Asier AIESTARAN
PILOTA

Aimarren erakustaldia borrokan sartuta segitzeko

Goizuetarrak dozena bat tanto bikain amaitu zituen; maila ederra eman zuen Untoriak ere, ongi lagunduz.

OLAIZOLA II.A-UNTORIA 22

EZKURDIA-MERINO II.A 16


Txapelketan bizirik jarraitzeko derrigorrean irabazi beharra zuten Aimar Olaizolak eta Alvaro Untoriak, eta Asegarcekoek ia beren mailarik onena atera zuten Labriten. Zalantzaren batzuekin hasi arren, atzelari errioxarra oso sendo aritu zen partida oso-osoan eta aurrelari goizuetarrak bikain baliatu zituen bere aukerak neurketa aurrean erabakitzeko.

Justu kontrakoa gertatu zitzaien Joseba Ezkurdia eta David Merinori. Galdu arren, finalerdietan sartzeko oraindik aukera askorekin jarraitzen dute, baina atzo ez zuten aurpegirik onena azaldu. Ondo samar hasi arren, Merinok nabarmen egin zuen behera bigarren zatian, eta Ezkurdiak ez zituen bere atzelariaren unerik indartsuenak aprobetxatu aldeak irekitzeko. Gero, jada oso atzetik zirenean, saiatu zen arriskatzen, baina beranduegi zen 22ra iristeko.

Ezkerrez nahi bezala

Partidaren aurreneko zatia arras berdindua suertatu zen. Atzeko koadroetan indarrak oso parekatuta zeuden Untoria eta Merinoren artean, eta tantoak alde batera nahiz bestera erortzen joan ziren, dominatzaile argirik gabe. Horrela, 2, 3, 4, 6, 7 eta 8. tantoetan berdinketak igo ziren Labriteko markagailura. Ordurako, Aimarrek hiruzpalau tanto eder eginak zituen, baina Ezkurdia ere bikain ari zen –ikusgarria 3-3ko bi pareta boleaz edo 6-5eko gantxoa errestoan–.

Neurketa gogortzen joan ahala, ordea, Merino sufritzen hasi zen, pilota kendu ezinik, eta aukera hori bikain baliatu zuen Olaizolak markagailuan tartea zabaltzeko. Gantxoak ikusgarri funtzionatu zion atzo –zazpi bat tanto egin zituen jokaldi horrekin–, baina horren gustuko ez dituen beste jokaldi batzuekin ere asmatu zuen, 16-10ekoa igoarazi zuen dejada bikaina txokoan, esaterako. Norgehiagoka hautsita zegoen.

Abantaila are handiagoa ere hartu zuten gorriek 19-12an, eta orduan iritsi zen Ezkurdiaren azken saialdia, asko arriskatuz. Tantoren bat edo beste ongi irten zitzaion, 20-16 ere hurbildu ziren bere horma-biko eder batekin, baina hortxe amaitu zen dema. Hori bai, gutxienez, bi bikoteen arteko tanto averagea alde dute Ezkurdia-Merinok.