GARA
DONOSTIA

Txillardegiren obra osoa digitalizatu eta kontsultagai jarri du «Jakin»-ek

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren obra digitalizatu du “Jakin”-ek Gipuzkoako Aldundiaren Kultura sailarekin lankidetzarekin.

Soziolinguista, idazle eta pentsalari donostiarraren obra osoaren digitalizazio prozesuak hiru urteko lana behar izan du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailak eta Jakin Fundazioak sinatutako hitzarmenaren babesean egin ahal izan da.

Beraz, lan hau burututa, Txillardegiren obra osoa herritarren eskura geratzen da ezagutua, zabaldua, kontsultatua eta ikertua izan dadin.

Txillardegik, bizi zen artean, 55 urtetan zehar argitaratu zuen: lehen argitalpena 1956koa da, eta azkena 2011koa. Guztira, argitaratutako 1.634 idazlan katalogatu dira.

Horietatik liburuak 40 dira eta artikuluak 1.352. Gaitegia zabala du oso: euskara, soziolinguistika, hizkuntza minorizatuak, euskalgintza, hezkuntza, nazio arazoa, sozialismoa, existentzialismoa eta beste.

Obra oparoa du, bai kantitatez eta bai gaitegiz. Berak idatziaz gainera, bere gainean idatzitakoak, hari egindako elkarrizketak eta bere liburuen erreseinak ere digitalizatuta geratu dira. «Guztira, 1.984 idazlan eta 23.591 orrialde daude digitalizatuta. Digitalizazio lanak testuen (liburu, artikulu, iruzkin, eskuizkribu, elkarrizketa...) ezagutza, arakatzea, identifikazioa, bilatzea, lortzea, digitalizatzea, txukundu eta zuzentzea, eta tesauro propio baten araberako bilatzaile berariazko eta eraginkor batekin hornitzea suposatzen du», nabarmendu dute Aldundiko ordezkariek.