errenterian urte askotan bizi izandako sortzaileak gertutik ezagutu zuen kantutegia, batez ere Aita Donostiaren eskutik jasotako irakaspenetatik.

Liburu honen sorrera, ordea, beranduagokoa da. «Ameriketatik kontzertu bira bat hasi baino lehen, nire herriko errepertorioa eskatu zidaten, eta, orduantxe konturatu nintzen XIX. mendetik soilik bost abesti zeudela txelo eta pianorako euskal abesti tradizionaletan oinarrituta; hau guztia Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak ziurtatzen du. Hori zela eta, zulo edo hutsune handi bat, material falta itzela zegoen formazio honentzat», aipatu zuen atzo Josu Okiñenak, piano jotzaile eta musikologoak, argitalpeneko sinatzaileetako bat ere badenak.

Felix Lavillarekin jarri zen orduan harremanetan, «izan ere, Aita Donostiaren bidetik jarraitu zuen euskal konpositore eta folklorista handietako bat baita. Felixek, gainera, Aita Donostia Frantziako erbestetik itzuli eta pertsonalki ezagutu zuen eta 40ko hamarkadan berarekin lau eskutara jotzen zuen pianoa Donostiaren Lasarteko familia-etxean. Hala hasi ginen txelo eta pianorako ahots eta pianorako Felixek folklore gaien inguruan idatzitako abestiak moldatzen», gaineratu zuen Okiñenak.

Lana, ordea, ez zen inolaz ere erraza izan. Bere hitzetan, zaila da halako moldaketak egitea, batez ere bi instrumentu horiek kontuan hartuta. Lavillaren etxean, Madrilen, urte mordoa pasatu zituen lanean Okiñenak, abestiok konpondu eta moldatzen. «Bere etxean batu eta pianoarekin lan egiten genuen, konpasez konpas, abestiz abesti. Ordu askotako lana izan zen, baina oso atseginak eta aberasgarriak izan ziren, Felixen umore, profesionaltasun eta nortasunagatik», jarri zuen azpimarran.

Argitalpena, azkenean, aurten argitaratu da. «Biolontxelo eta pianorako errepertorioa aberastu nahi izan dugu, oso eskasa baita». Beraren iritziz, edozein pianista edo biolontxelistak euskal errepertorio folklorikoa ezagutzeko balioko du». Argitalpena Lavilla hil eta lau urtera egin da. «Felixi bihotzez egindako omenaldia ere bada», gehitu zuen Okiñenak.

Argitalpenak hamabi kantu biltzen ditu orotara, “Ator ator” edo “Loa loa” bezalako konposizio ezagunekin. Zerrenda horretatik sei euskal kantutegi herrikoitik berreskuratutako abestiak dira, beste sei Estatu espainolekoak.

Ondarea berreskuratzen

«Betidanik ibili izan naiz liburu zaharren artean, baina aberatsa izanagatik ere, euskal kantagintzaren ondarea ez da ezaguna», ohartarazi zuen. Bere irakasleak bizitza osoan egin zuen bezala, Okiñenaren xede profesional garrantzitsuenetako bat ere euskal kulturaren zabalkundea izan da beti, bere ikerketa eta lanen bitartez. «Euskal musikariak ahanzturatik berreskuratu nahi izan ditut beti, eta, gure euskal ondareari dagokion balioa eman, oso aberatsa baita, baina, era berean, oso ezezaguna», esan zuen.

Aita Donostiaren bizitzaren eta honen obraren ikerketa lanari lotu behar zaio azken liburu hau. Izan ere, ikerketa horien guztien ondorio gisa “Integral de obra para voz y piano” lau diskoko lana argitaratu baitzuen 2012an eta baita Aita Donostiaren piano abestien disko bat ere hurrengo urtean.