Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
SURFING

Kantauri Surf Liga 2017: Orain arte zarauztarrak nagusi

Joan den martxoaren 11n egin zen aurreneko saioa eta ordutik hiru asteburuz jarraian lehian izan dira Bizkaiko nahiz Gipuzkoako taldeak. Gaur egun, zarauztarrak dira nagusi ranking orokorrean, baina oraindik bide luzea geratzen da urtea amaitu artean.

2017ko Kantauri Surf Liga hasi da. Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen duen taldekako lehiaketan bost talde ari dira lehian aurten, bi bizkaitar eta hiru gipuzkoar.

Lehen saioa

Aurtengo Kantauri Surf Ligako lehen saioa martxoaren 11n egin zuten Barinatxan (Bizkaia). Getxo Surf Taldea eta Lekeitioko Artzabal surf elkarteko lagunak buruz buru aritu ziren lehian. Olatu narrasak izan ziren, neguko olatuak, baina ariketak egiteko aukera eskaintzen zuten eta surflariek eginahalak egin zituzten ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Azkenean Lekeitiokoak nagusitu ziren.

Biharamunean, Donostiako Patris taldeko kideak Zarautzen izan ziren bertako surf elkarteko taldearen kontra aritzeko. Kasu honetan ere, mendebaldeko haizeak itsasoa harrotu zuen eta olatu kaskarrak izan ziren. Zarauztarrak izan ziren puntu gehien bildu zituztenak.

Bigarren saioa

Bigarren asteburuan eguzkia lagun izan bazuten ere, neguko olatuak gailendu ziren, ipar haizeak orraztutako metro inguruko olatu baldarrak. Uretatik atera ostean bertako taldeak aurkariei eskaintzen dien hamaiketakoa egiteko, ordea, giro bikaina izan zen.

Karraspio hondartzan (Mendexa), zarauztarren kontra aritu ziren Artzabal surf elkarteko kideak, baina ezin izan zuten etxean irabazi; hala ere, lehiaz harago une gozo bat pasatzeko parada ezin hobea izan zuten bi taldeetako kideek.

Asteburu berean Patris surf elkartea eta Zurriola Surf Eskola batu ziren Donostiako hondartzan. Bi taldeak bertakoak izaki, elkar ongi ezagutzen dute eta, horrenbestez, norgehiagoka gogorra izan zuten. Azkenean Zurriola Surf Eskolako kideak gailendu ziren.

Hirugarren saioa

Asteburu polita izan da azkenengoa. Udaberriko eguraldia eta udazkeneko olatuak. Metro bateko olatuei forma ederra ematen zien hego haizea batetik, baina giro hotza bestetik. Negua aspaldi amaitu ez den seinale.

Getxo Surf Taldeko kideek Zarautza joan behar izan zuten. Bertako taldearekin izandako lehia gogorra izan zen, eta horren adierazle garbia azken emaitza izan zen; izan ere, zarauztarrek irabaztea lortu bazuten ere, puntu bakarra atera zioten Bizkaiko taldeari.

Artzabal taldeak ere Gipuzkoa aldera bidaiatu zuen. Donostian, Zurriola Surf Eskolako lagunak zain zituzten, lehiarako prest, eta azken hauek nagusitu ziren. Hala ere, Zurriolan ere olatu politak izan ziren eta lehiakide guztiek gozatu ahal izan zuten itsasoak eskainitako opari ederraz.

Udaberri eta udazken

Gauzak horrela, egun zarauztarrak dira ranking orokorrean buru. Horien atzetik, Zurriolako taldea dago, bigarren postuan, eta hirugarren lekua Artzabal elkarteko kideena da. Laugarren eta bosgarren postuan, Getxoko Surf Taldea eta Patris Surf Elkartea daude. Kontuan hartu behar da azken bi talde hauek ez dituztela orain arteko saio guztiak egin, atsedenaldi asteburuak izan baitituzte.

Aurtengo denboraldia bi zatitan banatuko da. Udaberrikoa Aste Santuko oporrak arte luzatuko da; beraz azken saioa, apirilaren 8an egingo da. Horren ostean, udazkeneko itsaskien zain, eten luze bat izango da, eta azken saioak urrian eta azaroan egingo dira.

Taldekako lehia

Lehiaketa formatu bitxia da taldekakoa. Bakoitzak hamabi partaide ditu, sei lehiakide, hiru epaile eta hiru ordezko. Txapelketak irauten duen 90 minutuetan lehiakide guztiek egin dezakete surf, baina epaileek soilik likra daraman surflariaren olatua puntuatzen dute.

Talde bakoitzak likra bat du, eta kide bakoitzak, gehienez, hiru olatu hartu ahal izango ditu likrarekin. Hiru olatu horietatik puntuazio altuena jaso duten bi olatuak hartuko dira aintzat.

Taldeko, sei lehiakide izaten dira uretan, eta hiru kategoria bereiz daitezke talde bakoitzean: neskak, 16 urte azpikoak eta gainerakoak. Kategoriako bi ordezkari izango dira. Horrela, kategoria bakoitzean olatu bikoitza egiteko aukera dago; horretarako lehiakideak olatu on bat egin ostean besoak jaso beharko ditu, epaileek puntuazioa bikoiztu behar dutela jakin dezaten.

Talderen batek hiru kategorietako ordezkariak ez baditu, berdin-berdin parte har dezake, baina soilik dituen kategorien araberako puntuazio bikoitza jaso ahal izango du. Alegia, kategoriak ordezkaezinak dira.