GARA
BILBO

Gizarte langileek aniztasun funtzionalari loturiko kalitatezko zerbitzua nahi dute

LAB sindikatuak aniztasun funtzionalaren sektorea defendatu zuen atzo Bilbon. Dibertsitate funtzionala duten pertsonekin lanean ari diren langileek adierazi zutenez, «nahiz eta sektorea anitza den, bereizten gaituzten arazoak eta aldarrikapenak baino, elkartzen gaituzten antzekotasunak ugariagoak dira».

Elkarretaratzera bildu ziren pertsonak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako langileak ziren. Hiritargoarekiko harreman Batzordean parte hartu ahal izateko eskatzeaz gain, Aldundiari gaiari buruzko gogoeta egiteko eskatu zioten.

Aldaketak nahi dituzte

Gizarte Zerbitzuetako langileen ustez, euren lan baldintzak eta zerbitzuen kalitatea pribatizazioaren araberakoak dira. Diotenez, orain dituzten hitzarmen eta diru laguntzek ez dituzte lan baldintzak ziurtatzen. Era berean, prezio/plaza sisteman gardentasunik ez dagoela salatu zuten.

Horrek guztiak eskaintzen duten zerbitzuaren kalitateari eragiten diola diote eta hori hobetzeko aniztasun funtzionala arautzeko esparrua sor dadila eskatzen dute, baita baldintzen hobekuntza helburu izango lukeen negoziazio kolektibo batean Aldundia bitartekari izan dadila ere.