2017/03/21

Erreportajea
 
Lotan zeuden arrantza sareak, kalitatezko jantzi gisa berpizturik

Redcycle proiektua sortu dute Ternuak eta Opegui Gipuzkoako baxurako arrantza ekoizleen elkarteak, sareak eraldatuz mundua eraldatzeko asmoz, pixka bat behintzat. Erabiltzen ez ziren arrantza sareak jaso, landu, eta jantzi birziklatu eta birziklagarri bilakatu dituzte.

Maider IANTZI
0321_eko_ternua

Abandonatutako arrantza sareak biltzea hagitz garrantzitsua da, itsas hondoan lo dauden 640.000 tona sareak arrisku bizia direlako ekosistemarentzat. Itsasoa kutsatzeaz gain, animaliak hil ditzaketela jakinarazi du Opeguiko Xabier Zalduak. Portuetako biltegietan ere baliatzen ez den sare ugari dago. Inork ez daki egunen batean erabiliko diren ala ez. Arazo handi honi buelta emateko elkarlanean dabiltza Ternua eta Opegui Gipuzkoako baxurako arrantza ekoizleen elkartea, Lakuako Gobernuaren babesarekin.

Elkarrekin hasi ziren iaz Redcycle proiektua josten, bi xederekin: sareak birziklatzea eta jendea kontzientziatzea itsasoak eta natura zaintzeko. Lehendabiziko pausoa Bermeo, Getaria eta Hondarribiko kofradietan baztertutako sareak jasotzea da. Handik Esloveniara eramaten dituzte. Bertan, Italiako Aquafil enpresa aitzindariak hondakinak prestatu, xehatu, garbitu, eta birziklatutako bertze gai batzuekin nahasten ditu (moketak, kasu). Nahasketa horrekin hondakinek bidaiari ekiten diote birziklapenean barna. Lehengai bihurtzen dira berriro (galauts), eta, ondotik, Econyl izeneko haria sortzeko erabiltzen dira.

Bidaia ez da hor bukatzen. Hari hori Bartzelonako IBQ enpresara bidaltzen dute, ehunak sortzeko. Eta ehun horiekin jantziak diseinatu eta garatzen ditu Ternuak Arrasaten. Emaitza jantzi birziklatu eta birziklagarriak dira. Lurra errespetatzeaz gain, hari berriaren kalitate bera dute eta bete beharreko funtzioa ederki betetzen dute.

Bi galtza modelo

Donostiako Aquariumean aurkeztu zuten atzo Redcycle egitasmoa, toki ezin aproposagoan, eta ez arrain artean eta itsasoari begira egoteagatik bakarrik, bertan egiten den kontserbazio eta dibulgazio lan handiagatik ere bai, bereziki haur eta gaztetxoekin. Han zebiltzan ekitaldiaren unean ere, hainbat motatako arrainen ondoan, azpian eta gainean gozatzen. Aquariumeko gela batean sareetatik arropa sortzeko prozesuaren etapa guztiak esplikatu zituzten, materialak ukitzeko aukera emanez: sarea, moketa, bien nahasketatik sortutako galautsa, ehuna eta, azkenik, Ternuako galtzak.

Eduardo Uribesalgo 1994an sortutako enpresa honetako I+G zuzendariak eman dizkigu xehetasunak. Bi galtza modelo dituzte. Lehenak Upright Pant izena du. «Ehun bielastikoarekin egina dago. Uraren kontrako tratamendu bat ere badu. Oso erosoak dira, urte osoan mendian ibiltzeko egokiak».

Bigarren modeloa, Ride On Pant, aproposa da kalerako, baita bizikletan mugitzeko ere, galtzak azpiko aldetik tolestean argia islatzen duten osagaiak agertzen direlako, bizikleta gainean seguru ibiltzeko. Bi jantziok prest egonen dira 2018ko udazken-neguko bildumarako. QR kode bat izanen dute jendeak proiektuaren bideoa ikusteko eta jantzien gibeleko istorio guzia ezagutzeko.

Uribesalgok agertu duenez, sareez aparte, bertze hainbat gauza birziklatzen dute arropa egiteko: kafe hondarrak (usainaz babesteko hagitz onak), erabiltzen ez diren jantziak, botilen plastikoa (berak jantzita daraman jertsea honekin egina da), lumak, poliesterra, kotoia, artilea...

Redcycleren lehendabiziko urratsean 12 tona sare bildu dituzte eta, horri esker, Ternuak 9 tona poliamida birziklatu eta erabilgarri lortu ditu. Poliamida birjinaren kantitate hori lortzeko, 18 tona petrolio kontsumitu beharko ziratekeen, eta 40 tona CO2 sortu, I+Gko zuzendariak nabarmendu duenez. Ingurumena aunitz kutsatzen duen ehungintzaren sektorean gauzak egiteko bertze modu bat da. Mundua eraldatzeko eraldatzen diren sareen proiektu hau horren adibide da.


 

 

Salimos a la calle a realizar un experimento...
 
¿Y SI NO SE CUENTA?
Kontatzen ez dena ez da