GARA
GRAVNI TORNEOA

Nafarroak bere gaitasuna erakutsi du Arabaren aurka

Gravni Torneoko bigarren jardunaldian Nafarroak bere dohainak erakutsi zituen. Egungo txapeldunak iragan astean Gipuzkoaren kontra galdu egin zuen, baina bigarren jardunaldian Araba aise menderatu zuen. Ezker paretan, 21 partidatik 14 irabazi zituzten, erremintan eta eskuz nabarmenduz. Trinkete barruan, Nafarroak bere aldeko 3-9koa sinatu zuen, paleta argentinarrean eta larruzko paletan bikain arituz.

Bizkai eta Gipuzkoaren arteko borroka ere oso erakargarria izan zen. Gomazko paletan, larruzko paletan, palan eta pala motzean erakutsitako nagusitasunari esker, bizkaitarrak garaile atera ziren frontoian (11-9). Trinketean, ordea, Gipuzkoak ez zuen aukerarik eman eta nagusien mailako eskuzko banaka eta binakakoak salbu, gainerako zortzi neurketak irabazi zituen.

Azken norgehiagoka murriztuan, Errioxak 3-2 gainditu zuen Iparraldeko taldea ezker paretan, eta 2-0 trinketean.