Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren ostean

Post» beste hizkuntzetan aurrizkia da eta euskarak ez du aurrizki hori erabiltzen. Izen edo izenondo askori post aurrizkia jarrita segituan ulertu daiteke zeri buruz hitz egiten ari garen. Euskarak onartu beharko luke post aurrizkia. Ohituragatik edo erraztasunagatik askotan erabiltzen dugu kaleko hizkeran post hitza. Post-modernitatea, post-punka edo post-rocka. Termino horiek arruntak dira, nahiz eta gero jendeak ez dakien zer den post-rocka (rock esperimentalarekin harremana duena).

Azken boladan sarritan entzun dugun eufemismoa da post-egia edo egia-ostea. Egiaren ostean egia baino ez dago. Baina egia-osteak gezurrak ezkutatzen ditu edo egiari sasia jartzeko baino ez du balio. Gezurretan aritzeko hitza izan daiteke, beraz, post-egia. Susmorik zuzenena da dena dela plastikozkoa. Benetako loreak plastikozkoengatik ordezkaturik ikus daitezke toki publikoetan. Gezurraren poesiak kezko hesia eraikitzen dio eguneroko bizitzari. Sistema politiko hertsatzaileen poderioz sistemek eurek eraiki dute biolentzia guztien muina, baina bikain ezkutatuta, inork ez ikusteko kudeatzailea sistema bera dela.

GARAn argitaratutako Itziar Zigaren “Sobreviviré” artikuluak erakusten du iturritik egia esatea zein garrantzitsua den, emakumeek eta beste inork ez dezaten jasan bortxa birritan. Oinarria ekintza bada, kontatu dezala historia jasan duenak, eta ez haren ordez literatura apaindu duenak. Musikaren ostean dator ekaitza.