Idoia ERASO
BAIONA

Armagabetzearen aurretik, presoen aldeko aldarria egin du Baionak

Larriki eri diren presoen eta zigor luzeak dituztenen aldeko manifestazioa egin zuen atzo Bagoaz kolektiboak Baionako karriketan. 2.000 pertsona elkartu ziren muturreko egoeran diren presoak askatzeko aldarria Estatu frantsesari helarazteko. Bake prozesuan aurrera egiteko bidean apirilaren 8an Lapurdiko hiriburuan izango den ETAren armagabetze ekimenak atzoko martxa itxaropenez bete zuen, eta era batera edo bestera oso present izan zen.

Bost presoren izenak izan ziren atzo protagonista: larri gaixorik Parisen daukaten Oier Gomez gasteiztarra, eta zigor luzeak dituzten Frederik Haramburu, Jakes Esnal, Ion Parot eta Unai Parot. Beste protagonista bakearen artisauen desmartxak sortutako itxaropena izan zen. Baionako karriketan bi aste barru gertatuko denaren jakin-mina eta esperantza erraz sumatzen ziren, antolatzaileen hitz-hartzean bezala, laguntzaileak bilatzeko banatutako orrietan, eta bereziki, jendearen elkarrizketetan.

Muturreko egoeran dauden bost preso hauen eskubideen defentsan, beraien familiako kide eta lagunekin batera, gizartearen babesa ere argia izan zen. Gizarte zibileko milaka pertsonarekin batera, eremu politikoan eragiten saiatzen ari diren pertsonaiak ere bertaratu ziren.

Aste honetan Oier Gomez bisitatzen Pariseko Pitie-Salpetriere ospitalean egon den Sylviane Alaux diputatu sozialista pankarta atzean izan zen Carlos Gomez presoaren aitarekin batera. Parlamentaria Cecile Duflot Berdeen alderdiko ministro ohiarekin joan zen. «Ikustera joateko momentua zen; bereziki, jarraipena egiten dioten medikuekin hitz egiteko», baieztatu zuen Alauxek. Bisitari buruz hauxe gaineratu zuen: «Frantziak bere legeak bete beharko lituzke preso eriei dagokienez. Mediku taldeak esan, idatzi eta konfirmatzen du bere osasun egoera eta daukan tratamendua presondegiarekin bateraezinak direla. Epaitegiak bere aditua bidali du eta heldu den egunetan bere iritzia emango du».

Bai Alauxek bai Carlos Gomezek nabarmendu zuten Oierrek daukan indar handia, baina haren egoeraren larritasunaz ohartarazi zuten. Gurasoak, gainera, bere semeari laguntzeko eta orokorrean eri diren beste presoen eskubideak aldarrikatzeko gizartean izaten ari den mobilizazioa azpimarratu zuen.

Bestalde, Esnalek eta Haranburuk François Hollanderi eskatu dioten zigor-kommutazioaren desmartxan parte hartu duten politikariak ere bertaratu ziren. Mikel Epalza apaizarekin batera hainbat auzapez ohi, Ezpeletako Andre Darraidou eta Senpereko Christine Bessonart eta Battitta Sallaberry egon ziren. Bessonartek adierazi zuenez, «egoera jabaltzen ari den momentu honetan, beraien aukera eman behar zaie. Aski da, gizagabekeria da».

Sallaberry presoen abokatuarekin eta Epalzarekin batera joan zen Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefeta ikustera kommutazioa eskatzeko. Momentu horri buruz hauxe baieztatu zuen atzo: «Oso ongi hartu gintuen, galderak egin zizkigun eta entzun egin zuen. Egun berean igorri zuen txostena Parisera, eta uste dugu eskaera betetzea posible dela». Giroarekin bat egiten zuten hitzak ere izan zituen: «Gero eta gehiago gara, eta agian gauzak mugituko dira, hori da gure esperantza».

Anitz eta joera anitzekoak ziren atzo bildutakoak. Mertxe Colina, Daniel Olzomendi, Jakes Bortayrou, Rufi Etxeberria eta Xabi Larralde abertzaleekin, Berdeen alderdiko Alice Leiçiagueçahar eta Sophie Buissiere edo Ensembleko Sege Nogues izan ziren, besteak beste.

NPA alderdi antikapitalistako presidentegaia den Philippe Poutou ere han izan zen: «Presidentzialetarako hautagai bezala nire sostengu osoa ekarri nahi diot euskal presoen eskubideen gaiari; eta, bereziki, muturreko egoeran dauden presoekin, gu berehalako askatasunaren alde gaude, bai arazo humanitarioengatik eta bai momentu batean konponbide politikoak atzeman behar direlako».

Bakearen artisauak

Manifestazioaren bukaeran, Bagoazeko Emili Martinek eta Jean-Claude Iribarren mediku ohiak hitza hartu zuten: «Azken egunetako berriek esperantza berri bat sortzen dute Euskal Herrian (...) Apirilaren 8a denen eguna da, bakearen eguna, preso eta iheslarien eguna, biktima guztien eguna!».

Presidentzialetarako hilabete eskas falta den honetan armagabetzearen eremuan bezala, preso eta iheslarien eremuan ere arduratsu jokatzeko eskatu zioten Hollanderi, eta «ekintza azkar» bat egitera deitu zuten.

Apirilaren 8ko antolaketan laguntzeko eskaera orriak banatu zituzten martxan, eta bukaeran gune berezi bat ezarri zuten, izena emateko. Eskariak harrera ona izan zuen, jendea laguntza eskaintzera hurbildu baitzen. Hurrengo astetik aurrera, Internet bidez izena emateko aukera ere egongo da antolakuntzan parte hartzeko.