Nagore BELASTEGI
TOLOSAKO INAUTERIAK

Umore ona kutsatzen duen emakumeari txaloaldia

Kabi Alai elkartearen eskutik, inauterizale kuttunaren izendapena jaso duen lehen emakumea da Mari Cruz Iribarren. 99 urte ditu eta bizitza osoa eman du inauteriez gozatzen. Hunkituta jaso zuen saria, konturatu gabe berak ematen diela gainontzekoei saririk handiena: bere umore ona.

Goiz iritsi zen Mari Cruz Iribarren Tolosako udaletxera bere familiak lagunduta. Irribarrea jantzi zuen udalbatzar aretora sartu orduko eta ez zuen tarte osoan erantzi. Gela erdian zegoen aulki batean eseri zen, jendea inguruan zalapartaka zuela. Denek nahi zuten harekin hitz batzuk egin. Arrazoia? Bada, alaitasuna eta bizitza darion herritar hau delako Kabi Alai elkarteak 75 urtetan Inauterizale Kuttun izendatu duen lehenengo emakumea.

Titulu hori ematen die inauterien alde lanean aritu diren pertsonei eta, oroigarri bat eskaintzeaz gain, ostegun gizen egunean, plaza jendez leporaino dagoela, txupinazoa botatzeko ohorea ematen zaio. Omenaldi hori are garrantzitsuagoa da Iribarrenek 99 urte dituela kontuan izanik. «Oso pozik nago. 60 urte baino gehiago eman ditut mozorroak prestatzen; lehenengo seme-alabentzat, gero ilobentzat eta orain balkoian jartzen ditudan panpinentzat», zioen.

Bere ustez, lehen inauteriak alaiagoak ziren orain baino. Hori konpontzeko, egungo inauterizaleei gomendio bat emateko eskatu genion: «[inauteria] bakar bat ere ez galtzea eta gero eta alaiagoak izatea».

Donald, baina ez ahatea

Ostegun Gizen konpartsa plazan sartu orduko, Kabi Alaikoek harrera egin zioten Iribarreni udaletxean, «inauteriekin izandako lotura estuagatik eta bere zaletasuna ingurukoei kutsatzeagatik». Ondoren, saria eman zioten eta elkarteko kide batek hitzok esan zizkion: «Saririk handiena zuk eman diguzu guri zure umore onarekin eta pasadizoak kontatuz». Jarraian, Olatz Peon alkateak eskerrak eman zizkion inauteriei emandako guztiagatik.

«Ilobak hitz egitera etorri zaizkit, baina ez ditut ezagutu. Bihar ezagutuko ditut denak», aipatu zuen omenduak aretoan zegoen jende mordoarekin harrituta. Pixkanaka Kabi Alai elkartekoak balkoira atera ziren, baita On Ostegun Gizen ere... baina ez benetakoa. Urtero zerri beldurtua gainean eramaten duen harakinak baja hartu du aurten eta bere argazki batekin irudikatu zuten pertsonaia.

Denek espero zuten unea hasi zen. «Aurtengo pertsonaia ospetsu gonbidatua Donald jauna da, baina ez da Disneyren ahatea. Agurtu dezagun, bakoitzak nahi duen bezala, Donald jauna», esan zuten, eta Donald Trump-en orrazkera ezaguna zeraman gizon bat atera zen balkoira Ameriketako Estatu Batuetako ereserkia entzuten zen bitartean.

«Jakin dut goizean hamarretakoa hartu dudan elkartean emakumeak sartzen direla; beraz, arratsaldean emakumerik gabeko benetako elkarte batera joan nahi dut», bota zuen txistu artean. Tolosarrak eta kanpotarrak banantzeko horma eraikitzeko proposamena ere gaizki hartu zuen jendeak, baina trukean tolosarrak beste herri batera joaten direnean tragoak doan izatea proposatu zuen, eta orduan bai, jendeak erruz txalotu zuen.

Festari hasiera emateko, Mari Cruz Iribarreni egokitu zitzaion hitz magikoak esatea: «Gora Tolosako inauteriak». Suziria piztu zuen, eta beste behin ere hainbeste maite duen plaza dantzan ikusi zuen.