Jon ORMAZABAL
PILOTA

«Nire finala, zapatukoa»

Lehen mailan jokatzea lortzeko erakusleihorik onena Labriteko partida dela uste du Erik Jaka lizartzarrak.

Apirilaren 9ko Binakako Txapelketako finalera begira, partida erabakigarria gerta daiteke larunbatean Bengoetxea VI.a-Larunbe eta Jaka-Zabaletak Labriten jokatu beharrekoa. Gerta daiteke egun horretan dena erabakita geratzea, eta Irribaria-Rezusta eta Olaizola II.a-Untoria sailkatua egotea igandeko partida jokatu gabe; gerta liteke Bengoetxea V.a-Larunbe bere enpresakideak hurrengo egunean galtzearen zain geratzea; eta aukera oso urrunekoa den arren, aurkariak 11 tantoz azpitik utzita, Elezkanok eta Zabaletak ere izango lituzkete finalean egoteko euren aukerak.

Zenbaki eta aukera nahasmen honetan, Erik Jaka lizartzarrari protagonista izatea tokatu zaio, berak jokatu beharko du-eta eskua minduta dagoen Zaratamoko aurrelariaren ordez. Hori bai, pilotariak ondo daki, edozer gerta ere, bere ibilbidea Labriten amaitzen dela, araudiari jarraiki ez baitauka finalean jokatzerik, txapelketan ordezko gisa sartu delako. «Nik ez dut finalean pentsatzen, ordezkoa naiz eta hutsune bat betetzera nator, niretzat finala zapatukoa da, eta punto», azaldu zuen. «Legeak zerbaitetarako daude, horrela jarrita badaude, enpresek eta ligak jakingo dute zergatik».

Lekua irabazi behar

Pilotariak beti du irabazteko eta enpresakideei laguntzeko asmoa, baina pertsonalki ere oso lehia garrantzitsua da Erik Jakarentzat. Ez da ausartzen bere ibilbideko lehiarik garrantzitsuena dela esaten, baina bai «garrantzitsuenetako bat» dela. «Azkenean, partida guztietan dago nire postua jokoan eta horrelaxe lortu dut hemen egotea, partida guztietan dena emanaz eta gauzak ondo eginaz. Lehen mailako ate horretan nagoela jakinda, nire postua irabazi beharra daukat», azaldu zuen Promozio mailan lau eta erdiko eta binakako txapelak irabazi dituen aurrelari ikusgarriak.

Badaki inork ez diola ezer oparituko eta aukerak aprobetxatu beharra daukala. «Azkenean, hau etengabeko erakusleiho bat da eta lehen mailako pilotari hauekin jokatzeko ez dut aukera gehiegirik izan. Nik uste dut aurtengo txapelketan hiru partida jokatu eta hirurak nahiko maila txukunean jokatu ditudala», azaldu zuen.

Momentuz horretan ari dela ematen du, enpresak halako partida garrantzitsu baterako hautatu izana garrantzitsua da-eta. «Poz ikaragarria da, egunero gabiltza lanean eskailerak igotzen joateko eta ematen du azkenaldian egiten ari garen lan honek bere fruituak badakartzala», adierazi zuen.

Partidari dagokionez, «finala baino zailagoa» izango dela uste du, «irabaztearekin ez digu-eta balio». Baina gauzak ahalik eta hobekien egitea besterik ez du buruan. «Ea zorte apur batekin irabazterik dugun eta zorte askorekin finalean sartzen diren».

Materialari dagokionez, ez zen arazorik izan, baina Jakari gehiago gustatu zitzaizkion aurkariek aukeratutako irteera gutxixeagoko pilotak. «Nire jokoarentzat hobeak dira, baina gure bikoteko zama Jose Javierrek eraman behar du. Bikote bezala funtsezkoa da bera eroso sentitzea eta berak agintzea. Hala bada, pilota batzuekin edo besteekin aukerak izango ditut».

 

Oinatzek kolpe bat du behatzean

Ez dirudi larunbatean jokatzea galaraziko dionik, baina aurreko asteko partidan jauzi bat ematerakoan eskuin oineko behatz lodian hartutako kolpe batek lanak eman dizkio Oinatz Bengoetxeari azken egunetan. Egindako proba medikoetan, ordea, sendagileek ikusi dute ez dagoela hautsirik eta eman dioten tratamendua bere lana egiten ari denez, Labriteko partidarako %100ean egotea espero du.

Lehiari dagokionez, «ohiko finalerdi bat balitz bezala hartu behar dugu, nahiz eta jakin irabaztearekin ez dela nahikoa». Elezkanoren ordez Erik Jaka izango da baina, «honek ez ditu gauzak gehiegi aldatzen. Erik maila oso onean jokatzen ari da azkenaldian, batez ere errematean. Gantxoarekin min handia egiten du, gorantz datorren pilotaria da eta gainera Jose Javierrekin arituko da, momentuko atzelaririk onenetako batekin. Eta bere frontoian, Labriten jokatzen ditu partidarik onenak. Onena eman ezean lasai asko gal dezakegu».J.O.