Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren «kantuz»

Kantu hau gustuko zuen» esan ohi dugu hil den lagun horretaz gogoratzen garenean. Kantuak bizipenekin eta gertakizunekin lotzen ditugu, testuinguruan kokatzen ditugu, eta horrek sentimenduen eta pentsamenduen esparrura garamatza, lepo.

Denetarik sor dezake kantu batek, samurrena edo krudelena: poza, indarra, tristura, amorrua. Kantuek eta hitzek beti daramate atxikita sentipena eta beti balio digute zerbaitez oroitzeko. Hori etorri zait burura Txapelpunk taldearen “Rockadicto” abestia entzutean: «ni hiltzen naizenean zure buruan egongo naiz eta mila punk-rock abesti bueltaka izango dituzu buruan».

Txapelpunken hitzek zuzenean naramate François (Joxe) Mendiague zuberotarraren “Kantuz” abestiaren muinera. Xoxoak 1980an argitaratu zuen Mikel Laboaren “Lau-Bost” diskoan zegoen. Joxemiel Bidador idazle-ikertzaileak artikulu batean Laboa kritikatu zuen ez zuelako aipatu Joxe Mendiagueren egiletza diskoari zegozkion kredituetan, eta geroago Laboa desenkusatuko zen esanez Arizkungo Xabier Larraldiri ikasi ziola. 1967an Lafittek atondu ondoren, Mendiagueren kantuak hamaika bertsio izan ditu.

Laboarena da bertsiorik miretsiena baina erlijiozko bi estrofa oso kendu zizkion. 2004an Oskorrik bertsio osoa errespetatu zuen. 2008an Benito Lertxundik erlijio-hitzak laikoengatik ordezkatu zituen. 2010ean Kalaka taldeak osoa abestuko du. Bukaera: «Kantu egin dezaten nitaz oroitzean». Kantuz kantuaren definizioa da.