GARA
IRUÑEA

Iruñeko Udalaren arte bilduma ikusgai dago

Arte garaikideko bilduma osoa ezagutzeko aukera eskaintzen du «BAT: Pi Fernandino bildumako jatorrizko lan grafikoa» erakusketak.

“BAT: Pi Fernandino bildumako jatorrizko lan grafikoa” erakusketa XX. mende amaierako espainiar artearen narrazioa da, modu didaktikoan egina.

«Ziudadelako Arma Aretoko lehenengo solairua iraupen luzeko erakusketa sorta baten erreferentziazko egoitza izanen da; izan ere, bertan ikusi ahalko dira Iruñeko Udalaren Arte Garaikideko Bildumako funtsak, udal ondare artistiko horrek gorde duen balioa garatu eta aktibatzeko moduan», nabarmendu dute udaleko ordezkariek.

Urrats hau Ziudadelan kultura garaikideko zentro bat (Hiriartea proiektua) sortzeko prozesuan kokatzen da eta Pi Fernandino arte garaikideko bildumak Iruñeko Udalari aldi baterako lagatako funtsen erakusketarekin hasi da. Pi Fernandino bilduma erreferentziazkoa da bilduma-zaletasun pribatuaren arloan.

Teknika

Erakusketan nagusi dira joan den mendeko 90eko hamarkadako lanak. Bertan 80 lan baino gehixeago izanen dira ikusgai, guztira 63 egilerenak, eta teknika desberdinen bidez eginak: collageak, akuaforteak, litografiak, serigrafiak, grabatuak, xilograbatuak eta sakongrabatuak, euskarri desberdinen gainean egindako inprimaketak eta faksimileak. Iruñeko Udalari aldi baterako lagatako lan grafikoen bildumaz gainera, ikus-entzunezko hiru lanek osatzen dute erakusketa, halakoak ere bat baitatoz gainontzeko piezekin, jatorrian eta garai artistiko haren espirituan.

Horrez gain, Iruñeko Udalaren Arte Garaikideko Bildumaren hiru lan ikusi ahal izanen dira: Juan Muñoz, Cristina Iglesias eta Susana Solanorenak.

Erakusketa maiatzaren 21era arte bisitatu ahalko da, ordutegi honetan: asteartetik ostiralera, 18.00etatik 20.30era; larunbatetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.30era, eta igandeetan, soilik goizez, 12.00etatik 14.00etara.