Maider IANTZI
TOLOSAKO INAUTERIAK: ZALDUNITA EGUNA

Hartu oihal koloretsu bat eta josi irudimenaren eta irriaren mozorroa

Astronauta parea astiro-astiro mugitzen da San Frantzisko kaleko lorategian. Lanparatxo banarekin argia eginez, eskuak burura eramaten dituzte ikusten ari direnarekin harrituta. Tolosako karrikak bezala bete zaizkie begiak eta eurak ere batu dira bestara. Irudimenaren eta umore onaren entrenamendura.

Aitorpen bat, hasteko: mozorrotzea sobera gustatzen ez zaienetakoak gara. Martziano antzekoak Tolosan. Halere, lankideek animatuta, jende artean nahasteko egokiena delakoan, ahalegintxoa egin dugu. Kazetariz mozorrotuta ekin diogu egunari. Geltokiz geltoki jende xelebreagoa igotzen da trenera, jada paperean ongi sartuta, gainera. Denok askatu gaitu ibilgailuak Tolosa Erdian, eta trenetik lurrera dagoen koska kontuz-kontuz saltatu dugu aitatxi-amatxiek eta guk.

Lurra zapaldu orduko sorbaldatik heldu eta argazkia ateratzeko eskatu digu familia batek, gero lagun talde batek, gero... Mozorroaren eragina ote? Burrunban barneratu baino lehen, kafetegi txokoan babestuta idatzi ditugu lehen lerroak, gure paperean fidel. Inguruan ditugu amona manttangorri bat, Superbowl jokalari kuadrilla bat eta zinta trabatu eta guzi duen Gozategiren kasete mitikoa.

“Feria de abril” gisako bat muntatu duen kuadrillak kontatu digu goizeko zortzietan diana izan dela, momentu magikoa tolosarrentzat. Pijama eta batarekin jaisten dira kalera, eta gero etxera itzultzen dira mozorrotzera. Nahiz eta jaia ostegun gizenean hasi, zaldunita egunera arte ez dituzte estreinatzen hainbertzeko irrikaz eta ilusioz prestatutako jantziak. Herri honetako bertze osagai ezinbertzeko batekin, txarangarekin, kaleaz jabetzen dira.

Triangulo plaza erabateko jaia da goizerako. Kuadrillek karrozak atera dituzte, eta euren artean ongi pasatzeaz gain, hurbiltzen den jendea inplikatzen dute, beren antzerkira eta girora gonbidatuz. Gryffindor etxean dantza eta dantza ari dira hainbat neska-mutil. “Jarry pottea” dio atariko kartelak, hitz jokoa eginez. Karrozan disfrutatu, bazkaldu eta zezenetara joanen dira. «Gauean xuabe –diote–, astelenitan konpartsarekin aterako gara-eta».

Antzerkia kale kantoian

Txantxak lagun ditu kritika soziala eta politikoa. San Frantzisko kaletik goazela, megafonotik solasean ari den apaiz batek bereganatu du gure arreta. «Gurekin ditugu hiru pertsonaia handi», dio aulkietan jarrita dauden gizon batzuk aurkeztuz. «Lehena, Ourenseko parrokoa, katoliko-apostolikoa. Bigarrena, Siberiako kristau ortodoxoa, eta hirugarrena... Non da errabinoa? Pixa egitera joango zen. Badakizue, apaizen bi bekatu handiak gula eta prostata dira... Listo, hemen da errabinoa ere».

Jende ugari bildu da antzerkia ikustera. Agertokitzat duten errepide eta espaloi puskan bada ohe bat ere. Bertan emakume bat dago hagitz aurpegi txarrarekin, arnasestuka, barrenetik zerbait bota nahian. Luzifer kanporatu behar du. Ourenseko parrokoa hasi zaio laguntzen, komuneko eskuilarekin bedeinkatuz. Deabrua atera da ohantze gibeletik eta borrokan aritu dira. Baina parrokoak ezin izan du garaitu.

Kristau ortodoxoak intsentsuarekin egin du ahalegina, baina ezin izan du honek ere. Eta Isaac judu errabinoa saiatu da, liburuarekin, burua goiti eta beheiti era esajeratuan mugituz eta jendea irriz lehertuz. Baina alferrik.

Gizonen ondoan bada emakume bat, ttuntturro formako kapela txuriarekin. «Maritxu Zegamakoa da» aurkeztu du megafonodun apaizak. Pasmo belarra eman dio pazienteari. Deabruak sabelera eraman ditu eskuak. Ondoezik sentitzen hasi da eta erratzarekin joka bidali du sorginak. Sendatu da eria.

Txaloz hartu dute inauterizaleek parodia, gustura. Berazubikoak dira aktoreak. 20 urte daramate halakoak prestatzen eta antzerkia aldarrikatu dute.

Kontatu digutenez, garai batean karrozak mugitu egiten ziren; orain, aldiz, geldirik daude eta jendea da mugitzen dena. Ilaran jarrita daude karrozak, San Frantzisko kale osoa hartuz. Baina bazter guztietan daude ezuste politak: espaloietan, balkoietan... Adibidez, tenis kantxa bat muntatu dute txoko batean, nahi duena jostatzeko.

Erromatarrek Hemendik At dantzatzen dute, Zesarrek bere tronutik OK-a ematen dien bitartean. Tximeletak Safri Duo-ren erritmora dabiltza hegan, eta gospel taldeak ederki mugitzen ditu gerri eta ipurdiak. Koreografiak primeran prestatuta dituzte, eta inguratzen diren lagunek bat egiten dute dantzekin. Giroa hagitz goxoa eta alaia da, eguzkia lagun. Kanarietako karrozakoek diote beraiek ekarri dutela. Golfean asmatzen duenari txorizoa ematen diote.

Etxe Zuri dotorea eraiki du kuadrilla batek, eta mexikar eta euskaldunekin jarri du dantzan AEBetako presidentea. Mister Garoñarekin gurutzatu gara. Hortz ustelak eta sekulako begi zuloak ditu. Leitza-Tolosa bidea egiten duen Leitz-air konpainiako hegazkinarekin ere bai. Eta, jakina, Benidormera doan jubilatuen autobusarekin.

Burgosetik espresuki etorri den lagun bat ezagutu dugu (mozorrotu gabe dagoen bakarrenetakoa), bizitzen ari denarekin txundituta, baita Senegal eta Gipuzkoaren arteko etorkin elkartekoak ere, euskal txapela eta zapia buruan.

Zirku eroaren ondoan hartu dugu mokadu bat, adineko bi emakume koloretako zintak lepoan eta begiak dir-dir eserita dauden bankuan, astronautak lurreratu diren lorategitik hurbil... Hementxe geldituko gara bertze pixka batean.