Martxelo DIAZ

«UZTABERRIA»: ERRIGORAREN UDABERRIKO UZTA HEMEN DUGU

Gaurtik hasi eta hilaren 14a arte martxan egongo da Errigora ekimenaren «Uztaberria» kanpaina. Duela hiru urte eman zituen lehen urratsak Errigorak, euskara, Nafarroako bertako ekoizpena eta auzolana elkartzeko eta bultzatzeko helburuarekin. Ordutik sendotu egin dela nabarmendu dute antolatzaileek.

Duela hiru urte Errigora ekimena martxan jarri zenean bi ekoizlek baino ez zuten parte hartu. Orain 22 dira produktuak Euskal Herri osoan barrena banatzen diren saskietan parte hartzen dutenak.

«‘Errigorago’ goaz. Hasi ginenean amets mordoa genuen eta amets horiek errealitate bihurtzeko apustua egiten dugu. Zergatik goaz ‘errigorago’? Ekimenaren inguruan bildu diren elaboratzaile guztiei esker, euskalgintzako kideei esker, herri askotan trinkotzen ari den sareari esker eta arnasa ematen diguten auzolangileei esker. Ilusioa, grina eta gogoa dugu», azaldu zuen atzo Errigora ekimeneko kide Ibai Sueskunek atzo Iruñeko Gazteluleku elkartean egin zuten udaberriko kanpainaren aurkezpenean.

Errigorak urtean bitan antolatzen ditu orain kanpainak, udazkenean eta udaberrian. «Produktua ezagutarazi eta euskarari ekarpen ekonomikoa egiten diogu. Urte osorako produktuez hornitu daiteke jendea, bidezko prezio batean eta produktua kontsumitzaileen eta ekoizleen erdigunean jarrita», azaldu zuen Sueskunek.

Gaurtik aurrera egin ahal izango dira udaberriko produktuen eskariak (orburuak, potxak, kremak, zainzuriak, olioa...) errigora.eus helbidean eta baita ere Euskal Herrian zehar 60 herritan egongo diren kolaboratzaileen egoitzetan (tabernak, euskaltegiak...).

675.000 euro lortu ditu Errigorak Nafarroako hegoaldean euskara sustatzeko eta azkeneko kanpaina inoizko emankorrena izan zen, 14.000 saski banatu zituztelako. Kanpaina berrian lerro ekologiko bat prestatu dute.

Kanpaina berriak badu berrikuntza bat: kolpe batean egingo da izen-ematea baina banaketa eta ordainketa bitan. Alde batetik kontserbak izango dira eta bestetik olioa. «Jendearentzako diru dexente da. Zortzi olio bidoi eta piper poto, tomate eta krema ugari jasotzeak gure ekonomian eragina du. Beraz, bitan banatzea komeni zela ikusi dugu», azaldu zuen Sueskunek.

«Hau guztia abal moduko bat da Errigoraren izenean joateko. Eskaintza desberdinak jaso ditu Errigorak elkarte desberdinen aldetik, nekazarien aldetik, euskalgintzako eragileen aldetik, elikadura subiranotasunaren alde ari diren kolektiboen aldetik. Indarra badago, babes bat badago», adierazi zuen Sueskunek.

Indar metaketa honekin erronkei aurre egiteko prest daude. «Zeintzuk dira erronka nagusiak? Euskararen inguruan, euskalduntze egitasmoak ekonomikoki laguntzeaz gain eremu berriak euskalduntzeko aliantzak eta baliabideak sortzera goaz. Aurrerago joango gara eta ikusiko dugu nola burutuko dugun hori. Nekazaritzako baliabide eta produktuei dagokienez, esan daiteke Nafarroako hegoaldeko ekoizpena bultzatzeko asmoa ere badugula. Agroekologian ere urratsak egin ditugu. Apustu ugari garatzen ari gara denda txikiekin, kontsumo taldeekin, jantokiekin...», azaldu zuen Sueskunek. Kontsumitzaile sareak indartu eta fidelizatu nahi dituzte.

Auzolana eta elkarlana, altxorrak

Auzolana eta elkarlana indartzea ere erronka da Errigorarentzat. «Gure altxorrak dira eta horiekin, gure filosofiarekin, aurrera goaz», gaineratu zuen.

Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko presidente Edorta Lezaunek ekoizleentzako Errigora ekimenak duen garrantzia nabarmendu zuen. «Agroekologia arloan aurrerapausoak ematen ari gara eta hori oso garrantzitsua da. Ekoizleak produkzio eredua aldatzeko bidean aurrera goaz eta horretan kontsumitzaileekin harremanak indartzea ezinbestekoa da. Gero eta eredu jasangarriagoak behar ditugu lurralde osoaren mesedetan», azaldu zuen.

Modu honetan ekoizteak esfortzua suposatzen duela gaineratu zuen Lezaunek. «Elkarlana oso inportantea da. Bakoitzak bere lana jarri du mahai gainean: nekazariek produktuak ekoitziz, kontserbagileek potxak ontziratuz eta landa eremuko produktuari balioa emanez, ekimenaren antolatzaileek ekoizleak eta kontsumitzaileak harremanetan jarriz, kanpainak diseinatuz eta mundu hau guztia martxan jarriz», esan zuen.

Ekoizleek Errigora ekimenaren bitartez jasotzen duten sostengua ere garrantzitsua izaten da beraien produkzio guneak errentagarriak izan ahal izateko. Bultzada honi esker, nekazari askok aurrera egin ahal dute: «Urtetik urtera produktu gehiago dago, Errigoraren saskia gero eta anitzagoa da eta gero eta hektarea gehiago daude ekimenean».

Honekin batera, auzolanaren garrantzia ere azpimarratu zuen Lezaunek. «Boluntario ugarik hartzen dute parte eta logistika arloan eta banaketan laguntzen digute. Euskaltegiak, udalak, mota askotako elkarteak aritzen dira honetan eta beraien lanari esker gure produktuak Euskal Herriko txoko guztietara heltzen dira. Hau ere herrigintza da. Sortzen diren merkataritza harremanekin ere herria sortzen ari gara. Eta landa eremuan aritzen garenon lana indartzen da. Beharrezkoak gara hirigunetan bizitzen zaretenak elikatzeko».