GARA
SANA

Saudi Arabiak esku hartu zuenetik bi urte pasatuta, gerra nagusi Yemenen

Gobernuaren eta matxinoen arteko borrokak, jihadismoa hazten, Al Qaedaren aurkako AEBen erasoak, gosetea... Inoiz baino okerrago dago Yemen, Saudi Arabiak esku hartu zuenetik bi urte pasatu ondoren.

Datorren igandean beteko dira bi urte Saudi Arabiak zuzendutako koalizio militarra Yemengo matxino huthien aurkako gerran esku hartzen hasi zenetik eta ezin esan egoerak hobera egin duenik.

Gainera, ez da inolako konponbiderik ikusten, heriotzak eta atentatuak etengabe gertatzen baitira. Erabat gaiztotutako egoera horretan Al Qaeda asko indartu eta AEBek, saudiarabiarren aliatuek, gatazkan gehiago konprometitzea erabaki zuten.

«Gerra nahaste-borraste bat bihurtu da», adierazi du Peter Salisbury Londresen egoitza duen Chatham House zentroko ikertzaileak. Adituari asko kostatzen zaio Yemenek estatu moduan jarraitzerik izango duela imajinatzea ere.

Gerrak bukatzeko itxurarik ez du. Alde batetik, Yemengo Gobernua eta berarekin bat egin duten talde armatuak daude, arabiar koalizio militarrak eskaintzen dien laguntzarekin. Beste aldean, Iranen sostengua duten talde xiita huthiak eta beren aliatuak.

Begiraleek diote Gobernuaren aldeko indarren arteko tentsioa gero eta jasangaitzagoa dela eta ez dute baztertzen horien artean ere gatazka sortzea. Baita gerra zibila bukatuko balitz ere.

Gerrak berak eta herrialdeak jasan duen krisi humanitario larriak eragin zuten Gobernuak porrot egitea, segurtasuna ere desagertu zen moduan. Adam Baron European Council on Foreign Relations etxeko ikertzailearen iritziz, zibilak dira biktima nagusiak. Nazio Batuek esan berria dute azken hamarkadotako «krisi humanitariorik larriena» bizi duela Yemenek.

Gatazkak dagoeneko 7.000 hildako (10.000, iturri batzuen arabera), 42.500 zauritu eta hiru milioi iheslari eragin ditu. Porrot egin dute urteotan adostutako zazpi su-etenek, nahiz eta NBEk eta AEBek bultzatu.

 

«Trump gerran gehiago sartzen bada, gatazka gaiztotuko da»

Joost Hiltermann eta April Longley Alley International Crisis Groupeko analistek idatzi dute AEBetako presidente berriak erabaki zuela Al Qaedaren aurkako eraso gehiago egitea, Irani hortzak erakusteko asmoz. Teherango agintariak beldurtu nahian, orain erabaki dezake saudiarabiarrek zuzendutako koalizioari gehiago laguntzea, baina hori akats larria litzateke aipatu adituen iritziz: «Trump gerran gehiago sartzen bada, gatazka gaiztotu egin daiteke».

«Beharrezko gerra bat da», adierazi du Mustafa Alani Gulf Research Center etxeko kontseilariak. Bere ustez, Iranek arabiar penintsula inguratu nahi du eta dagoeneko eragin handia du Saudi Arabiaren iparraldean, Iraken, Sirian eta Libanon. Beraz, Alaniren hitzetan, «Golkoko monarkiak beren burua babesten ari dira».

Saudi Arabiak zuzendutako koalizioak ez du lortu nahi zuena: matxinoek oraindik misilak jaurtitzen dizkiote mugaren ondoko lurraldeetara, biktimak eraginez. Gainera, Riadek egiten dituen bonbardaketek yemendarrak aurka jartzea baino ez dute lortu.GARA