Asier AIESTARAN
Txirrindularitza

Errepidean, Movistar nagusi

UCIko epaileek bezperako garaipena kendu zioten, baina Valverdek bere legea ezarri zuen La Molinan.

Egun nahasia benetan atzokoa Kataluniako Voltan. Izan ere, goizean goiz iritsi zen jardunaldi osoa baldintzatuko zuen albistea: UCIko epaileek bezperan Rojas, Amador eta Oliveirari jarritako zigorrak baliorik gabe utzi eta minutu bateko zigorra Movistar talde osoari jartzea erabaki zuten, Jose Joaquin Rojas taldekideei bultzaka jardun zelakoan. Alegia, bigarren etapako garaipena BMCrentzat zela eta liderraren maillota Ben Hermans belgikarrarentzat.

Movistar oso haserre azaldu zen erabakiarekin prentsa ohar baten bitartez: «Salatzen den ekintza burutzen duen txirrindulariak [Rojas] ez die bultza egiten taldekideei, baizik eta beraien bizkarra ukitzen du soilik erreleboan beren lekua har dezaten abisatzeko. Lasterketaren emaitza inolaz baldintzatzen ez duen ekintza». Gainera, taldearen ustez, «erabakiak aurrekari oso arriskutsua ezartzen du, hemendik aurrera txirrindularien arteko edozein ukitu zigortu egin beharko dutelako».

Erantzun bikaina

Zalaparta horren erdian korritu zen Voltako hirugarren etapa, 188 kilometro lehen mailako hiru mendaterekin, amaierako La Molina barne, eta 4.300 metroko desnibel positiboari aurre eginez. Ohitura den legez, etapa ehiztariek saiakera egin zuten urrunetik, baina ez zuten helburua lortu. Tropelak irensten azkenak Diego Rubio (Caja Rural), Pieter Serry (Quick Step) eta Natnael Berhane (Dimension Data) izan ziren, helmugatik zortzi bat kilometrora.

La Molinako igoera ez da horren gogorra eta Sky taldeak erritmo oso bizia jarri zuen behe-behetik. Horrek zaildu egin zituen erasoak, eta Carlos Vernona (Orica) eta Marc Soler (Movistar) izan ziren alde egiten saiatu ziren bakarrenetakoak. Alberto Contadorrek ere Jarlinson Pantano ipini zuen taldea puskatzen saiatzeko, baina gainerako faboritoek ez zuten hutsik egin une horietan.

Horrenbestez, etapa azken 50 metroetan erabaki zen, eta hor Alejandro Valverdek ez du aurkaririk. Dan Martin irlandarra izan zen esprinta jaurti zuena, baina murtziarrak haren gurpila harrapatu eta arazorik gabe gainditu zuen helmugan.

Emaitza horiek eskuan Valverdek berak behar luke, berez, maillotaren jabe, baina bezperako zigorraren erruz Tejay Van Garderen estatubatuarra dago lehen postuan, Samuel Sanchez bere taldekidearekiko 41 segundoko aldearekin, eta Geraint Thomas galestarra da hirugarren 44ra. Gaurko laugarren etapa Igualadan amaituko da eta bigarren mailako mendate bat dago helmugatik 15 kilometrora.

Quick Step, Flandrian bikain

Atzo Dwars Door Vlaanderen klasiko ospetsua ere korritu zen, eta Quick Step taldeak erakustaldia eman zuen. Etxeko taldeak bi ziklista sartu zituen aurreko taldean, Yves Lampaert eta Philippe Gilbert, eta garaipena Lampaertentzat izan zen eraso egokia jota. Eta Gilbert azkarrena izan zen atzeko taldean.