Ruben NIETO
BILBO

Loraldiak urrats berri bat eman du bere ekoizpen propioen estreinaldiarekin

Jaialdiak arrisku artistikoak hartzeko konpromisoari eusten dio. Horren adibide, asteburuan taularatuko dituen bi ekoizpen propioen estreinaldiak. «Strip-tease» antzezlana, lau zuzendarik gai honen inguruan sortutako piezak biltzen dituena. Eta Peter Seeger folk abeslariaren omenezko kontzertua, hainbat musikariren parte-hartzearekin.

Bilbon bada zer ikusi eta zer entzun. Loraldiak aurrera jarraitzen du bere programazio zabalarekin, eta hirugarren asteari ekin dio aparteko nobedadeekin, eta horien artean daude “Strip-tease” izeneko antzezlanaren eta “Eutsiko diogu Pete! The Seeger basque sessions” ikuskizun musikalaren estreinaldiak. Aitor Narbaizak, sustatzaileen ordezkariak, antzezlanaren zuzendariekin egindako agerraldian esan bezala, erronkatzat hartu dituzte sormen prozesu hauek. Arriskuak arrisku, sinetsita daude «bi ekoizpen propio hauen estreinaldiek harrera ona edukiko dutela».

Zuzendariek esker onez hartu zuten «honelako jaialdi baten barruan, sormen prozesu esperimental batekin konprometitzea». Honela mintzatu zen Fernando Bernues, Jokin Oregi, Mireia Gabilondo eta Garbi Losadarekin batera eginiko aurkezpenean. Ohikoa ez den zerbaiten ilusioarekin abiatu ziren esperimentazio honetan. Orain, emaitza ezagutzeko momentua heldu da.

Biluztearen gaineko lau begirada ezberdin aurkezten digu “Strip-tease”-ek. Aipaturiko esperientzia handiko lau sortzaile hauei, gaia oinarritzat hartuta pieza bana sortzea eskatu zien Loraldiak. Sormenezko saiakuntza honetan, lau eszena zuzendari handiren beste horrenbeste antzerki pieza argitaragabeak batzen dira. Protagonistek aitortu bezala, sormen prozesu honen hasieran, beraien arteko elkarlana egon da, bakoitzaren asmoak ezagutze aldera. Baina, ondoren, lanketa independenteak izan dira eta jatorrizko iradokizunaren garapenak eta emaitzak asteburu honetatik aurrera taularatuko dira. Ostiralean izango da estreinaldia, Arriaga antzokian, 20.00etan, eta larunbatean saioa errepikatuko dute. «Askatasun osoa eduki dugu lanari ekiterakoan», adierazi zuten zuzendariek, muga bakarra iraupena izan delarik. Piezek 10 eta 20 minutu arteko luzera eduki behar zutelako.

Jokin Oregiren “Orduan, ez naiz biluztuko” sorkuntza lana izango da taularatuko den lehenengoa. Oregik berak gogora ekarri bezala, «ez da lehenengo aldia gai honen inguruan ikuskizun bat egiten dela Arriaga antzokian. Horregatik, ideia proposatu eta sustoa hartu nuen hasieran». Ondoren baina, urteen arteko alderatzea ikuslearentzako interesgarria izango zela pentsatu zuen. Biluzteari buruzko gogoeta honetan, strip-tease hitzak sorrarazten dituen pentsamoldeak, irudiak, kezkak edota galderak nahasten dira. Lau aktore strip-tease casting batera aurkezten dira, eta pertsonaia hauen gorabeheren bidez, gorputzak baino, gizarte honen miseriak azalaraziko dira. Pieza honen aktoreak Ane Pikaza, Olatz Ganboa, Lander Otaola eta Getari Etxegarai dira, musika Adrian Garcia de los Ojosek jarri duelarik.

Garbi Losadak, aldiz, kutsu erreibindikatzaile batetik eraiki du bere pieza. «Gure lanean, strip-teasea eskubideak aldarrikatzeko bitarteko bat bezala aurkezten dugu». “Lady Godiva: ikusten ez dena, ez da” izeneko sormen lan honetan lehenengo biluzte erreibindikatiboa gogora ekarri nahi dute. XI. mendean, Lady Godiva izeneko emakume bat Coventry konderri ingelesean kalez kale paseatu zen, zaldi baten gainean eta biluzik, zergak murrizteko eskatzeko. Gidoiaren lanketan, Losadak Jose Antonio Vitoriaren laguntza izan du. David Bernues musikaren egilea da eta Klara Mendizabal, Aitor Beltran eta Asier Hernandez aktoreak.

Hirugarren eskaintzan, strip-tease emozionala jorratzen da nagusiki, «arropa kendu gabeko biluzketa», Mireia Gabilondo-ren hitzetan. «Duela urtebete ideia planteatu zidatenean, lehenengo gogoa sortu zitzaidana Telmo Irureta aktorearekin lan egitea izan zen». Garun paralisia du eta gurpil-aulkian dabil 27 urteko aktorea. «Bion arteko gogoeta bat sortu genuen. Eta hortik gidoia ere bai», erantsi zuen Gabilondok. Protagonistaren harremanak eta bizipenak abiapuntutzat hartuta, desira biluzien eta biluzien desioak jorratzen dira pieza honetan. Telmo Iruretarekin batera, Eneko Balerdi, Haritz Morras eta Oskitz Gorratxategi aktoreek parte hartuko dute.

“Begirunea” izenburua du Fernando Bernuesek zuzentzen duen piezak. Egile donostiarrak honelako sormen prozesuak goraipatu zituen, eta gaia eman ziotelarik «strip-tease hitzak, biluztasun fisikoa sorrarazi baino, beste plano batzuetan biluztasuna iradoki zidan». Horretarako, gogoan zuen antzinako eszena bat berrosatu du, non narratzailearen aitonaren gauzen artean aurkitzen den emakume biluzi aurpegi gabearen misterio sentsualak tramaren oinarria diren. Alfredo Sanzolen lan batean inspiraturiko dramaturgia prestatu du Bernuesek. Sara Cozar eta Iñaki Rikarte aktore lanetan izango dira, argazkiak Juantxo Egañarenak direlarik.

Peter Seeger-i omenaldia

Bestalde, Arriaga antzokian bertan taularatuko da Loraldiaren bigarren produkzio propioa ere. Igandean, 19.00etatik aurrera, “Eutsiko diogu, Pete! The Seeger basque sessions” izeneko ikuskizun musikalaren saio bakarraren emanaldia izango da. Peter Seeger New Yorkeko folk abeslari mitikoaren omenezko kontzertu honetan, Oier Aranzabal buru duen Lou Topet taldeak kantu klasikoak berritu ditu, eta horretarako, Harkaitz Canok euskarara egokitu ditu abestiak. Musika festa honek, Aiora Renteria, Anje Duhalde, Eñaut Elorrieta, Joseba Irazoki edota Izaro musikariak antzokiko oholtza gainean bilduko ditu.